Kostata, baina ahaleginak merezi izan du. Azkenean, herri mugimenduak bere tokia berreskuratuko du Iruñeko sanferminetan. 2002an UPNk debekatu egin zituen barraka politikoak. Dena den, ez du lortu herri mugimenduak bestatik kanporatzea. Are, urte askotan herri eragileek tabernak hartu dituzte. Gora Iruñeak hartu zuen, gero, besta herrikoi eta parte hartzaileen alde lan egiteko lekukoa. Azken hiru urteetan gune handi bat muntatu zuten Runako parkean. Aurten, Gora Iruñeak eta herri eragileek hiru plaza izanen dituzte sanferminetan: Errekoletena, San Jose eta San Frantzisko.
Herri Sanferminak, horrela deitzen da Gora Iruñeak eta hiriko beste hamazazpi eragilek osatu duten plataforma. Gorka Izko Gora Iruñea plataformako kideak azaldu duenez, beti argi izan dute zein den beren helburu nagusia: herritarrek bestetan «protagonismoa berreskuratzea». «Herritarren aktibazio horretan ezinbestekoa da eragileen parte hartzea», esan du. Bestelako besta eredu bat garatu nahi dute Iruñean, zortzi aldarrikapen nagusi izanen dituena: besta herrikoiak, parte hartzaileak, feministak, euskaldunak, ekologikoak, kulturalak, antikapitalistak eta pluralak. Horri itxura emateko, hausnarketa prozesua abiatu zuten azaroan, eta Iruñeko Udalak antolatutako sanferminetako mahaian parte hartu dute.
Azken urteetako gunea tresna bat baizik ez da izan Gora Iruñea plataformarendako, inondik inora helburu. Hain zuzen ere, hausnarketa prozesuaren lehenbiziko ondorioa zera izan zen: «Runako jaigunea makrogune bat zen, nolabait ere, eta hori ez zen garatu nahi genuen eredua. Baina UPN zegoenean horrekin konformatu behar izan dugu. Gure jai eredua xumeagotzat dugu, eta Alde Zaharrera, jaiaren muinera ekarri nahi genuen, gure balioetan oinarritutako programazioa ahalik eta gehien zabaltzeko».
San Jose plaza nahi dute parte hartzearen paradigma. Han egiten dira askotan sanferminetako hamaiketako eta bazkariak. Mahaiak, aulkiak, serpentinak, butanoak eta abar izanen dira, hau da, bazkaria prestatzeko eta jateko behar den guzia. «Alde Zaharreko komertzio txikiak eta azokak sanferminetan ere indartu nahi ditugu, eta, gune horrekin, erosketak egin eta bazkaria presta dezake jendeak», azaldu du Izkok. San Frantzisko eta Errekoleten plazetan ere izanen da otorduak egiteko tokirik, jantoki ekologikoa egonen baita. Aurten, Lakabeko herritarrekin batera izanen dira Nafarroako beste herri okupatu batzuetakoak ere. «Kontsumo ez arduratsuari edo basatiari aurre egin nahi diogu».
Denbora dezente eman dute aurtengo sanferminetako ereduari forma ematen, baina bidean arazoak ere sortu dira. Alde batetik, guneak lehiaketara atera zituen udalak. Izkok argi esan du horren aurka daudela, UPNren garaian ere esaten zuten bezala. «Iruñeak herri mugimendu sano eta askotarikoa du, hiri eredu baten alde egiten duena. Formula honekin elkarrekin lanean jarri baino gehiago, lehiatzera bultzatzen gaituzte». Arrazoi burokratikoak aipatu ditu Iruñeko Udalak. Hala ere, Caritasek Sarasate pasealekuan jartzen duen tonbola ez da lehiaketara atera.
Gainera, hasierako lehiaketan ordutegia oso murritza zen. Guneak 20:00etan itxi behar zituzten, eta Herri Sanferminak plataformaren eredua kolokan jartzen zuen horrek. Egoeraren berri eman zuten jendaurrean, eragileek zuten ezinegona partekatzeko, eta herritarren inplikazioa bilatzeko. Azkenean, ordutegiak luzatu zituen Iruñeko Udalak.
Bestalde, Pamplona Orain taldeak plazen adjudikazioa kritikatu du. Haien aburuz, udal gobernuak «haren aldekoei» eman dizkie guneak. Gora Iruñeak gogorarazi du Pamplona Orainek sanferminei buruzko hausnarketan parte hartu zuela, baina, haren proposamena bazter utzi zutenez, alde egin zutela. Takoneran gune bat nahi zuten eragileendako, eta udalak Foruen plazako kontzertuak hara eramatea. «Hori ez da gure jai eredua. Gure xedea ez da ekonomikoa, baizik eta etekin soziala ateratzea», argitu du Izkok.
Bestelako bestak aldarri
Herri Sanferminak plataforma ez da bestelako bestak aldarrikatzen dituen bakarra. Hainbat elkartek protestak eginen dituzte gaur zezenketen aurka. Goizean, Anima Naturalisek eginen du, 11:30ean Udaletxeko plazan. Arratsaldean, Ekintza Antiespezista taldeak, 18:00etan entzierroaren monumentuaren aurrean.
Herri sanferminen argia itzuliko da Iruñera
UPNk bere agintaldian ezarritako betoa dela medio, azken hamalau urteetan herri mugimenduak ez du txosna gunerik izan Iruñeko Alde Zaharrean. Aurten Gora Iruñea plataformaren besta gune handia atzean utzi, eta bestelako sanferminak aurrera eramateko hiru plaza izanen dituzte eragileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu