Koldo Rodriguezek (Lekeitio, Bizkaia, 1976) dei egiten dio Euskal Herriari maiatzaren 8an Senperen (Lapurdi) bil dadin; Seaska sostengatzeaz harago, «hain beharrezkoa» dena egiteko: «Elkarrekin egotea». Zapata salmenta betean da Herri Urrats: ezin dira webgune bidez baizik eskuratu: apirilaren 3a arte: www.herriurrats.eus webgunean.
Bi urtez baraturik egon eta gero, ez ote du erritmoa galdu Herri Urratsek?
Ez. Sasoi betean gaude, itzultzearen ilusioak berak indarra areagotu dizkigu, eta inoiz baino indartsuago eta osasuntsuago gaude.
Leloa ere itzuli da.
Nahi genuen lelo bat ilusioa erakutsiko zuena, eta Amaia Ampo gaztearen leloak bete-betean harrapatu gintuen; Itzulera horrek zuen esanahi guztiarekin:aintzirara itzultzea, itzulera ere jendearekin, azken bi urteetan ezin egin izan duguna.
Lasterketa irabazi duen zapata dea logotipoa?
Aurten Herri Urratsek omendu nagusiak Seaskako ikasleak dira, azken batean bi urte latz pasatu baitituzte pandemiarengatik. Logo eta lelo txapelketari kasik laurehunek erantzun diote; ez genuen halakoa espero. Azkenean, Amaia Amporen zapata hartu genuen: Herri Urratsen historia eta esentzia biltzen ditu zapatak.
Preseski, Herri Urratsen lehenbiziko logoa ere zapata bat izan zen, 1987an. Itzuli da zapata, baina «modernoagoa».
Bai! Euskal Herrian eredu hori oso adierazgarria da: oraintxe Xalbador kolegioko ikasleen hogeitik zazpik badauzkate.
Lau dimentsio eman dizkiozue.
Martxoaren 3an martxan ezarri genuen zapaten salmenta kanpaina. Ez dakigunez zer gertatuko den COVIDaren araudiarekin, pentsatu genuen modu egokia izan zitekeela dirua lortzeko, jaia bera sekula ezingo balitz ospatu; Seaskaren behar ekonomiko handiei aurre egiteko. Hala, logoa zena salgai bat bilakatu da. Herri Urratsek lehen aldiz zapata parea atera du, itzulerarako denok polit-polit joateko maiatzen 8an. Kanpaina Euskal Herri osora zabaltzen ari gara, Seaskak denen sostengua behar duelako. Apirilaren 3an bukatuko da salmenta: epez kanpo dabilena, zapatarik gabe geldituko da; Herri Urratsen ez baitira salgai izanen. Herri Urratsen webguneko dendan eros daitezke.
Zetak taldekoek egin du kantua.
Proposatu eta segituan onartu zuen. Badu lotura berezia Herri Urratsekin. Erramun Martikorenarekin batera egitea planteatu zuen. Abesti on bat da, inondik ere: mugak apurtzeaz ari baita, urratsak egiteaz, itzuleraz... Pello Reparazek bete-betean asmatu du.
Zein da Reparazek duen lotura berezi hori?
Exean, hutsik egiten ez den jai bakarra izaten da Herri Urrats etxe askotan. Bada nolabaiteko maitasun kontu bat, atxikimendua. Hori ere islatzen du abestian Reparazek.
Liburu ibiltariaren bigarren edizioa da aurtengoa. Non barna dabil orain?
Xalbador kolegioan da orain, eta hortik Tolosako [Gipuzkoa] Laskorain ikastolara joango da. Istorio bati segida ematen diote astero ikastolaz ikastola, irudi bat ere erantsiz. Ibilbidea bukatzearekin, istorioa ere bukatuko da. Bost ikastolen bestek antolatzen dugun ekimen bateratua da; Nafarroa Oinez-en egunean aurkeztuko da, Tafallan [Nafarroa], urriaren 16an.
Herri Urratsek zer dakar berri?
Berritasuna da eginen dela! Aurreko urteetako Herri Urrats bat izango da, baina inoiz baino programazio osatuagoarekin. Azken urteotako Herri Urratsik potenteena izango da. Euskal Herri osoa datorrela maiatzaren 8an Senperera, Seaska sostengatzeko, baina baita batzeko, eta behingoz une goxoa pasatzeko ere, behar beharrezkoa baita une honetan! Bi urtez kendu diguten guztia berreskuratzeko eguna eta tokia izan daiteke aurtengoa.
Aurtengo Herri Urrats maingu dator hala ere, ez dea hala?
Leirek [Iribarne] eta Diabolo Kiwik beraien tokia izanen dute Herri Urratsen: 14:00etan haien musika jarriko dugu, gure omenaldi txikia izango da. Goitik behera apurtu gintuen albisteak.