Komunikazioa. Xabier Usabiaga. ETBko aurkezlea

«Herritarrek kaleko solasaldietako galderak egiteko aukera izango dute»

'Euskadi galdezka' saioa estreinatuko du gaur ETB1ek, 22:15ean. Iñigo Lamarca EAEko Arartekoari egingo dizkiote galderak 30 herritarrek. Aurkezle lanak Usabiagak egingo ditu.

urtzi urkizu
Donostia
2013ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Eguerdian Gaur egun albistegia aurkezten du Xabier Usabiagak (Asteasu, Gipuzkoa, 1969). «Erronka polita» iruditzen zaio saio berria.

TF1 kateak J'ai une question à vous poser formatua sortu zuen. TVEk Tengo una pregunta para usted izenarekin egokitu zuen. ETB2k, lehendakarigaiekin, Euskadi Pregunta egin zuen. Horien guztien aldean izango al du ezberdintasunik Euskadi galdezka saioak?

Parekoa izango da. 30 herritar aukeratu dira. Horietako bakoitzak galdera bat izango du. Herritarrek gonbidatuari galdera zuzenean egiteko aukera izango dute, gure galbahetik pasatu gabe. Herritarrak protagonista bihurtzen dira, eta kalean euren solasaldietan dituzten galderak zuzenean egiteko aukera dute.

Iñigo Lamarca izango da lehen gonbidatua.Gonbidatu aproposa izan daiteke herritarrentzat?

Bai; gainera, gaurkotasunak agintzen du Lamarca protagonista izatea. Aurki 2012ko txostena kaleratuko du, eta aurreko egunetan jakin ditugu zein izango diren ildo nagusiak. Egun dugun errealitatearen gertuko informazioa du arartekoak.

Hurrengo gonbidatuak politika mundukoak izango al dira denak?

Bai, gehienbat bai. Hurrengo gonbidatua Iñigo Urkullu lehendakaria izango da, martxoan. Egunerokotasunak aginduko du, eta herri ordezkariak izango dira protagonista gehienak. Aldian-aldian egingo dugu saioa.

Saioaren izenburuak Euskadiri egiten dio erreferentzia. Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko herritarrek galderak egiteko aukera izango al dute?

Platoko parte hartzaileen hautaketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin da soilik. Nafarren eta Ipar Eukal Herriko herritarren parte hartzeak webaren bitartez beharko du. Webaren bitartez nafarren eta Ipar Euskal Herriko herritarren galderak badaude, egingo dut ahalegina horiek sartzeko.

Herritarren hautaketa egiterakoan, batzuk susmoa izan dezakete ea hautaketa sistema hori fidatzeko modukoa den.

Aukeratutako herritarrek ez dute inolako afiliaziorik alderdi politikoekin. Baldintza bakarra da euskaraz taxuz egitea. Oreka bati eutsi nahi izan diote hiru herrialdeetan. Baina inork ez du lotura politikorik. Zehaztasuna eskatu diegu galdera egileei, batzuek luzeegi kontestualizatzeko joera zutelako.

Asmoa hori da. Jendeak egunerokoa intentsitate handiarekin bizi du, krisia dela eta. Gizartearen kezkei erantzungo dion edozein programa une honetan jendeak ikusteko modukoa dela iruditzen zait. Bai formulagatik eta bai egunerokotasunak agintzen duelako, saio egokia da interesa pizteko.

Zer moduz doa eguerdiko Gaur egun?

Guk betiko ildoarekin eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin lan egiten dugu, gaiek behar duten seriotasunarekin. Askotan ez dago norberak egiten duenaren baitan. Askotan, ikusle datuak konpetentziak egiten duenaren baitan daude.

Laster EITBko zuzendari nagusi berria izendatuko dute. Albistegietan ere izango dira aldaketak. Zer eskatuko zenioke ETBko albistegietako zuzendari berriari?

Eskatuko nioke albistegien aldeko apustu serioa egiteko. Ez da erraza izango baliabide guztiei eustea, baina krisiaren aitzakian ezin dugu kalitatea jaitsi.

Blogean, Lance Armstrong errudun eta biktima zela idatzi zenuen. Soka luzea ekarri zuen horrek sarean.

Armstrong biktima zela izenburuan jarri nuen, amu gisa. Ez dut hura zuritu nahi, eta izenburukoa ez dator bat biktima definizioarekin. Erruduna da, eta zigorra merezi du. Baina, bestalde, garai hartako txirrindularitza kontestualizatu nahi nuen. Jendeari ulertarazi nahi nion zein sistema zegoen ezarrita eta zer sistemari ematen zioten jaten. Denak ziren erantzule. Eta errealitate horretatik ihes egitea ia ezinezkoa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.