Urtero bezala, Euskal Herriko gaztak gailenduko dira azokan. Aurten, ordea, Espainiako eta Portugalgo hainbat gazta dastatzeko aukera ere izango da. Hori dela eta, izena aldatu diote azokari: euskal gaztaren azokatik gaztaren azoka izatera pasatu da.
Azoka «sentsazioz beterikoa» izatea nahi dute antolatzaileek. Hortaz, artzainen bizimodua ezagutzeko, ardien ile moztea eta gazta egiteko prozesua bertatik bertara ikusteaz gain, horiek guztiak egiten ikasteko aukera ere izango dute hara biltzen direnek. Gainera, Aritz Ganboa artzainarekin batera, larreetara igoko dira parte hartzaileak, ganadua nola gobernatzen den ikusteko.
Mami lehiaketak ere ez du hutsik egingo, beste urte batez. Aurten, ordea, gaur bertan egingo dute, larunbatean, eta ez bezperan, gainerakoetan bezala. Bi baldintza bete beharko dituzte lehiaketako parte hartzaileen mamiek: batetik, latxa ardiaren esne gordinez egindakoa izatea, eta, bestetik, esnea eta gatzagia, besterik ez izatea.
Tokiko sukaldaritza bultzatzeko helburuz, showcooking-a ere antolatu dute aurten. Iker Markinez sukaldaria izango dute gidari, 17:30ean. Haren atzetik egingo dute Idiazabalgo gaztaren dastaketa komentatua, Igor Hernandezen eskutik. Eguna festa giroan amaituko dute, Aiko taldearen erromeriarekin.
Bihar, azokaz gain, haurrentzako artzain jolasak eta gazta txapelketa herrikoia egingo dituzte. Artaldea igaroko da herriko kaleetatik, eta ile-mozketa erakustaldia eta artilea lantzeko tailerra ere izango dira. 14:00etan egingo dute omenaldia eta sari banaketa; parte hartzaileen bazkariarekin itxiko dute egitaraua.
Omendua, eskola
1998. urteaz geroztik, Gazta Azokak herriko artzainen bati omenaldia egiten dio, herriari egindako ekarpena eskertzeko. Dena den, garai bateko artzain guztiak omendu dituzte dagoeneko, eta Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) Artzain Eskolari egingo diote gorazarre aurten, 25. urteurrena du eta: «Urte hauetan artzaintzaren alde egin duen lana omendu nahiko genuke aurten», azaldu dute ohar bidez antolatzaileek.
Artzain berriak sortu eta trebatzeko xedez sortu zen Artzain Eskola, eta, mende laurdenean, hirurehun ikasletik gora igaro dira bertatik. «Ofizioa eguneratu, profesionalizatu eta duindu dute, baita artzainen arteko sare bat josi ere, elkar ulertzen eta zaintzen duena», nabarmendu dute.