Asteazkenean hasi ziren Tafallako jaiak, Zidakos ibaiak hondamendia eragin eta hilabete batera. Eskaintza zabalaren artean, txosnak daude, Tafallako Jai Herrikoiak plataformak antolatzen dituenak. Iñigo Urzain (Tafalla, Nafarroa, 1995) plataformako kidea da.
Urte asko daramatzate txosnek Tafallan. Aurten badute berezitasunik?
Aurtengoa mugarria izan da. Iaz ere antolatu ziren txosnak; musika eskaintza ausarta zuten, eta jende asko joan zen. Alde horretatik oso balorazio ona egin genuen. Baina gunea herritik kanpo zegoen, eta, beraz, jaietan parte hartzen zuten gainerako eragileetatik urrun ere bai. Aurten, ordea, esparru berria izango dugu. Alde zaharrean dagoen Kolasa izeneko plazatxo batera mugitu ditugu txosnak. Lekua ez da iazkoa bezain handia, baina, alde zaharrean dagoenez, herrian jaia dagoen tokietatik gertuago dago.
Lekua aldatzeak baldintzatu egin du txosnetako eskaintza?
Aldaketa ez da soilik espazio aldaketa bat. Jaietan egunez dauden eragileekin harremana izateko abagunea izatea ere nahi dugu, eguneko eskaintza handiagoa ematen hasteko, herrian bertan presentzia izateko. Nolabait, Iruñeko jaiguneak izan zuen prozesuarekin aldera daiteke orain Tafallakoa. Gora Iruñea gunea Arrotxapean muntatzen zen, eta, azkenean, Iruñeko bihotzera aldatzea lortu dute. Gauza bera egin dugu guk aurten: herrira hurbildu.
Zenbat eragilek osatzen dute Tafallako Jai Herrikoiak plataforma?
Asko gaude. Adibidez, Tafallako Gaztetxea, Garrasika talde feminista, Ernai...
Zein da Tafallan txosnak muntatzearen helburua?
Bestelako jai eredu bati erantzun nahi diogu guk; ez diogu jarraitu nahi gaur egun inposatzen zaigun eredu pasibo eta kontsumistari. Hortik abiatuta, txosnetan jai eredu alternatibo bat sortzea da helburua: euskalduna, feminista, antikapitalista, ekologista, herrikoia, solidarioa, eta herri gisa jaietan ditugun beharrei erantzungo diena. Eta herriak bere jaietan parte hartzen duen eredu bat nahi dugu. Horregatik diogu txosnetan jaiak herritik herriarentzat egiten direla. Eta, aurten, herrian ere izango dira: herritik herriarentzat, eta herrian!
Lekualdatzeak bere prozesua izanen du. Zer harreman duzue udalarekin?
Txosnek hainbat kokaleku izan dituzte; aurtengoa laugarrena da. Noski, txosnen gunea muntatzeko behartuta gaude udalarekin harreman bat izatera, baimenak lortzeko, adibidez. Badago lotura hori, baina beti ez da berdina izan. Aurreko legealdira arte, UPN eta PSN egon dira gobernuan. Elkarren arteko gatazkak izan ditugu hainbatetan udalarekin, edo zuzeneko erasoak jasan ditugu. Baina, udalean EH Bildu dagoenetik, harremana hobetu egin da; lekua aldatzean, adibidez, udalak asko lagundu du. Prestutasun handiagoa hartu du gure arrazoiak ulertzeko eta entzuteko. Demokratikoagoa egin da gure arteko harremana.
Duela hilabete izan ziren uholdeak. Zer-nolako animoekin hartu ditu Tafallak jaiak?
Nire aburuz, Tafallako jendeak nahi du uholdeek utzitako auzolanak eta elkartasunak jarrai dezaten jaietan eta jaien ostean. Uholdeek hankaz gora utzi zuten herria; baina, bestalde, herriak eta, batez ere, gazteek erantzun izugarria eman zuten. Jaiek horren ispilu izan behar dutela uste du jende askok.
Inplikazio berezia sumatu duzu hurbileko jenderengan?
Erabat. Tafallako jende gehienak lagundu du, baita inguruko herrietatik, Nafarroatik etaEuskal Herri osotik etorritakoek ere.
Nolakoa da txosnak prestatzeko prozesua?
Berez, uste baino luzeagoa da antolaketaren bide osoa. Jaien ondoren, balorazio bat egiten dugu, eta, gero, otsailean antolatzen ditugu eragileen arteko lehen bilkurak. Abuztuaren 14an hasten dira jaiak, eta, beraz, 12an eta 13an antolatzen dugu auzolana; zerbitzatzeko txandak ere auzolanean betetzen ditugu. Oso erantzun ona izan ohi dute deialdi guzti horiek. Azkenik, jaien ostean, txosnak desmuntatzera ere deitzen ditugu herritarrak.
Egin duzue eraso matxisten kontrako lanketarik?
Urte batzuk daramatzagu horretan lanean. Udalarekin elkarlanean, protokolo bat egiten dugu, eta, herriko tabernak eta bestelako espazioak bezala, gu ere protokolo horren barnean gaude. Kontuan hartzekoa da txosnetan parte hartzen duen Garrasika talde feministak egun oso bat antolatzen duela: egun feminista.
Bestak Tafallan. Iñigo Urzain. Tafallako Jai Herrikoiak plataformako kidea
«Herritarrek bertan parte hartzen duten jai eredu bat nahi dugu»
Tafallako txosnek eredu alternatibo bat sustatu nahi dute hiriko jaietan. Aurten, berritasun bat izango dute: alde zaharrera aldatu dute iaz hiritik kanpo zegoen gunea. Iñigo Urzain txosnak antolatzen aritu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu