Irene Costera Meijer. Amsterdamgo VU Unibertsitateko ikerlaria

«Herritarrei tentuz entzutea funtsezkoa da kazetarientzat»

Ziberkazetaritzaren Nazioarteko X. Kongresuan parte hartu du Costerak, Bilbon, EHUk gonbidatuta. Oso garrantzitsutzat jo du hedabideetako erabiltzaileen portaera ezagutzea.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
The New News Consumer proiektuko ikerlari burua da Irene Costera Meijer (Amsterdam, 1956). Amsterdamgo VU Unibertsitateko kazetaritza ikerketen departamentuko arduraduna da, eta Bergengo Unibertsitateko (Norvegia) ikerketa taldean ere ari da lanean.

Kazetaritzako profesionalez eta audientziez hitz egin duzu Bilbon. Zeintzuk dira zure tesi nagusiak hartzaileek dituzten nahien inguruan?

Ikerlari moduan, nire ondorio nagusietako bat da audientziek kalitatezko kazetaritza bilatzen dutela. Zenbat eta kazetaritza hobea eta sinesgarriagoa egin hedabide batek, orduan eta harpidedun gehiago lortuko ditu, eta sare sozialetan like [atsegin dut] gehiago izango ditu. Garrantzitsua da, era berean, hedabideak adi egotea audientziek zer bilatzen duten. Bisiten datuez harago, garrantzitsua da jakitea nolakoa den erabiltzaileen portaera.

Iruditzen zaizu, oro har, komunikabideak horretan ari direla?

Ari dira, baina ez guztiz. Uste dut kazetari askok badakitela audientziek zer nahi duten. Baina kasu askotan uste dute audientziek eduki arinak eta tribialak nahi dituztela. Aldiz, sarri ez dira gai ikusteko hartzaileak zer edukirengatik egon daitezkeen ordaintzeko prest.

Nolako lanean ari zarete The New News Consumer proiektuan?

Bost urte dira ikerlari talde bat ikerketa proiektu horretan ari garela. Audientziak ikertzen ari gara, eremu eta ertz ezberdinak aintzat hartuz. Saiatzen gara ulertzen nola funtzionatzen duten audientziek albisteak kontsumitzeko orduan. Begira ari gara nolako istorioek duten harrera hobea eta zein istorio motak duten eragin handiagoa.

Ondorio batzuk plazaratu ditu lantalde horrek. Adibidez, ondorioztatu duzue sare sozialek zabaldu ohi den baino garrantzi txikiagoa dutela berrietan.

Sare sozialak garrantzitsu bihurtu dira albisteak zabaltzeko. Baina horrek alde onak edo txarrak izan ditzake. Facebooken negozio eredua, esaterako, aldatu egin da azkeneko urtean; gainera, albiste faltsuen zabalkundea asko hazi da. Bilakaera bat gertatzen ari da horren ondorioz, eta irakurle askok hedabidearen orrialde nagusia bisitatzen dute berriz. Ezin da sare sozial guztiez oro har hitz egin, baina Facebookekin gertatu diren kontu batzuk kaltegarriak izan dira sare sozial horren kontsumoarentzat.

Datozen urteetan nolako aldaketak gerta daitezke kazetaritzaren munduan?

Iruditzen zait komunikazio enpresetan bilakaera bat izango dela, eta albiste onenak lantzeari ekingo diote. Landutako eduki horiek merezi baldin badute, jendea ordaintzeko prest egongo da.

Zein da egunkarien eta paperaren etorkizuna?

Herritar askorentzat plazer bat da igande goizean kafe batekin eta gosariarekin paperezko egunkaria hartzea. Plazer handiko unea, gainera. Asteburua da paperaren garaia. Bestalde, ez da gauza bera telefonoa erabiltzean irakurleak daukan esperientzia edo papera irakurtzean daukana. Hedabideek edukiak zabaltzean aintzat hartu behar dute hori.

Kazetari bihurtuko diren ikasle askorekin duzu harremana. Zein dira ikasle horiek eta kazetari gazteek gaur egun aintzat hartu behar dituzten gai nagusiak?

Kazetari gazteentzat oso garrantzitsua da herritarrak eta audientziak ezagutzea, eta haiei tentuz entzutea. Horrez gain, komunikazioa eta solasaldiak izan behar dituzte hartzaileekin. Horrek bidea emango die jakiteko zeintzuk diren jakin behar dituzten kontu garrantzitsuenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.