Herrigintzatik abiatutako bidea

Nestor Basterretxeari omenaldia egin diote Urmugaren Urtanta egitasmoan, Matxitxakoko 'Guda' eskulturaren aurrean. Bakion egin dute kontzertua, artistaren omenez.

Urmugaren V. Urtanta, gaur, Bermeon. Atzealdedan, Basterretxearen 'Guda' eskultura. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Urmugaren V. Urtanta, gaur, Bermeon. Atzealdedan, Basterretxearen 'Guda' eskultura. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
iraia vieira gil
Bermeo
2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

«Duela ehun urte, absolutismo garai bat izan zen Euskal Herrian. Hainbat artistak, baina, aurre egin zioten politika horri, eta kontrapuntua bihurtu ziren». Halaxe adierazi du Migel Zeberio Urmuga kultur elkarteko kide eta Et Incarnatus orkestrako zuzendari artistikoak, Matxitxakoko (Bermeo, Bizkaia) Guda eskulturaren aurrean. Nestor Basterretxeaz ari zen, hain zuzen, haren obra sinboliko horrek 1937ko martxoaren 5ean errepublikanoen eta frankisten artean itsasoan izandako bataila irudikatzen baitu, eta gudariak omentzen baititu. Aurten, zehazki, hamar urte igaro dira eskultorea handi hura hil zenetik, eta ehun jaio zenetik, eta, musika eta mendi zeharkaldiak uztartzen dituen ekitaldiak sortzaile poliedriko hura omendu nahi izan du. Urmuga duela bost urte sortu zen eta, bi urtetik behin, ekimen xumeagoa antolatzen du: Urtanta. 

Basterretxeak egindako lana gogora ekartzeko, bada, mendi ibilaldi bi egin dira, biak ala biak haren obren arrastoei segituz. Goizeko zortzi eta erdiak aldera, Gaztelugatxe inguruko hainbat mendizale elkartu dira Bermeoko Lamera parkean, Basterretxearen Kosmogonia eskultura multzoaren inguruan. Hantxe hasi dute eguneko zeharkaldia: Et Incarnatus orkestrako kide batek zenbait doinu jo ditu, eta, ondoren, oinez abiatu dira Lemoizko (Bizkaia) zentralera. Eraikinaren goiko aldera igo dira, eta hainbat eskaera egin dituzte. «Lemoizko zentralaren birgaitzea proposatzeko proiektuak aurkeztu ditugu. Zergatik? Basterretxeak ere hura birgaitzeko proiektuak proposatu zituelako bere garaian».

Ordubete geroago heldu da ibiltarien taldea Guda eskulturara. Batzuk, nekea sumatuta, atseden hartzeko asmoz lurrean eseri dira. Basterretxearen omenaldia hastear da. «Futbolaren inguruan hitz egitea hutsala da, politikari, ekonomiari edo Netflixeko pelikulei buruz aritzea bezala», ziurtatu dio taldeko gizon batek beste bati. Halako batean, jaka jantzi behar izan dute, euria hasi duelako: «Atzoko eguraldia askoz aproposagoa zen! Eguzkimuga deitu behar zioten ekitaldiari!». Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalik hitza hartu du ondoren. «Une erromantikoarekin» bat egiten zuen olerki bat irakurri du, euskal lurrei maitasuna adierazi die, eta bertan elkartutakoek gogoz txalotu dute.

Mendian gora

Mendian gora jarraitu dute mendizaleek. Bakioko Jata askaldegia izan da eguneko azken helmuga. Patxadaz hartu dute berriz harriz beteriko bidea; esaera zaharrak dioenez, ordea, gogoko tokian aldaparik ez. Zeberiok argi du mendi ibilbidea egitea erabakitzen duten mendizaleen jarrerak nolakoa izan behar duen: «Herrigintzatik eta umore onetik sortutakoa».

Askaldegian musika emanaldi ederra izan dute. Eñaut Elorrieta, Olaia Intziarte, Idoia Asurmendi, Xabier Leturia eta Anje Duhalde aritu dira, oholtza gainean, orkestrarekin batera. Euren abestiak eta moldatutako beste batzuk interpretatu dituzte. Igandean errepertorio bera entzuteko aukera egongo da Gaintzan (Nafarroa). Orduan Aralarko Mailopeak izango dira musikaren aterpe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.