Gerizpean. Udako musika taldeak (V)

Herriko plazen profetak

Berrogei urte igaro arren, oraindik ere berbena kulturako talde nagusia da Egan. Urtean 70 zuzeneko inguru ematen dituzte, baina iraganean kopuru hori hirukoiztu egiten zuten.

Ikus-entzulearen eta taldearen artean sortzen den hartu-eman berezian datza Egan taldearen arrakasta. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Uztaileko haize finak leuntasunez laztantzen ditu udal eraikinean kokatu dituzten ikurrinak, eta hodeirik gabeko zeruak gau ahaztezina iragarri die enparantzara bertaratu diren herritarrei. Udako giro freskoa behar lukeena, baina, bero bilakatu da jendea pilatzen hasi den heinean; minutu gutxi batzuk barru udaletxetik jaurtiko dituzten suziriak bezain beroa. Erlojuen orratzek hamabietan bat egitean, festa eta algara lehertu da jendetza artean: hasi dira herriko festak.

Euskal Herriko edozein udalerri izan liteke hori. Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, ospakizun giroa nagusi da euskal geografiako udan. Udaletxe enparantzatik gertu, herriko plazan beharbada, musika entzungai da txupinazoaren ostean. Ahots ezagun batek sortzen ditu hitzak eta melodia, azken berrogei urteetan plazaz plaza egin duen bezala. Euskal Herriko berbena kulturaren ordezkari nagusia herrian da: Egan taldea.

Lau hamarkada luze eta emankor igaro badira ere, Xabier Saldias azpeitiarrak zuzendutako taldea oraindik ere herriko festetako izarra da. Euskal Herriko eskualde guztietan jotzen aritu dira berrogei urtez, eta egunetik egunera gutxiago dira euren abestiak entzun ez dituzten udalerriak. Istorio askoren musika dira Eganen piezak, eta modu batera edo bestera, euskaldun oro egon da noizbait haien zuzenekoetan. Guztira, 4.000tik gora eman dituzte.

Berrogei uden ostean, baina, asko aldatu dira herriko festak, taldearen ustez. Xabier Saldiasek azaldu du Eganen lehen urteetan orotariko ikusleak bertaratzen zirela plazara, herriko festetan ez zelako antzekorik eskaintzen: «Hasieran halako ikuskizunak egiten bakarretakoak ginen gu, eta itsuen lurraldean begibakarra errege izan ohi da». Hala, Saldiasek dio urteak igaro ahala festak «espezializatu» egin direla eta egun eskaintzak ikusle jakin bat izan ohi duela.

Dena den, ohitura horiek aldatu egin badira ere, Eganen emanaldiek jendetza erakartzen jarraitzen dute zuzenekoz zuzeneko. «Jendeari zarata eta herri giroa atsegina zaio, eta guri halakoak sortzea gustatzen zaigu», dio Saldiasek. «Gainera, urteak igaro eta abesti berriak prestatu arren, guri betiko kantak eskatzen dizkigute ikusleek». Hori guztia gutxi balitz, Eganeko ahotsak nabarmendu du taldeak ez duela krisi ekonomikoa bereziki antzeman kontratazioak egiteko garaian, eta aurreko uda sasoietan eskainitako emanaldi kopuru berdintsua egiten ari direla.

Zein da, baina, halako arrakastaren formula? Saldiasen arabera, ikuslea eta taldearen artean sortzen den hartu-emanean dago gakoa: «Aisialdia, kultura eta giro euskalduna uztartzen ditugu, eta gainera, primeran pasatzen dugu ikusleekin, eta haiek gurekin». Horrez gain, esperientziak dakarren balio erantsia nabarmendu du taldeko abeslariak: «Eganen kontzertura datorrenak badaki zer topatuko duen, eta aldez aurretik festarako jarrera prest izan ohi du entzuleak».

Plazei bizitza ematea ez da dirudien bezain erraza, ordea. Ikuskizun bakoitzaren atzean jardunaldi luzeak daude, agertoki guztia prestatzeak lanordu nekagarriak eskatzen dituelako. Hamabi orduko lanegunak izatera irits daitezke, etxetik tresna guztiekin irteten direnetik gauean itzultzen diren arte. «Kontzertu egunak 09:00etan hasi ohi dira, eta jotzen dugun tokiaren arabera, hurrengo eguneko 07:00etan itzul gaitezke etxera», azaldu du Saldiasek.

4.000 zuzenekotik goraeman dituzte, baina, halere, prestaketa lanetan buru-belarri jarduteak urduritasuna areagotzen diela aitortu du Saldiasek: «Gauza asko daude egiteko eta jendea geureganatu dugula ikusi arte, oso urduri egon ohi naiz». Saldiasek dio erritmoa jaitsi egin behar izan dutela, gaztaroan 200 zuzeneko egiten baitzituzten urteko.

Ibilbide luze horrek une berezi asko bizitzeko aukera eman dio taldeari. «Une ahaztezin asko bizi izan ditugu, hala nola Bilboko Aste Nagusiko Ikurrinaren Eguneko zuzenekoa, baina, dena den, gu Carpe Diem filosofiaren zaleak gara». Geroari buruz galdetutakoan, Saldiasek dio jarrera horri eutsiko diotela, baina ohartarazi du erretiroa ez dagoela dirudien bezain urrun: «Hau lanbidea da, azken finean, eta erretiroa hartzean lagunentzako jotzen jarraituko dut, elkartean eta sagardotegian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.