Badago argia tunelaren bukaeran. Bilboko Aste Nagusiaren ostean bazirudien udako jaien maratoia bukatua zegoela. Baina ez da hala. Hiri handien protagonismoaren ostean, herri txikien txanda iritsi baita, Izurtzarena (Bizkaia) tartean.
Herri horretako jaiak aurreratu egin dira aurten. San Tomas eguna irailaren 7an ospatuko dute izurtzarrek. Berez, Erdoitzako Andre Mariaren eguna izan (irailak 8) eta hurrengo igandean ospatzen da San Tomas. Baina aurten irailaren 8a igandea da, eta jaia hirugarren astez luzatu ordez, San Tomas eguna aldatzea erabaki du udalak. Hala, irailaren 7an izango da.
Baina herriko festak hasiak dira; atzo bota zuten txupinazoa. Marmitako lehiaketa, kartelada, herri bazkaria eta bingoa dira gaurko prestatuak dauden ekintzak. Baina bereziagoa izango da biharkoa, Santa Ageda eguna. Jaia Erdoitzako baselizaren inguruan egingo da. Eguraldi ona egotea funtsezkoa da, beraz. «Duela bi urte dena muntatzera igo ginen goizean, eta gero euria hasi zuen, eta jaitsi egin behar izan genuen», gogoratu du Luis Ballarinek, Izurtzako alkateak. «Aurten eguraldiak laguntzea espero dugu».
Eguzkia izan nahiz ez, hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango du bihar Durangaldeko herri txiki horretara hurbiltzen denak. Goizeko hamarretan emango zaio hasiera egunari, Jaizale elkarteko txistularien kalejirarekin. Behin baselizan, Mendigain dantza taldearen ikuskizuna egongo da. Bertsolarien txanda iritsiko da ondoren, 13:00ak aldera. Iratxe Ibarra, Oihana Bartra eta Erika Lagoma arituko dira oholtzan, jarraian etorriko den herri bazkarirako gosea pizten. Postrearen ostean, bakarrizketak egongo dira, bertaratutakoen aurpegiak alaitzeko; eta arratsaldeko bostetan apustu herrikoiaren unea iritsiko da. Lotxo taldearen erromeriarekin emango zaio bukaera egunari.
Bihartik ostegunera arte su- etena izango dute izurtzarrek; baina datorren ostiralean berriz helduko diote festari, poliki bada ere: frontenis txapelketa eta antzerki emanaldia egongo dira. Larunbatean, San Tomas egunaren ospakizuna iritsiko da. Goiz osoan egongo diren ekintzak Santa Ageda egunean izango direnen oso antzekoak dira: txistularien kalejira, dantza emanaldia eta bertsolariak. Oraingoan, Garikoitz Sarriugarte, Eñaut Uruburu eta Aitor Bizkarra arituko dira kantari. Gero, Gorriti eta haren abereen txanda iritsiko da, eta, arratsalde partean, Mendiko Bizikletako 22. Ibilaldia egingo da. Txirrindularitzak beste kirol lasaiago bati pasatuko dio lekukoa: igel jokoari. Azkonizaga auzoan egingo dute txapelketa.
Sukaldaritzak ere lekua izango du, arratsaldeko zazpietan egingo den tortilla lehiaketarekin. Baina ez da hitzordu gastronomiko bakarra izango, janari marokoarra probatzeko aukera egongo baita 20:45ean, jarraian egongo den herri afariaren sarrera gisa. Hamaiketan, Luhartz taldearen erromeria hasiko da. Iaz ere talde horixe aritu zen jotzen, eta jende gehien erakartzen duen ekintza da, alkatearen hitzetan: «Espero dugu aurten ere jende asko biltzea». Merezi du festa egiten geratzea, txokolatea banatuko baitute goizalde partean. Jantzita ere ezingo da edonola joan, mozorro gaua izango baita larunbatekoa.
Igandean emango zaie bukaera jaiei, Andre Maria egunarekin. Aurreko egunetako eskema errepikatuz, Jaizalek kalejira egingo du 10:00ak aldera; 11:00etan meza egongo da baselizan, eta handik ordubetera Mendigain taldeko dantzarien emanaldia egingo da. Pilota partiduak egongo dira gero, eta baita erretiratuen bazkaria ere, 14:30ean.
Gero, 16:00etan, umeentzako jolas parkea irekiko da. Ez da haurrentzat egongo den hitzordu bakarra izango, ordea: Kiki eta Koko pailazoak bertaratuko dira gero. Mus txapelketa egongo da tartean, eta, bukatzeko; umeak berriz protagonista, lantegiak izango baitituzte, Etxetorreko gazteen gidaritzapean.
Gazteek jaietan izango duten parte hartzea ez da lantegi horietan geratuko. Festak berez udalak antolatzen dituen arren, alkateak esan du herriko gazte taldeek ere asko laguntzen dutela egitaraua osatzeko orduan.
Jaiak. Izurtza
Herri txikien txanda iritsi da
Izurtzako jaiak atzo hasi ziren, eta datorren asteko igandera arte iraungo dute, Erdoitzako ermitaren inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu