Herritarrek EITBri buruzko iritziak sarean ematea proposatu du EAJk

Alderdi jeltzaleak gomendatuko du Eusko Legebiltzarraren webgunean espazio bat sortzea

Ana Oregi legebiltzarkidea da EAJren ordezkaria, EITBren erreformarako lantaldean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Datozen hilabeteetan, EITBren erreforma integralari aurre egingo dio Eusko Legebiltzarreko lantalde batek, eta alderdi politikoek azkeneko egunetan hainbat proposamen egin dituzte lantalde horri begira. EAJk iragarri du «parte hartze sozialerako prozesu bat» irekitzea proposatuko diela gainontzeko alderdi politikoei. Proposamenak bi inkesta izango lituzke, bata «euskal herritarrei» galdetzekoa —Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoak—, eta bestea erakundeko profesionalei eta kolaboratzaileei. Horrez gain, EAJk proposatu du Eusko Legebiltzarraren webgunean espazio bat sortzea, herritar guztiek beren iritziak uzteko aukera izan dezaten eztabaida prozesuak irauten duen bitartean.

Legebiltzarreko lantaldeak gaur egingo du bigarren bilera, eta alderdi politikoen proposamenak eztabaidatuko dituzte. Espero da datozen hilabeteei begirako egutegia eta lan esparruak adostuko dituztela.

Ana Oregi EAJko legebiltzarkideak hiru bloketan egituratu ditu lantaldearen azterketa eta gogoeta eremuak: lehenengoa,EITBren zerbitzu publikoaren edukiak eta funtzioak definitzeko. Alor horretan jasoko lituzkete erronka soziolinguistikoak eta teknologikoak, euskal kulturaren babesa eta ikus-entzunezkoen industria; bigarren blokean erakundearen gobernantzaren eta ordezkaritza ereduaren inguruko gogoeta egingo litzateke; eta hirugarrenean, antolakuntzaren azterketa eta finantzaketa sistema. Alor horien inguruko ereduan ez du sakondu, oraingoz, EAJk. Gainontzeko alderdi politikoekin eztabaidatzeko eta lantzeko lan esparrua proposatu du, ordea.

Lantaldearen lehen fasean, ekainetik irailera, taldeek eskatutako agerraldiak eta inkestak egitea proposatu du EAJk; inkesta bat herritarrekin egingo litzateke udako Soziometroaren bidez, eta bestea EITBko langileekin. Iritzi guztiak jaso eta aztertuta, urritik aurrera akordioak lortzen saiatzea proposatu dute jeltzaleek, aurretik aipatutako hiru lan eremuetan. Lanak 2018ko urri eta abendu artean amaitzea espero du EAJk.

Adituen agerraldiei dagokienez, EAJk hiru izen eman ditu: Francisco Campo Freire Santiagoko Unibertsitako (Galizia) irakaslea eta Europako irrati-telebista publikoen egoerari buruzko txosten baten egilea, Carmen Amores FORTAko presidentea eta Carmelo Garitaonaindia EHUko irakaslea eta Europako telebista publikoei buruzko txosten baten egilea.

PPren proposamena

PPk ere lantaldearen helburuei buruzko proposamena egin du, eta eskatu du aztertzeko enpresen funtzioa, euskararen zabalpenean izan beharreko rola eta lantaldearen funtzionalitatea. Herritarrei EITBri buruz duten pertzepzioa galdetzeko eskatu du talde popularrak. Halaber, ekonomia kontseilu bat sortzeko aukera azaldu du, EITBren baliabideak optimizatzeaz eta arrazionalizatzeaz arduratuko dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.