Aldamenean dute, «etxeetan sartuta». Cuerdas (Kordak; Estibaliz Urresola, 2022) film laburreko protagonistak sukaldeko leihoa zabaltzen duenean, lehen eszenan, parez pare agertzen zaio Petronorren findegi erraldoia, Muskizen (Bizkaia). Eta lanak dituen 30 minutuetan, hor dago beti: hondoan dute kaleko solasaldietan, eta autobusaren geralekuko beiran islatzen dira haren argiak. Saihetsezin. Begoña Suarez Ereño (Muskiz, 1931) Meatzaldea Bizirik plataformako presidenteak antzeztu du protagonista: Cuerdas fikzioa da; Suarez Ereñoren bizipenak, ordea, ez.
Gogoan duzu Petronor aurreko Muskiz?
Petronor dagoen lekua, hori dena padura bat zen. Ahateak zeuden, jendea ehizan joaten zen... Muñatones gaztelutik Muskizeraino kamino luzea zegoen; hor paseatzen nintzen seme-alabekin.
Findegia 1972an jarri zuten.
25 urterako baimena zuten, baina gero luzatu egin zioten. Legez, ezin zitekeen, baina lege bat atera zuten luzatu ahal izateko. Egin duten guztia legez kanpokoa da.
Hasieratik?
Bai. Zati bat erosi egin zuten, eta beste bat desjabetu. Herria bereganatu dute.
Proiektua egiten hasi zirenean, nola hartu zenuten?
Garai hartan ia ez genion garrantzirik eman, ez baikenekien zer zen. Baina findegietan aditua zen batek esan zigun: «Ez dakizue zer datorkizuen. Aurka egin». Berak ondo zekien. Findegia ezkutuan eraiki zuten —orain, poligono bat egiten ari dira Abanton [Bizkaia], eta berdin dabiltza—. Protesta egin genuen: adibidez, hondartzan manifestazio bat egin genuen. Eta koke plantaren aurka are gogorrago protestatu genuen, baina azkenean ipini egin zuten [2013an]. Orain dela urte batzuk, Petronorren kontrako epaiketa bat izan zen: irabazi genuen, findegia bota beharko lukete, baina aitzakiak jartzen ari dira. Preskribatu duenez, geratuko da. 200 milioi euroko isuna jarri zioten, eta 60 milioitan utzi diote.
Zer arazo ekarri ditu?
Egun batzuetan, usain txarra dago. Baina egokitu egiten zara. Trenean etortzen nintzenean, adibidez, usaina hartzen nuen. Eta ni oso txarra naiz usainak hartzen. Esan zuten Asturiasen [Espainia] hondoratu zen berdel itsasontzi batek eragiten zuela. Eta usaina honaino hel daiteke? Nork sinistuko du hori? Baina sinetsarazi egiten dizute.
Cuerdas-en hasieran, ikusten da nola jasotzen duzun kedarra etxeko leihotik.
Nire etxean grabatuta dago, baina, kasu horretan, fikzioa da, honaino ez baita hainbeste kedar heltzen, normalean. Baina beste etxe batzuetara, bai. Ebaki behar izan ditugu limoiondoak eta udareondoak, belztuta zeudelako. [Itsasadarraren] Eskuinaldean ere igartzen hasiak dira. Baina dena dago ondo: panelen arabera, airearen kalitatea bikaina da, nahiz eta arnasarik ezin hartu.
Halakorik bizi izan duzu zuk?
Nik ez dut igarri, baina ez nago ni bakarrik. Nik ez igartzeak ez du esan nahi gertatzen ez denik. Gogoan dut ama eta biok etxeko balkoian egoten ginela, eta berari bronkioak ixten zitzaizkion, usainagatik, kedarragatik... Minbizia edonon dago, ezta? Findegia izan edo ez; beste enpresa batzuk ere badaude... Baina hemengoa izugarria da. Begira non daukagun: etxean sartuta.
Muskizen, minbiziaren intzidentzia handiagoa da?
Bai. Meatzaldea Bizirik-en ginekologo bat dago [Sara Ibañez], eta hark malformazio mordo bat ikusi ditu. Baina ezin denez frogatu findegiarekin duen lotura, ez diote garrantzirik ematen. Findegiko langileen minbizi kasuak egon dira: dirua eman diete, eta salaketa kendu dute.
Petronor baino lehen, Muskizko jendea zertaz bizi zen?
Meategiak zeuden, fabrikak... Herriko %10ek egiten dute behar Petronorren; findegia ez da dena. Langile gehienak kanpokoak dira; ez dira hemen bizi. Baina irrikaz daude han sartzeko. Logikoa ikusten dut: jan beharko dute, ez? Baina ez da pagotxa.
Filmean, eszena askotan agertzen da tximiniaren bat, edo findegia ikusten da hondoan; etengabeko presentzia bat balitz bezala. Zuen bizitzan ere hala da?
Bai, bai. Eta, batzuetan, tximinietatik sua irteten ikusten da. Inoiz gaueko zaratak esnatu izan nau. Pun, pun. Hainbat aldiz deitu dut 112ra, eztandaren bat gertatuko zen beldurrez.
Ohikoa da hori?
Lantegi bat martxan jartzen dutenean, bai. Eta behe lainoa dagoenean, zaborra botatzeko aprobetxatzen dute.
Bizitza baldintzatu dizu?
Bai, noski. Nahi eta nahi ez, findegia ikusi behar duzu. Lehen zegoen bezala utzi beharko lukete dena, hori eskatzen dugu, baina urte asko beharko lirateke.
Filmean ikusten da koruko emakume batzuek baietz esaten diotela Petronorren laguntzari, nahiz eta badakiten kaltegarria dela. Ulertzen duzu jarrera hori?
Hori erreala da, hemengo talde askotan gertatzen da: Petronorrek diruz laguntzen ditu kirol eta kultur taldeak. Txanpon gutxiren truke erosten gaituzte. Ni bi korutan egon naiz. Batean, Pobeñako elizan argazkiak atera nahi izan zituzten Petronorren egutegirako. Nik ez nuen egin nahi, baina koruagatik, egin nuen; behin, ez gehiago. Egutegia heltzen denean, birziklatzera botatzen dut, eta udalarena ere bai.
Eroskeria moduan erabiltzen dituzte laguntzak?
Las Carrerasen [Abantoko auzo bat, Bizkaia] hau gertatu zen: koke planta baino lehen, zentral termiko bat jarri nahi izan zuten, herrira itsatsita; aurkakotasun handia egon zen. Bada, zentralaren kontrako manifestua sinatu zuten talde kulturalak Petronorren diru laguntzarik gabe geratu ziren.
Herritik alde egitea pentsatu duzu inoiz?
Joango nintzateke. Eta hemen jaioa naiz. Baina, ahal izan banu, alde egingo nukeen. Ze lehen herri osasuntsua zen, eta jada ez da. Itsasora isuriak botatzen dituzte; dagoeneko ezin dituzu angulak arrantzatu; mugatuta dago.
Meatzaldea Bizirik elkartearen ibilbideari lotuta, aurkakotasuna areagotu egin da?
Orain ez dira egiten lehen adina manifestazio. Asko lan egin izan da, eta asko lan egiten da, baina gehiago epaitegietan. Garaiaren araberakoa izaten da: koke plantarekin, aurkakotasuna handitu egin zen.
Zein da zure egitekoa?
Sinatu egiten dut. Esan izan didate, txantxetan: «Egunen batean, kartzelan sartuko zaituzte». Adin honekin, ez dut uste. Martuteneko kartzelan egon ginen filma estreinatzen, eta esaten nuen: «Bidea lautzen ari zaizkit» [barre].
Beldurrik izan duzu inoiz? Ez kartzelarena, baina agian bai ondorioren batena.
Ez, ez. Ez daukat beldurrik.
Belaunaldi berriek zer iritzi dute Petronorrez?
Hori da gakoa: behar egin nahi dute han. Baina Meatzaldea Bizirik ez da inoiz joan beharginen kontra. Kontrara, langileek onurak izan ditzaten borrokatu gara, eta eskertu izan digute. Petronor denentzat baita txarra.
Elkartean, aurpegi ezagunenak andreak zarete...
Tira, denetarik egon da. Askok utzi egin dute seme-alabengatik, bilobengatik... Lehen, Algortako [Bizkaia] mutil bat etortzen zen, asko zekiena, baina lana dela eta, utzi egin zuen.
Muskiztik kanpo ere interesa egon da, beraz?
Bai. Hasieran, eskualdeko jende askok hartu zuen parte elkartean, talde ekologistek...
Zu beranduago sartu zinen?
Bai, eta presidente izendatu ninduten. Ohorezko presidente [barre]. Seme-alabak gazteak zirenean, joaten nintzen bileraren batera; ez naiz sartu izan inoiz halako kontuetan, baina joaten hasi nintzen, harrapatu ninduen, eta geratu egin nintzen.
Kostatu zitzaizun presidentetza hartzea?
Ez, ez. Hor egoten naiz lehen lerroan: ez dut inolako erreparorik.
Hasieran ez zenuen filmean parte hartzeko asmorik.
Esan nion [Urresolari] ni ez sartzeko halako gauzetan, ez zaidalako protagonismoa gustatzen. Jar nintzatela bigarren lerroan. Baietz esan behar izan nuen, asko tematu zirelako. Esaten nion Estiri: «Zuk zer ikusi duzu nigan hainbeste konfiantza izateko?». Eta berak: «Intuizio bat izan nuen» [barre].
Nolakoa izan zen lana?
Etxean, bazkari eta kafe artean gidoia irakurtzen genuen. Esaten zidan gidoiari ez jarraitzeko. Baina erraza izan zen, nigan konfiantza zuelako. Batzuetan, gidoia asmatzen nuen; uste nuen gero zati horiek ebaki egingo zituztela, baina utzi egin dituzte. Batzuetan, neure buruari galdetzen diot: «Zuk merezi duzu hori?». Edo: «Begoña, nolatan esan diezu baietz, zu ez bazara inor?». Lotsa ematen dit aktore deitzen didatenean. Baina badakit ondo atera dela, ze bestela ez zuen edukiko hainbesteko oihartzunik.
Nolakoa izan zen zeure burua ikustea?
Oraindik, filma ikusten dut eta burua makurtzen dut batzuetan, lotsa apur bat ematen baitit. Ohitzen hasi naiz; bi urteko karrera daramat-eta [2021ean hasi zen filmatzen Cuerdas].
Zinemaldi askotan egon zara, eta Cuerdas-ek eta zuk zeuk hainbat sari eta aitortza jaso dituzue. Agian, denetatik Cannes (Frantzia) izan da bereziena?
Cannesek ireki zizkigun ateak. Eta gero Portugalera joan ginen, Avilesera, Arnedora, Murtziara, Albacetera... [Espainia]; Forque sarietan egon ginen, Valentzian [Herrialde katalanak]; Mexikon, Montpellierren [Okzitania]... Inoiz ez nukeen amestuko.
Filmean, koruko emakume batek hau esaten du, uko egiten dionean Petronorren diru laguntzari: «Ez dugu kutsadura bukaraziko, baina kontzientzia lasai izango dugu». Horrek kontsolatzen zaituzte?
Bai. Kutsatzen jarraituko dute, eta borrokan jarraituko dugu. Inoiz ez gara errendituko. Niri orain esaten badidate manifestazio batera joan behar dudala, edo zerbait sinatu behar dudala, edo epaiketa batera joan, ni prest.
Begoña Suarez Ereño. Meatzaldea Bizirik plataformako presidentea
«Herritik alde egingo nuke: Petronor jarri zutenetik, Muskiz ez da osasuntsua»
Findegiak bizitza baldintzatu dio Suarez Ereñori, parean baitu: jasaten ditu usain txarra, kedarra, gauetako zarata eta sua; eta kontatu izan dizkiote minbizi eta malformazio kasuak. Haren bizipenen lagin bat ageri da 'Cuerdas' film laburrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu