Irungo Udaleko Kultur zinegotzia

Nuria Alzaga: «Herriko historiaren berri izateko beste modu bat da ihes gela ibiltaria»

Logika, orientazio eta trebetasun proben bidez herriko historia ezagutzeko ihes gela ibiltari bat antolatu dute Irunen. Alzagak esan du gazteek inguruari beste modu batean begiratzeko xedez sortua dela.

Nuria Alzaga, herenegun, Irungo ospitale zaharrean. IRUNGO UDALA
Nuria Alzaga, herenegun, Irungo ospitale zaharrean. IRUNGO UDALA
ane insausti barandiaran
2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Herriko jaien atarian, kaleak historia liburu bilakatu dituzte Irunen (Gipuzkoa). Zazpi interes gunetatik pasatzen den ihes gela ibiltari bat sortu dute, herriko bi ikastetxeetako DBHko 4. mailako ikasleek bertako historiaren berri izan dezaten. Lehen bi saioak egin dituzte, eta asteartean eta ostegunean egingo dituzte hurrengoak. Historia belaunaldi berrien eskuetara iristearen garrantziaz hitz egin du Nuria Alzaga Kultur zinegotziak (Irun, Gipuzkoa, 1990).

Irungo kaleak historia liburu bihurtu dituzue. Nola sortu zen egitasmoa?

Irungo Udalarentzat oso garrantzitsua da Irungo historiaren pedagogia egitea, eta, nolabait, gazteek ulertzea nondik gatozen. Nondik gatozen jakiteko, askotan, pedagogia edo lanketa hori teorikoki egiten da, baina haientzat, agian, ez da modurik eraginkorrena. Orduan, oso interesgarria iruditzen zaigu hiriko eraikin eta kaleak zer izan diren eta gaur egun zer diren jolasen bidez jakitea. Herriko historia ikasteko beste modu bat da, azken batean, ihes gela ibiltaria.

Historia dibertigarri egitea da asmoa?

Bai, azkenean, gazteak egunero ibiltzen dira hirian: bizikletaz, autobusez, familiarekin, lagunekin... eta ziur Zentro Errepublikanotik pasatu direla inoiz, konturatu gabe zer zen hori. Edo Irungo Kasinotik, hiriaren erdialdean baitago... Ziur bertatik pasatu bai, baina ez dakitela eraikinaren historiaren berri. Ez da bakarrik ezagutzea, baizik eta kokatzea, ingurua beste modu batean ikus dezaten aurrerantzean.

Zer-nolako probak gainditu beharko dituzte ibilbidean?

Logika, orientazio eta trebetasun jokoak egin beharko dituzte, uste baitugu horrek asko errazten duela ezagutza hori barneratzea. Zazpi geldialdi ditu jolasak: Zentro Errepublikanoa, Irungo Kasinoa, Gal estadioa, Maritxu Anatol kalea, Etorbidearen nazioarteko zubia... 

Zergatik Gal estadioa, adibidez?

36ko gerran eta gerraostean, kontzentrazio esparru bat izan zen gaur egun Real Unionek jokatzen duen Gal estadioa.

Eta nor izan zen, bada, Maritxu Anatol?

Bigarren Mundu Gerran, Bidasoaren muga Frantzia eta Espainiaren arteko muga baino gehiago bilakatu zen, alemaniarrek okupatu zutelako Frantzia. Hori da testuingurua. Comete Sarea sortu zuten Belgikan, 1941ean, eta ihes sare garrantzitsuenetariko bat izan zen. Orduan, muga hori funtsezko gune bat zen, naziek jarraitutako pertsonak ebakuatzeko. 

Eta horretan lagundu zuen Anatolek?

Maritxu Anatol Irunen jaio zen, 1909an, eta erresistentziarekin kolaboratzea onartu zuen. Alemaniarrek 1940an Frantzia okupatu ondoren, aliatuei lagundu zien Anatolek, eta hitzorduak antolatu zituen: ostatuak bilatu zituen, eta dokumentazio faltsua erabili, jendeari muga zeharkatzen laguntzeko. Haren ausardia horri esker esan genezake orduan 39 juduk eta 119 hegazkinlarik ihes egin zutela.

Ezagunak dira istorio horiek herrian?

Guretzat oso garrantzitsua da egitasmo hau, batez ere, esan dudan bezala, gazteengan zentratzen delako. Nik uste dut irundar guztiek ez dutela jakingo kasu honetan, adibidez, Maritxu Anatolen istorioa, baina ziur asko helduen artean ezagunagoa izango da gazteen artean baino. Historiaren haria jarraitzeko aukera izan dezaten garrantzitsuak dira horrelako egitasmoak.

Dagoeneko pare bat taldek parte hartu dute. Zer balorazio jaso dituzue?

Aurtengoa oraindik ez daukagu, baina hirugarren urtea da jada, eta aurreko urteetan parte hartu duten ikasleen iritziak baliatu ditugu jolasa hobetzeko eta egokitzeko. Hurrengo urtera begira ere galdetuko diegu. Izan ere, haiek beste begirada bat daukate, eta horrek aukera ematen digu historia helarazteko modurik onena zein den jakiteko. 

LOTSABAKO

Irungo historiako pasarte bat?
1943koa.

Herriko pertsonaia bat?
Maritxu Anatol.

Leku bat?
Irungo udaletxea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.