Regino Etxabe. Lizarrako Kultura eta Jai zinegotzia

«Herriko elkarteekin elkarlanean, Lizarra martxan jartzen ari gara»

Lizarrako jaietan eskaintza kulturala areagotzeko, buru-belarri ibili dira lanean Regino Etxabe zinegotzia eta haren taldea. Aurten antolatu dituzten ikuskizun eta kontzertuetako asko euskaraz dira.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Bi urte daramatza Regino Etxabek (Lizarra, Nafarroa, 1967) Lizarrako udaleko kultura eta jai zinegotzi. Hiriak jaietan eta jaietatik kanpo duen kultur eskaintzahanditzea du helburu.

Berrikuntzarik ba al da aurtengo jaietako kultur eskaintzan?

Bai. Iaz, apustu sendoa egin genuen egun baterako, Manu Chaoren kontzertuarekin. Baina, aurten, eskaintza ez da egun batean zentratuta egongo, baizik eta hainbat egunetan. Adibidez, asteartea, egun aproposa izango da batez ere giro euskaldunean ibili nahi dutenentzat. Goizez, Kargak eta Deskargak ikuskizuna izango da: Igor Elortza, Unai Elorriaga, Josu Zabala eta Rafa Rueda bertsoak botatzen ibiliko dira Lizarran zehar. Arratsaldean, Gau Gaztea deitu duguna izango da, 21:00etatik 04:00etara arte, kontzertu hauekin: Ezen Balea, Kelly Kapowsky, Gatibu eta Oihan Vega. Gatibu da ezagunena, baina besteek ere badute zer esana: Ezen Balea Oteitzako (Nafarro) talde bat da, Lizarrerria Festival gazteentzako lehiaketa irabazi duena. Kelly Kapowsky oso talde indartsua da, eta bere bigarren diskoa aurkeztuko du. Eta, azkenik, Oihan Vega DJak arrakasta handia du gazteen artean.

Asteazkenean, beste mota bateko eskaintza dago: 20:00etatik 22:00 ingurura, Los Guayanes-ek guateke saio bat egingo baitute, eta, ondoren, 22:30ean hasita, rock-pop kontzertuak egongo dira. Hor, nagusia Momo izango da, Queen taldearen gorazarrerik hoberena estatu osoan.

Euskararen presentzia areagotzeko neurririk hartu al du udalak?

Azkeneko urteotan, batez ere Garean elkarteak egin du lan euskararen arloan, eta guk sustatu eta diruz lagundu dugu. Horrez gain, udalaren apustua izan da, adibidez, Kargak eta Deskargak ikuskizuna antolatzea eta kontzertuen artean talde izarraeuskaldun bat izatea: Gatibu, hain zuzen. Gainera, haurrentzako parke bat eta ikuskizunak ere izango dira euskaraz. Eta, txosnetarako, euskal giroko ekitaldieta kontzertuak antolatu dituzte.

Eraso sexistei aurre egiteko,Iruñeko ereduari jarraitu al diozue?

Bai, hori da. Zorionez, Nafarroa osoa martxan jarri da azken urteotan arazo horren aurka, eta gu ere buru-belarri gabiltza. Aurten, festa batzordeak eskatuta, Nafarroa osoan erabili den protokoloa gure hirira egokitu dugu. Asmoa da kontzientzia zabaltzea, guztion artean behingoz lor ditzagun eraso sexistarik gabeko festak.

Zezenketak udalak finantzatzen al ditu oraindik?

Bai, orain indarrean dagoen kontratuak hala dio, baina asmoa da hurrengo urtean zezen plazaren kudeaketa lehiaketa batera deitzea. Asmoa da ongi bereiztea zer diren herri ikuskizunak: entzierroak, bigantxak... Eta zer diren zezen plazan antolatzen direnak eta ordainduak direnak. Kontua da aurreko lehiaketan ez zela argi geratu eman genituen 60.000 inguru euroetatik zenbat ziren entzierroetarako eta bigantxetarako, eta zenbat zezenketetarako. Hortaz, datorren urtean, argi utzi nahi dugu udal gisa herri ikuskizunak finantzatuko ditugula, baina zezenketek kudeaketa propioa izan behar dutela. Hori da EH Bilduren jarrera gai horri buruz.

Jaietatik kanpo, zeintzuk dira hirian dituzuen kultur erronka handienak?

Batetik, Los Llanos kulturgunearen kudeaketa berreskuratzea, orain enpresa baten esku baitago. Bestetik, udaletxe zaharra turismo bulego bilakatuko dugu, baina kultur erabilera handiagoa eman nahi diogu. Donejakue bidearen informaziogune digitala sortzea eta mota askotako erakusketak antolatzea da gure asmoa. Kulturak azken urteotan galdu duen garrantzia berreskuratu nahi dugu, eta hori, batez ere, aurrekontuetan gauzatu behar da; bide horretan gaude. Lan handia egiten ari gara; nire ustez, nahiko geldituta zegoen udalaren dinamika, eta, orain, hiria pizten ari gara. Herriko elkarteekin eta erakundeekin elkarlanean, Lizarra martxan jartzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.