Telesailak

Herri toxiko baten barrunbeetan

Corbyn (Ingalaterra) 80ko eta 90eko hamarkadetan izandako benetako gertaerak ditu oinarri ‘Toxic Town’ telesailak: industria hondakin toxikoen kudeaketan izandako arduragabekeriak jaioberri ugariren sortzetiko malformazioak eragin zituen.

'Toxic Town' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
'Toxic Town' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
gaizka izagirre
2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Northamptonshire konderrian dagoen Ingalaterrako erdialdeko udalerria da Corby. Iraganean Eskozia Txiki (Little Scotland) ezizenez zen ezaguna, bertako altzairutegietan lan egiteko Eskoziatik iritsitako etorkin ugarik han hartu baitzuten bizitokia. 1960ko hamarkadan gune industrializatu bihurtu zen arren, 1979an British Steele enpresak ixteko planak iragarri zituen. Aurreko enpresek utzitako hondakin toxiko horien garbiketa tokiko udalaren esku geratu zen. Hala, 1980ko hamarkadan udalak hiria berritzeko proiektu bati ekin zion: siderurgia plantaren eraikinak eraistea. Zer egin zuten hondakinekin? Bada, apurka harrobi batera eraman; kamioietan garraiatzen zituztenean, ordea, agerian geratu, eta hondakinek ingurumenean hauts toxikoa utzi zuten. Denbora tarte horretan bertan, haurdun zeuden hainbat emakumek jaiotzetiko akatsak zituzten haurtxoak erditu zituzten: esku eta oinetan hatzik ez, besoak edo hankak laburtuta, azaleko arazoak eta abar. Udalerria telesailaren istorioaren erdigunean kokatuko da, eta bertan jaioko dira benetako gertaeretan oinarritzen den dramaren gatazka guztiak.

Tragedia horrek kaltetutako hiru amen istorioa azalduko du Toxic Town ekoizpenak: Susan McIntyre (Jodie Whittaker), Tracey Taylor (Aimee Lou Wood) eta Maggie Mahonena (Claudia Jessie); atsedenik gabe borrokatuko dira justiziaren alde, eta tokiko agintariei eta ustelkeria instituzionalizatuari aurre egingo diete.

Minkie Spiroren zuzendaritzak giro ilun eta errealista ematen dio telesailari, eta bikain islatzen ditu komunitatearen etsipena eta etengabeko borroka. Jack Thorneren gidoia, aldiz, salaketa sozialaren eta hunkiberatasun pertsonalaren arteko orekagatik nabarmenduko da. Lau kapituluetan, narratiba hunkigarria eta oso indartsua erabiliz, ama horien erresilientzia eta determinazioa nabarmenduko dira. Ingalaterraren historiako ingurumen hondamendirik handienetako baten esparruan gertatuko da guztia.

Estatu Batuetako gertaera ezagunari erreferentzia eginez —kasu horretan, Pacific Gas and Electric Company (PG&E) enpresaren aurka izan zen—, hedabideetan Erin Brockovich britainiarra izenez egin zen ezagun kasua. Gertaera horiek ere zinemara eraman zituzten eta Julia Roberts protagonista zuen Erin Brockovich filma sortu zuten. Izenburuak aipatzen hasita, Chernobyl telesailarekin eta Dark Waters filmarekin lotura narratiboak dituen seriea da Toxic Town.

Ekoizpenak dramaren bidea hartzen duen arren, badaude umorerako arnasgune txiki batzuk ere. Horiek, bereziki, aktoreen ekintza eta elkarrizketatik jaioko dira. Jodie Whittakerrek (Broadchurch, Doctor Who), esaterako, bere samina egiaren aldeko borroka bihurtzen duen ama baten antzezpen lan hunkigarria eskaintzen du, baina baita barreak eragiten dituen hainbat une ere. Aimee Lou Woodek (The White Lotus, Sex Education), berriz, sakontasuna eta benetakotasuna eransten dizkio bere pertsonaiari. Gainerako aktore zerrendan, Robert Carlyle (Trainspotting), Brendan Coyle (Downton Abbey), Rory Kinnear (Years and Years), Joe Dempsie (Skins) eta Claudia Jessie (La Chronique des Bridgerton) ere ageri dira.
 
Toxic Town-ek, iraganeko tragedia bat berrikusteaz gain, ingurumen arduragabekeriaren eta ustelkeria instituzionalaren ondorioei buruzko ohartarazpen bat ere egingo du.

Antzezpen lan aipagarri eta narratiba sendo eta biziari esker, arrasto oso sakona uzten duen seriea da. Netflixek 2025ean estreinatu duen ekoizpenik nabarmenenetakoa da.

FITXA

  • Sortzailea. Minkie Spiro.
  • Herrialdea. Britainia Handia.
  • Aktoreak. Jodie Whittaker, Aimee Lou Wood, Claudia Jessie eta Lauren Lyle.
  • Urtea. 2025.
  • Non ikusi. Netflix.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 55 minutu.
  • Generoa. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.