Amaia Gabilondo. Garaion Sorginguneko kidea

«Herriaren ondarea da auzolana, gizartea osasuntsuagoa izan dadin aberasgarria»

Mozambiketik bueltan erabaki zuen Gabilondok gertuko zuen Garaioneko proiektua berriz hartzea. Sorkuntza, ondare soziala eta natura ditu ardatz, baina baita euskara eta feminismoa ere, zuzenki aipatu ez arren «halabeharrez» egon behar dutelako hor.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Ozeta
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Uribarri Ganboa urtegiaren alboan dagoen espazio bat da Garaion Sorgingunea, Ozetan (Araba). 1994koak dira lehen haziak, bidean gorabeherak izan baditu ere. Naturaren aldeko apustua egitea, sortzailetasuna bultzatzea eta ondare sozialari balioa ematea dira haren ardatz nagusiak, eta horretan dihardu hasieratik Amaia Gabilondo partaideak (Urretxu, Gipuzkoa, 1967). Uste du «hazitxo bat» izan daitekeela gizarte ikuspegiarentzat, eta «momentu magikoak» bizi daitezkeela bertan.

Zerk ekarri zintuen hona?

Sortzez urretxuarra izan arren, Arrasaten hazia naiz. Bertako euskalgintzak izan zuen aukera bat etxe hau erabiltzen hasteko udalekuetarako, 1994an. Bat-bateko opari bat izan zen, altxor bat. Egokitzen hasi ginen, pixkanaka, auzolanean, eta udara horretan egin genituen lehen udalekuak.

Beraz, gertuko izan duzu haur eta gazteen aisialdia. Horretaz arduratzen den Txatxilipurdi elkartean zenbiltzan, ezta?

Bai, Txatxilipurdi gure amatxo izan da, proiektuarena, eta AED Arrasate Euskaldundu Dezagun, gure amona. Jende askok lagundu du hau errealitate bihurtzen, euskalgintzako hainbat kidek. Are, gaur egun ere askok jarraitzen dute laguntzaile izaten.

Txatxilipurdi idatzia duen furgoneta ere hemen duzue!

Hori herentzia da, eta oso ondo datorkigu! Izan ere, gure ardatzak gogoan, zume biziarekin egiten dugu lan, eta makila horiek sartzeko furgoneta hoberik ez dago. Beraz, urtero IAT ibilgailuen azterketa teknikoa pasatuz gero, aurrera!

Dena den, oztopo batzuk ere izan dituzue, ezta? Horietako bat, eraikinaren jabetza…

Erkop kooperatibarena da, parte den Behi Alde enpresarena. Legution [Araba] ditu behiak, baina hemengo lurrak lantzen ditu: orain ereiten du artoa, eta urrian jaso. Baina etxea ez zuten erabiltzen, noizbehinka soilik, puntualki, traktorea-edo sartzeko. Baina ez da gurea, eta, beraz, bazen kezka bat: nahiz eta zurea ez den zerbait erabiltzen utzi, zenbat energia jarri behar diozu? Ez baitizute ziurtatzen noiz arte. Baina azkenean igaro dira 30 urte, eta hemen gaude. Bada, hasieratik sinesmen horri heldu bagenio, beste martxa bat izango genukeen…

Hasierako gogo hori indarra galtzen hasi al zen?

Bestelako udaleku batzuk sortu ziren, baliabide oso dotoreak-edo zituztenak: Zuhatzako irla, Barriako aterpetxea… Eta, aldi berean, gurasoen segurtasunaren mamua agertzen hasi zen. Beraz, gure zuzendaritza ordu hartan ohartu zen gure guneak ez zuela orduko gurasoek eskatzen zuten kalitatea, ez zela bermatzen, eta talde txikiagoetara mugatzen hasi zen espazioaren erabilera…

Zeintzuk ziren orduko haur eta gazteen aisialdi premiak?

Hein batean, udalekuak antolatzen ziren haurrek euskara erabil zezaketen espazio bat izaten jarraitzeko. Gure nahia hori zen. Gune eta espazio goxoak sortu nahi genituen haurrak eta gaztetxoak gustura sentitzeko euskararekin, euskaraz sentitzen: bizipen eta oroitzapen goxoak edukitzeko. Eta horretarako zer hoberik natura baino! Are, begiraleek magia egiten dute halakoetan.

Baina bada sentsazio bat: egiten duten magia hori ezkutuan gelditzen da…

Erabat. Nik miretsi egiten ditut. Aisialdi taldeek maitasun fabrikak egiten dituzte. 18 urteko gazte batek amaren, aitaren, aitonaren, hezitzailearen rola betetzen du, beste hainbat funtzioren artean, eta uste dut heldu asko ez ginatekeela prest egongo gazte horiek hartzen duten erantzukizunerako.

Beraz, ez daude behar beste baloratuta?

Oso gutxi baloratzen ditugu, eta hori salatu nahiko nuke. Are, udalekuen matrikulazio garaia den honetan, hori gogoraraztea funtsezkoa da. Gazteek askotan lan boluntarioa edo militantea egiten dute. Hamar egunez, eta 24 orduz, zaintzearen, heztearen, osasuntsu mantentzearen eta ondo pasaraztearen ardura hartzen dute. Hori nork egiten du gaur egun?

Lan militantea aipatuta, ezin ahaztu auzolana. Hori azpimarratu behar al da?

Noski. Egun batean berrogei pertsonak egin ahal duten guztia magia besterik ez da. Gure ondarea da auzolana, herriarena, eta aberastasuna ematen du gizarte osasuntsuago baterako bidean. Indargune bat da, eskulana dago, elkarbizitza. Eta horrek ematen du parte hartzearen sentsazio bat bizitzan, gizarteko leku askotan jasotzen ez dena.

Horrelakorik ikusi al zenuen Mozambiken? Handik itzultzean erabaki baitzenuen Garaioneko proiektua berriz hartzea.

Urte eta erdi egon nintzen han. Txatxilipurdin ez ezik, euskalgintzan ere aritu nintzen lehenago, baina garai gogorrak ziren, nekatuta amaitu nuen, eta 2004an joan nintzen Mozambikera. Han ikusi nuen ezer gabe bizi den jendeak zer-nolako grina duen gauzak sortzeko, eta pentsatu nuen: «Guk hemen dugun aberastasunarekin, nola ez dugu, ba, adorerik izango zerbaiti ekiteko?». Eta horrela hasi ginen.

Nolakoak izan ziren hastapen haiek?

Joan aurretik lagun bat arkitektura proiektu bat egiten zebilen bere ikasketetan, eta tentatuta zegoen hemengoari ekiteko. Eta beste lagun eder batek, berriz, bazuen gogoa Garaioneko hezkuntza proiektuari forma emateko. Hirurok egin genuen tandema, eta bi urtez ibili ginen paperak egiten, bideragarritasun planak, proiektu ideologikoak…

Eta 2009an sortu zenuten bi kidek kooperatiba elkarte txikia. Zer asmorekin?

Hasieran batik bat natur elementuekin egiten genuen lan, herriz herri, aurrez aipaturiko ardatzei so eginda; artea eta auzolana uztartu genituen orduan. Baina teknikaren beharrez jabetzen hasi ginen, modu oso intuitiboan ekin geniolako proiektuari, kasik baliabiderik gabe. Eta otarregintzara arrimatu ginen. Orduan ezagutu genituen egungo maisuak.

Zeintzuk?

Joan Farre eta Carlos Fontales. Ikastaroetan hasi ginen ikasten, eta orain gu gabiltza eskolekin, gurasoekin, herriekin… Irudiak egiten ditugu sarritan, zumearekin, eta era horretan jendeari ematen diozu hitza, elkarrekin eraikitzeko aukera bat, gerora jolasteko edo gerizpean egoteko espazio bilakatu daitekeena, eta baita zaintzarako ere. Bizirik dagoen gauza batek zaintza osoa behar baitu, eta horrek ardura eskatzen du.

Zaintze horretan, nolabaiteko errotze bat ere sortzen al da?

Esango nuke! Azkenekoz, esate baterako, orain dela hilabete Gasteizera etorritako etorkinekin egin genuen egitasmo bat, Zeharrekin. Pertsona horiek batu genituen Araban langabezian dauden batzuekin, eta proiektu bat egin zuten elkarrekin. Une horretan jende horrek ja badauka hemen zerbait, eta hori bada pertenentziaren lanketa. Elkarrekin zerbait egitea, azken batean, errotze bat da, eta areago bizirik mantendu beharra dagoenean.

Errotzea aipatuta, nola dago egun proiektua?

Egunerokoan lau emakume ari gara lanean: Miren, Alazne, Julia eta ni. Baina atzetik daude zuzendaritzako batzordekoak ere, eta ahal dutenean etortzen dira laguntzera. Hala ere, egon da geldialdia, eta orain Garaion familia sendotzen hasi nahi dugu, aldaketa batzuk egin diren arren. Esaterako, lehendakari berria daukagu: Itziar Rekalde. Emakume sortzaile eder bat da, eta lehendakari izendatu dugu Araban ibilbide oso magikoa duen pertsona bat delako, eta bat egiten dugulako haren ametsarekin.

Jakin al daiteke zein den amets hori?

Ipuin kontaketari bertsolaritzak duen garapen bera ematea.

Emakume sortzailetzat izendatu duzu Rekalde, eta horiei ere presentzia eman nahi izan diozue.

Bai, sortzailetzaren ardatzari uztartuta batik bat, ohartu baikinen artista sortzaileetan oraindik badagoela arrakala itzela genero ikuspegitik. Beraz, Emakume sortzaileak plazara egitasmoa abiatu genuen. Gertutik hasi ginen, sortzaile arabarretatik, etxean ezagutzeko bidea egin dezaten.

Zer-nolako garrantzia du feminismoak proiektu honetan?

Nik sarritan ez dut beharbada baliotzat aipatzen, euskararen eran, hor egon beharra duelako. Uste dut egun feminista ez dena lanketa beharrean dagoela, eta denoi dagokigula arrakala hori lantzea, bakoitzak beretik. Oinarrizkoa den justizia soziala da egun pitzadura hori kentzea. Eme, ar edo ez-bitar, baina denoi dagokigu joko honetan erantzukizuna.

Bada, ardatz horiekin jarraituko al duzue orain ere aurrerantz?

Guk ahal duguna egiten dugu, eta, derrigorrez, bizirauteko, helburuak lantzeko eta espazioari bizitza emateko, gauza pila batean sartzen gara. Pentsa, mailegu pertsonalak ere jarri ditugu! Baina azkenean proiektuan sinesten dugu, bizipoza dago: hau egitea tokatu zait nahi dudalako. Egia da ziurtasunik gabe bizi garela, eta gehiago kultur munduaren prekaritatez ohartuz gero, baina badakigu hor igeri egiten, burua pixka bat altxatu eta hiruzpalau urtetako begirada goxoago bat izan nahiko bagenuke ere.

Kulturan laguntzak falta direla aipatu dituzu, baina hemen zaudete zuek horretarako…

Bai, uste baitut gizartea aberasteko modu bat dela kultura, harremanen aberastasuna eta jakinduria berezi batzuen askatasuna, gogoetarako aukera; hein batean, emozioen ospitale bat. Eta horrek lekua behar du izan herri normalizatu batean. Beraz, 140 sortzaile inguru etortzen dira urtero.

Baldintzak baldintza, beraz, zer du eskaintzeko espazio honek? Eta pertsonalki?

Pertsonalki, asetzen nau leku hau beteta ikusteak, oso une politak sortzen direlako erabiltzaileen artean. Are, orain hemen bizi gara Julia eta biok. Gainontzean, esango nuke ezagutu nahi duena etor dadila, jar ditzala planteamenduak mahai gainean, eta elkarlanerako prest egongo garela aukera egonez gero. Komeni zaigu gauza berriak sortzea, elkarrekin pentsatzea eta eztabaidatzea, etorkizun hobe bat sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.