Herriko kaleak umorez bustiz

Nazioarteko XVIII. Clown eta Pailazo Jaialdian ekitaldi ugari izango dira asteburu honetan Arrigorriagan

Orsai ikuskizuna eskainiko du Malas compañias Euskal Herriko konpainiak. NAZIOARTEKO CLOWN ETA PAILAZO JAIALDIA.
Bilbo
2013ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Eguneroko gauzen inguruan burla egiten duen aktore satirikoa da clown-a edo pailazoa; umorezko ikuspegiaz gertaerak komunikatzen dituena». Horixe Asier Albizua Arrigorriako alkatearen definizioa. Esan duenez, asteburuan herriko kaleak egunerokoaz trufa egin eta gozatzeko «parentesia» izango dira, Nazioarteko XVIII. Clown eta Pailazo Jaialdiarekin.

Ehunka proposamaren artean aukeraturiko hamaika ikuskizun izango dira, eta umeentzako eta gazteentzako ikastaroak ere antolatu dituzte. Parte hartuko duten konpainien artean Euskal Herrikoak bi dira: Malas compañias eta Zanguango teatro. Igande eguerdian Orsai aurkeztuko du lehenak, eta arratsaldean Aqui va a pasar algo bigarrenak. Hala ere, antolatzaileek azaldu dutenez, beste konpainietan ere badira Euskal Herriko aktoreak.

Ostiralean 19:00etan egingo dute lehen ikuskizuna; Cia Estropizioren Contxita y Merzeditas. Ondoren, Entropia eskainiko du konpainia horrek eta 20:00etan Jon Zabal magoaren saioa izango da.

Nazioarteko ordezkaritzari dagokionez, Espainia, Frantzia eta Belgikako konpainiak etorriko dira. Jaialdia aurten sartu da Pirineos de Circo deritzon sarean. Euskal Herriko, Aragoiko, Kataluniako eta Frantziako zenbait jaialdik osatzen dute sarea. Ondorioz, sare horretako bi malabarista egongo dira: Colas Rouanet eta David Batllo. Lehenak larunbat arratsaldean egingo du emanaldia, eta bigarrenak, ostera, igande eguerdian. «Biek erabiltzen dituzte pilotak, baina teknika desberdinekin. Batllok pilotak klakearekin uztartzen ditu, eta Rouanetek pilotak erortzean espazioak marrazten ditu».

Belgikako Dirque & Fien konpainiak Carrousel des moutons ikuskizuna plazaratuko du. Saio «zoragarria» eskainiko dutela dio jaialdiaren zuzendari Amagoia Garaizabalek, «piano mugikor batean agertzen dira ardiak eta erratzak, saio polita izango da». Igande arratsaldean, Frantziako Cie Sterenn konpainiaren The little big men ikuskizuna izango da.«Saio berezia eta dibertigarria da. Txotxongiloen gorputza eta aktoreen aurpegia dituzten txotxongiloen emanaldia da». Jaialdia Circo Pitangaren Reves d' ete- sueños de verano emanaldiarekin agurtuko da datorren urte arte.

Haur eta gazteen ikastaroak

Garaizabalek esan duenez, 40.000 euroko aurrekontua izan dute aurten. Emanaldiak udaletxeko eta Juan XXIII plazetan egingo dira, eta eguraldia lagun ez bada, kiroldegian. Ikastaroei dagokienez, umeenak eskolan egingo dituzte ostiralean. «Eskujokoak, trapezioak, akrobaziak eta oreka landuko dituzte». Gazteen ikastaroa ostiral eta larunbatean izango da, gaztegunean, doan. «Luciano Federicok emango du esgrima zinematografikoko ikastaroa. Gorputz adierazpenak eta mugimenduak landuko dituzte», zehaztu du jaialdiaren zuzendariak.

Urtez urte garatu duten topaketa dela nabarmendu dute antolatzaileek, betiere, parte hartzea bultzatuz eta arte eszenikoak herritarrengana hurbilduz. Arrigorriagako alkatearen berbetan, «ikusle mota guztien zaletasunak asetzeko asmoz diseinatua da, pitin bat handik eta beste pitin bat hemendik aukeratuta».

Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendariak eskaintza «oparoa eta erakargarria» dela esan du eta jaialdiaren ibilbidea nabarmendu. «Arrigorriagako Udalak orain hemezortzi urte apustu aitzindari eta argia egin zuen: umorezko antzezlanak aintzat hartu eta herritarrei gerturatzea eta Bizkaia osoan Arrigorriaga kultur arlo honetako erreferentzia bihurtzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.