Euskal Herria beste ikuspuntu batetik ezagutzeko asteburua da hau. XV. Leizeen Eguna ospatuko dute asteburu honetan, Lurpea elkarteak antolatuta. 2008an sortu zuten elkarte hori, Euskal Herriko leizeak batzeko eta saretzeko helburuarekin. Orotarat, zortzi leizek osatzen dute elkartea: Sorginen leizeak (Zugarramurdi, Nafarroa), Urdazubiko leizeak (Nafarroa), Mendukilok (Astitz, Nafarroa), Sarako leizeak (Lapurdi), Izturitze-Otsozelaiako kobak (Nafarroa Beherea), Ekainberrik (Zestoa, Gipuzkoa), Arrikrutzek (Oñati, Gipuzkoa) eta Pozalaguak (Karrantza, Bizkaia). Elkarlan horren emaitza da Leizeen Eguna. Leize bakoitzak bere erara ospatuko du eguna, askotariko gaiak jorratuz, baina denek ber helburuarekin: «seigarren kontinentea» deskubriaraztea kanpotarrei zein bertakoei. Larunbatean hasi eta igandean finituko da ekitaldia.
Pozalaguak du lehen ekitaldia proposatuko, larunbat eguerdian: Pozalaguako erakusgelan, Lurpeko mundua izeneko geologia tailer bat eta hitzaldia emanen dute, Javi Moreno espeleologoaren eta EHUko Laura Damas eta Arantza Aranburu geologoen eskutik. 16:00etan, Paul Urkijoren Irati filma proiektatuko dute. Hain zuzen ere, obraren grabaketaren parte zenbaitzuk Pozalaguan egin zituzten. Biharamunean, 11:30ean eta 17:00etan, Pozalagua: iluntasuna argitzen denean ikuskizuna emanen dute bertan. Erreserbak aldez aurretik egitekoak dira.
Arrikrutz-Oñatiko harpe ziloaren 60 minutuko bisita arrunta ez ezik, lekua beste modu batera ezagutzeko aukera izanen da, Arrikrutz-Oñatiko Koba 360º-ri esker. Errealitate birtualaren bidez, Arrikrutz 53 eta Marcel Loubens galerietako eta Aldaola errekaren ikuspegi osoa ikusteko parada izanen da, denei irisgarri. Horrez gain, larunbatarekin, haurrei zuzendutako bi aktibitate eginen dituzte: bata, 10:30ean, Espeleotxi, espeleologo lanbidean murgilduko dira, gazteleraz. Bigarrena, 15:00etan eginen dute, Ilunpeko altxorra, euskaraz.
Izturitze eta Otsozelaiako leizeetan bi eguneko egitaraua prestatu dute. Bi egunetan, frantsesezko bi bisita eginen dituzte: bata, 14:00etan, eta bestea, 17:00etan. Horrez gain, 17:00etan, soinu bisita bat eginen dute, Pierre Esteve musikologoak sortu soinu bandarekin iraganen dena, frantsesez.
Sarako leizean, igandean, 11:00etan, Haize Leizean liburuan oinarritua den bisita berezia eginen dute: Oskolaren azpian. Antolatzaileek hala aurkeztu dute bisita: «Orduko Maddi gazteak historiaurreko erritu iniziatikoak eta bizimoduak ezagutzera eramanen zaitu, denboraz kanpoko galderari bide eginez... Historiaurreko gizakiak, beren hertsapen eta galderekin, hain desberdinak al ziren gurekiko?».
Sorgina bilakatu
Zugarramurdin sorginak eta ingurumena izanen dira ardatz: Abentura Mitologikoa Zugarramurdin izeneko rol eta pista jokoa eginen dute. 6-10 urte arteko haurrek sorgina gorpuztuko dute, eta Zugarramurdiko biztanleak lagundu beharko dituzte, herrialdea babesten duten izaki mitologikoak aurkituz. «Kultur ondarearen ezagutza eta bizi garen ingurunea babesteko beharra uztartzen ditu, ilustrazio, mezu, pista eta frogen bidez». Igandean izanen dira hitzorduak, 12:00etan eta 16:00etan. Jarduera ele bitan eginen dute, euskaraz eta gazteleraz.
Halaber, Montes Solidarios elkarteak egin dokumentala ere aurkeztua izanen da Sorginen museoan, Escuchando el silencio, igandean, 10:30ean. Montes Solidarios elkarteak urteak daramatza mugikortasun murriztua dutenei mendi ibilaldiak proposatzen.
Zestoako Ekainberri haitzuloan, igandean, bi bisita berezi eginen dituzte: «Nola eta zenbat eragin zien kobazuloko iluntasunak?» galderari erantzuna ulertzeko aukera izanen dute bisitariek. Kobazuloan diren zaldi margotuak nola egin zituzten esplikatuko dute. Bisita ahal bezainbat errealista izan dadin argiak itzaliko dituzte, eta bisita ilunpean eginen dute, 13:00etan.
2025ean, Mendukilok hogei urte beteko ditu Aralarko barrunbeak publikoari ireki zizkionetik. Horren harira, Leizeen Eguna baliatuko dute artzainei omenaldia egiteko. Martxoaren 16an, igandearekin, artzainei buruzko ikus-entzunezko laburrak proiektatuko dituzte. Horrez gain, Idiazabal gasna eta bertako esnearen dastaketa eginen dute.
Asteburu osoan bisiten prezioek %50eko beherapena izanen dute, eta bisitari guztiek egonaldi bat irabazteko zozketan parte hartzen ahalko dute.