Indartsu hasiko dituzte aurten festak Astigarragako haurrek (Gipuzkoa). Santio jaiak ofizialki 19:00etan hasiko badira ere, txikienak eguerdirako martxan jarriko dira. 12:00etan puntuan txupinazo txikia botako dute, jaiari hasiera emateko. Jarraian, bazkaria egingo dute Foru plazan.
Egun guztian izango dute zerekin gozatua. Zornotzako Markeliñe antzerki taldeak Zoozoom kale ikuskizuna eskainiko die, besteak beste. Kale antzerkia modu ludikoan aurkeztea dute helburu Markeliñekoek. «Ikuskizun honek zabaltzen duen mezua oso argia da: imajinatzen badugu, erreal bihur daiteke. Kartoi handi bat, makila bat... Edozein material jolas bihur daiteke. Horixe transmititu nahi dugu», azaldu du Jose Ramon Martinezek, Markeliñe antzerki taldeko kideak. Askotariko material sinpleekin parke zoologiko original bat sortzen dute, eta modu erraz, azkar eta irudimentsuan parte hartzaileak jirafa, karramarro, dinosauro eta beste hainbat animalia bilakatuko dira. Soinu eta formatu handiko elementu asko erabiltzen dituzte, eta espazio zabaletarako ikuskizuna da.
Keinuetan oinarritutako ikuskizuna da Zoozoom; esaldi bat bakarrik entzuten da off-ean, euskaraz. «Ez dugu hitz egiten, baina oso ulerterraza da. Gorputzeko mugimenduekin eta keinuekin oso erraz jarraitzen da ikuskizuna», dio Martinezek.
Azaldu duenez, ikuskizun dinamikoa eta parte hartzailea da: «Jendeak gustura parte hartzea nahi dugu, betiere, modu ordenatuan. Aktoreek aukeratzen dituzte parte hartzaileak, eta gainontzekoek badakite euren txanda iritsi zain egon behar dutela».
Harrera bikaina izan ohi du Zoozoom-ek herrietako plazetan, eta Astigarragan ere gustuko izatea espero dute Markeliñeko kideek. «Oso ikuskizun berezia da Zoozoom; adin guztietako jendeari gustatzea lortu dugu». Foru plazan izango da ikuskizuna, 17:00etan hasita, eta 55 minutu inguru iraungo du.
Helduen txanda
Santiago bezperan, helduek ere izango dute euren tartea, 19:00etatik aurrera. Txupinazoa orduan botako dute, txalapartariek animatuta, eta eztandarekin batera, festa lehertuko da herrian barrena. Akelarrearen kalejira abiatuko da 30 minutu geroago, eta, herriko kaleak zeharkatu ostean, antzezpena egingo dute Murgia jauregiaren lorategian.
Musika aukera handia izango da gaur. Joseba Barandiaran plazan, Gazte Jai diskotekaren musikaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, 23:00etatik aurrera. Gazte Asanbladak txosna ipiniko du Tomas Alba kalean, eta hainbat ekitaldi egingo dituzte. Gaur, esaterako, Lirica de Cerdos eta Los Bonitos del Norte taldeek kontzertua emango dute, 23:30ean hasita.
Gaur, festa hasi baino ez da egingo. Lau egun iraungo dute santioek Astigarragan, eta ekitaldi ugari egingo dituzte igandera bitarte.
Jaiak. Santioak Astigarragan
Herriko txikiak festan, txupinazoaren aurretik
Gaztetxoek txupinazo txikiarekin emango diete hasiera jaiei, eguerdian, eta ofiziala 19:00etan botako dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu