Gai ezberdin baten bueltan, urtero antolatzen dute Iparra-Hegoa. Aurtengoak euskara du ardatz nagusietako bat. Idoia Lopetegi segurarra da antolatzaileetako bat, eta hark esan du euskarak egitasmoan duen garrantzia «ezinbestekoa» dela, bidea ematen duelako iparraldearen eta hegoaldearen arteko harremana sustatzeko eta mantentzeko. «Gure artean komunean duguna hizkuntza bera da, eta horri heldu nahi izan diogu aurten», nabarmendu du Lopetegik.
Harreman horiei eusteko asmoz, gazteengan jarri dute aurten arreta. Bi egunez egon dira Baionako Estitxu Robles kolegioko zenbait ikasle segurarren etxeetan. «Orain arte, urtero etorritako ikasleak aterpetxean gelditzen ziren, baina etxeen alde egitea proposatu genuen, haurrak gertuagotik ezagutzeko», azaldu du Lopetegik. Bernat Etxepare lizeoko ikasleak ere Seguran daude, ostegunaz geroztik. Izan ere, antolatzaileak nabarmendu du gazteak eta haurrak erdigunean jarri behar direla, «Iparra-Hegoaren etorkizuna bermatzeko».
Kaleko giroa nagusi
Kale animazioa, sagardo dastaketak, txarangak eta abar izaten dira asteburuko protagonistak. Gaur ere hala izango da, Gazte Eguna ospatuko baitute. Eguna mendi ibilaldiarekin hasiko dute, baina bazkaria, pilota desafioa eta txaranga ere egongo dira. Halere, igandea izaten da belaunaldi guztiak batzen dituen eguna.
Gereziondo baten inguruan egiten dute ekitaldi nagusia—duela urte batzuk ekarri zuten, iparraldetik—. Gonbidatu berezi bat ere egoten da. Lopetegik nabarmendu du, ordea, aurten obretan daudela leku horretan. Beraz, herriko aparkalekuan egingo dute ekitaldia. «Bertan dago Josu Goia eskultoreak oparitu zigun eskultura». Goia zena gogoratuko dute, eta gonbidatua, berriz, Seaska ikastola izango da. 50. urtemuga ospatzen dabiltza.
Asteburuaren aurretik, ordea, bestelako ekitaldiak egin dituzte; batez ere, hitzaldiak izan dira: ekonomiari eta euskarari buruz aritu dira. Enpresen arteko saretzeez gain, euskara oinarri izango duen barne turismo bat sustatzeko teknikak bilatzea zuten helburuetako bat.
Ostegunean bertso afaria egin zuten, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariekin. «Bertso afarian 200 lagun inguru elkartzen gara, eta orduan hasten da jai giroa», esan du Lopetegik.