Herritarren adorea gogoan

1813an ingelesek Donostia suntsitu zuten gaurko egunez; gertatutakoa gogoratzeko, bi eguneko egitarau kolektiboa prestatu duteUrteroko desfilea egingo dute 18:00etan; gauean, berriz, kandelak piztuko dituzte

Donostiako Orfeoiaren kontzertua, atzo, Santa Maria basilikan. J. M. / ARP.
2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Gaur dira berrehun urte soldadu ingelesek Donostiari eraso egin eta hiria suntsitu zutela. Herritarrak hutsetik hasi behar izan ziren hiria berreraikitzen. Donostiarrek urtero gogora ekartzen dute erasoa, gaurko egunez egiten dituzten ekitaldiekin. Aurten, dena den, bigarren mendeurrena izanik, egitaraua berezia izango da. Bi eguneko egitarau kolektiboa osatu dute, Donostiako hainbat elkarte eta erakunderen artean. Antolatutako ekitaldien bidez, 1813an herritarrek erakutsitako ausardia eta adorea nabarmendu nahi izan dituzte. «Donostiarrek berreraikia da Donostia, eta haiek guztiak izango ditugu gogoan ekitaldietan», adierazi zuen Juan Karlos Izagirre alkateak, egitaraua aurkeztean.

Kanpai hotsekin hasiko dute gaurko eguna, 10:45ean. Arrisku kanpaiak joko dituzte, zehazki, duela berrehun urte Donostian pasatzear zegoena irudikatzeko asmoz. Jarraian, meza izango da Santa Maria Basilikan, eta 1813ko erasoaren biktimak izango dituzte gogoan. Andra Mari Abesbatzak, Easo Abesbatzak, Donosti Ereski Abesbatzak, Ainhoa Artetak, Miren Urbietak, Coro Saenz organo joleak, Txistulari Bandak eta tronpetariek parte hartuko dute mezan.

Meza bitartean, 11:15ean, kanoikadak botako dituzte Santa Klara uhartetik, Urgull menditik eta portutik. Meza amaitutakoan, berriz, esku dantza egingo dute Santa Maria basilikatik Abuztuaren 31-ko kaleraino, Goizaldi Dantza Taldeak lagunduta. Han, omenaldia egingo diote Amaia Bontiguiri, orain 40 urte hasi zelako lagun talde batekin abuztuaren 31ko oroitza ekitaldia sustatzen.

Tropen inguratzea sinbolizatzeko, berriz, danborrada egingo dute 40 konpainiak, 12:15ean hasita. Hainbat lekutatik aterako dira, eta Alderdi Ederreko terrazan batuko dira konpainia guztiak, 13:00etan. Elkartutakoan, denek batera joko dituzte hainbat pieza.

Arratsaldean jarraituko dute ekitaldiek. 18:00etan, oroitzako desfilea egingo dute, aurreko urteetan bezala; Kainoieta elkarteak antolatzen du ekitaldia. 21 konpainiak parte hartuko dute, eta Parte Zaharreko kaleetan ibiliko dira. Besteak beste, hiriaren harrapaketa eta eztandak antzeztuko dituzte ibilbidean.

Bulebarreko kioskora iristean, omenaldia egingo zaie hiriari eta hiritarrei; alkateak jasoko du omenaldia, donostiarren izenean. Jarraian, ohiko lore eskaintza egingo dute. Zuloaga plazan amaituko dute desfilea, 21:30ean,eta 1813ko abuztuaren 31ko borroka antzeztuko dute. Besteren artean, Beethovenen Wellingtonen garaipena obra joko dute, eta San Telmo museoaren fatxadan proiekzio bat egingo dute.

Kanpai hotsak berriro entzungo dira, 22:00etan. Jarraian, argiak itzali eta kandelak piztuko dituzte Abuztuaren 31-ko kalean. San Bizente elizako atarian 1813an Donostiako ereserkia zena joko dute, eta Aiert Beobidek dantzatuko du. 23:00etan piztuko dira argiak, eta Donostia Sutan 1813-2013 taldeak antolatutako Bezperak, eguna, biharamona antzezlana izango da Konstituzio Plazan.

Gaur bakarrik ez; atzo ere izan ziren ekitaldiak erasoa gogorarazteko. 18:00etan, esaterako, Donostiako Orfeoiak kontzertua eman zuen Santa Maria basilikan. Besteak beste, abuztuaren 31rako berariaz konposatutako obra berria interpretatu zuen: Suak pizturik dirau. Tomas Araguesek sortu du doinua, eta Beñat Gaztelumendik jarri dizkio hitzak. Honela dio abestiaren lehen zatiak, hiria berreraiki zutenak gogoan hartuta: «Berrehun urtetatik heldu gara hona; hiri bat ez delako bi etxe, lau horma; hiri bat osatzen da pertsonaz pertsona; goizero emateko bizitzaren forma».

Kresala eta Verdini dantza konpainiek, berriz, bigarren mendeurrenaren harira sortutako emanaldia aurkeztu zuten: Hala ere. 34 dantzarik parte hartu zuten; gehienak emakumeak ziren. «Gerretan eta historian gutxien ikusten diren biktimak» nabarmendu nahi izan zituzten, hala. Bestalde, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eman zuen gauean, Konstituzio plazan. Alkateak urrezko domina eman zion orkestrari, «kulturaren zabalkunde eta sustapenean egiten duen lanaren omenez».

Birrinduta utzi zuten Donostia

Duela berrehun urte Donostian gertatu zena ez ahaztea, eta hiriari berriro bizia eman ziotenak gogoan izatea. Hori da bi egunotako ekitaldien xedea. Lehendabizikoz, 1813ko abuztuaren 25ean saiatu ziren soldadu ingelesak Donostian sartzen, Napoleonen garaiko gerren testuinguruan. Frantziako armadak bost urte zeramatzan Iberiar penintsulan, eta haiek Donostiatik bota nahi zituzten ingelesek. 25ean ez zuten lortu hiria inguratzen zuen harresia gainditzea; astebete geroago lortu zuten, ordea.

Gogorra izan zen bi armaden arteko bataila. Behin frantsesak garaituta, gainera, ingelesek, hirian sartu, eta dena suntsitzeari ekin zioten. Arpilatzeak egin zituzten, su eman zieten eraikinei, emakumeak bortxatu zituzten, zibilak hil zituzten... Birrinduta geratu zen Donostia, eta gaur egun Abuztuaren 31 izena hartu duen kaleko etxeak baino ez ziren zutik geratu. Ondorengo hilabeteak gogorrak izan arren —gaixotasunak eta gosetea zabaldu ziren—, donostiarrek, indarrak bildu, eta hiria berreraikitzeari ekin zioten. Gaur, haien lana eta adorea gogoan ditu hiriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.