Herritarren bestak eraikitzen

Gaur arratsean hasiko dira Baionako bestak, hiriko hiru gakoak botatzearekin batera.Herriko etxearen egitarauaz gain, hamaika ekitaldi prestatu dituzte eragileek, besta herritarragoa izan dadin

Aste osoan irekiko dituzte txosnak aurten. Irudian, hainbat gazte txosnagunea muntatzen, atzo. MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Gauez hasi ohi dira Baionako bestak. Asteazkenarekin, arratseko 22:00ak irian, herriko etxeko balkoitik hiru gako botatzen dituztekanpotik etorritako jendetzaren artera. Hiriko hiru auzo historikoei erreferentzia egiten dieten giltzak dira: Baiona Ttipia, Baiona Handia eta San Izpiritu auzoenak. Herritarrak, ordea, ez dira herriko etxearen zain geldituko bestaren zurrunbiloan murgiltzeko. Beren kabuz aurkitu baitute gakoa, urterik urte garatzen ari direna: besta euskaldun, parekide eta parte hartzaileena.

Txosnak dira horren adibideetako bat: iaz asteburuan bakarrik ezarri zituzten, eta, Patxa plazako guneak arrakasta lortu zuela ikusita, egunero zabalduko dituzte aurten, 12:00etan. Egitarau zabala prestatu dute horren inguruan, gainera. Gaur, erraterako, Karrika Kurri poteoa eginen dute, musika eta joaldunak lagun, eta 19:00etarako zabalduko dituzte txosnak, txupinazo, pintxo dastaketa, hitzartze eta guzi. Ondoko egunetan bazkariak, bertso saioak eta kontzertuak eskainiko dituzte: Xutik, Skakeitan eta Norte Apache, bertzeak bertze.

Patxa plazaren ondoan, bertze puntu interesgarri bat: Patxoki, Bizi mugimendu ekologistak hartuko duen lokala. Sentsibilizaziorako baliatu nahi dute lekua, eta, hortaz, goizero biltzeko ordua ezarri dute Tonneliers karrikako 28.ean, afixa kolaketarako. Bertzeak bertze, Alternatiba itzuliaren berri eman nahi dute, baita urriaren 11n Donibane Garazin eginen duten Alternatiben Herrixka iragarri ere. 12:00etan, euskal kantuak eta ogitartekoak eskainiko dituzte, eta, bi gauetan, kontzertuak: ostegunean, Sister Simone and the Holly Balls, eta larunbatean, Los Cojonudos.

Tokikoa sustatzen

Ekitaldi garrantzitsua izaten dira Baionako bestak ostalarientzat, diru anitz xahutzen baitu jendeak ostatuetako jan-edanetan. Parada hori baliatu nahiko luke Eusko elkarteak ere, eta, hortaz, bestetan euskal moneta erabiltzeko deia egin dute. Patxokin bertan ezarriko dute euskoen aldagunea, eta txanpona erabiltzen ahal den lekuen zerrenda emanen dute afixetan: badira 50 ostatu baino gehiago, ikastolen ostatuak eta txosnak barne.

Baina tokiko txanpona bakarrik ez: tokiko janariaz ere gozatzen ahalko da. Horretarako, hirugarren urtez segidan Ipar Euskal Herriko ELB sindikatuak Laborarien Xokoa ezarri du Xaho Pelletier kaian. Inguruko nekazariek ekoitzitako lehengaiekin osatutako platerak eskainiko dituzte han, hirurehun laguntzaile eta laborariren laguntzarekin.

Idoki etxe ekoizleen elkarteak ere izanen du presentzia, Haurren Egunean bazkaria zerbitzatuko baitiete umeei. Etxeko taloak eta burgerrak, entsaladak, barazkiak, baita matahami, izozki eta jogurtak ere, «prezio duinean». Produktu bakoitza zein etxaldetatik ekarri duten jakiten ahalko dute. Jolas bat ere proposatuko diete haurrei, laborantza eta janaria lot ditzaten.

Euskal kantu eta dantzek urteurrena ospatzeko aukera izanen dute aurten. Izan ere, badira hamar urte dagoeneko Karrikaldia egiten hasi zirela, hogei Kantaleon liburuxka atera zutela, eta Dantzazazpi egiten hasi zirela, berriz, 25. Aurten ere Jacques Portes plazan eginen dute Karrikaldia, ostegunetik igandera, 16:30ean.

Karrikaldiaz gain, besten hastapena ere kantuz eginen dute. Izan ere, hilabetean behin Baionako karriketan gaindi aritzen den Baionan Kantuz taldea herriko etxeko balkoian izanen da gaur arratsean, publikoari kanturako gomita eginez. Abestien hitzak ez dakizkitenentzat aplikazio bat sortu dute, BaiKanta deitutakoa: jada eskuragarri dago iPhone eta Androidentzat.

Udalak, «segurtasuna»

Herriko etxeak prestaturiko egitarauan, zezenketak, betizuak eta musika dira nagusi. Segurtasun kanpainak ere ezarri dituzte abian. Hiriko edozein puntutan ikus daitezke, adibidez, alkohola eta autoa ez uztartzeko edota ibaira salto egitea arriskutsua dela esateko afixak. Badira bertzelakoak ere: lorategiak, adibidez, hesiz inguratu dituzte, eta kamerak ezarri dituzte hiriko leku ugaritan, normalean egoten direnak baino gehiago.

Eraso sexisten aurka, aldiz, deus berririk ez. Kanpaina berrituko zutela errana zuten zinegotziek, baina badira hainbat urte kartel bera erabiltzen dutela: «Bortxaketa krimena da» dioena. PAF talde feministak eman dio horri alternatiba: erasoen aurkako kanpaina eta egitarau feminista prestatu dituzte. Ostiralean poteoa eginen dute, adibidez. Eta horren osagarri, LGTB kolektiboarena: Jacques Lafitte karrikako Txalaparta lokalean animazioak eskainiko dituzte gauero, eta igandean, bestalde, flashmob-a egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.