Ibilaldia

Herri osoa euskaran murgilduta

Ibilaldiak helburu kuantitatiboak eta kualitatiboak bete ditu, Getxoko San Nikolas ikastolako ordezkarien arabera: aurreikusi baino ekarpen ekonomiko handiagoa espero dute, eta eragileen arteko sarea indartu dute.

Andre mordo bat dantzan Getxoko Algorta auzoan, atzo, Ibilaldiko jardueretako batean. MIKEL MTZ DE TRSPUENTES / FOKU
Andre mordo bat dantzan Getxoko Algorta auzoan, atzo, Ibilaldiko jardueretako batean. MIKEL MTZ DE TRSPUENTES / FOKU
amaia igartua aristondo
Getxo
2024ko maiatzaren 27a
14:10
Entzun

Lasaia da Ibilaldiaren biharamuneko goiza San Nikolas ikastolan, Getxon (Bizkaia): kanpotik, kirrinka ahul bat entzuten da tarteka, leihoetako dekorazioa arraskatzen ari baita irakasle mordo bat; barruan, beharginak gora eta behera ari dira eraikin erdi hutsean —ikaslerik ez dago, festaren desmuntatzean laguntzen ari baitira, auzolanean—. «05:00etan, Portu Zaharra ondo zegoen», jakinarazi dio irakasle batek beste bati. «Orduan, zer geratzen da egiteko?», itaundu dio hark. Gauza gutxi jada, Gaizka Arrizabalaga ikastolako zuzendariak azaldu duenez: erakundeen material batzuk, edariak, tiket makinak, komunak, egituraren bat edo beste... Domekan bertan hasi ziren lau guneak jasotzen, jaialdia bukatu eta berehala, 19:00etan. Galdakaoko (Bizkaia) Eguzkibegi ikastolak du lekukoa orain: haiek antolatuko dute datorren urteko Ibilaldia.

Nekatuta daude, baina pozik, jaialdiak ez dituelako soilik hondarrak laga. Arrizabalagaren arabera, milaka lagunek egin zuten txonbo jaialdian, eta «helburu kuantitatiboa zein kualitatiboa lortu da»: areago, litekeena da aurreikuspen ekonomikoak hobetzea, Unai Arzubiaga ikastolako presidenteak zehaztu duenez —ostegunetik astelehenera bitarte jakingo dute kopuru zehatza—. Ekarpen ekonomikoaz gain, ordea, ikastolako ordezkariek igandeko «giro aparta» azpimarratu dute —ez zen istilurik egon, eta sektore, sentsibilitate, adin eta jatorri askotariko jendea bertaratu zen—, eta ikasleen parte hartze zabala izan zen, mila haur baino gehiago batu baitziren topaketetan, Arrizabalagaren esanetan. «Berria da. Orain arte, DBHko 3. eta 4. mailakoak inplikatzen ziren, baina, oraingoan, Haur Hezkuntzatik hasi eta DBH 4. mailako ikasleak egon dira».

«Urteetako presentziari eta lanari esker, San Nikolas erreferentzia euskaltzalea da, eta euskararen motorra da herrian».

GAIZKA ARRIZABALAGAGetxoko San Nikolas ikastolako zuzendaria

Era berean, ikastolen arteko eta herriko beste eragileekin osatutako sarea sendotzeko ere balio izan du festak —harremana dute, besteak beste, Getxoko kultur eta kirol taldeekin, merkatariekin, ALBE bertso eskolarekin...—, eta abagunea eman die urteetako lana ikusarazteko, zuzendariaren berbetan. «Urteetako presentziari eta lanari esker, San Nikolas erreferentzia euskaltzalea da, eta euskararen motorra herrian». Soziolinguistikaren Klusterraren datuetan oinarritu da baieztapen hori egiteko: «Erabilera %10-15 da ikastolaren inguruan. Ez da asko, baina herrian, orokorrean, %5 da. Getxon, A eta B ereduek indarra daukate oraindik, eta horrek oztopatu egiten du erabilera. Uste dugu gure murgiltze eredua ezinbestekoa dela».

Hazkundera doitzeko

Arrizabalagak esplikatu duenez, Bizkaiko bigarren ikastola klandestinoa izan zen San Nikolas: 1963an sortu zuten bederatzi familiak. Ordutik, herrian errotu da ikastola, eta matrikula kopuruetan agerikoa da joera hori: 2005ean, ikastolak zazpiehun ikasle zituen, eta, orain, 1.100 ditu; nahiz eta haur kopurua jaisten ari den, oro har, matrikulazioei eusten ari zaie ikastola. «Udalerriko ikastetxeen artean, honek du ikasle kopuru handiena», Arrizabalagak azpimarratu duenez. Hain justu, Ibilaldian lortu duten diruak hazkunde horretara egokitzen lagunduko die, baita dagoeneko zaharkituta dauden azpiegiturak berriztatzen ere. Izan ere, Haur Hezkuntzako eraikin bat sortzeko asmoa dute —urte bukaeran hasi nahi dituzte obrak—.

«Oraindik ez dira erabat baztertu lehen erabiltzen ziren ikasteko erak, eta ez dira guztiz ezarri konpetentziak eta halakoak lantzeko eredu aurreratuak».

UNAI ARZUBIAGAGetxoko San Nikolas ikastolako presidentea

Horrez gain, eraikin zaharra ere doitu gura dute. «Pedagogia berriak uztartzen ari gara ikastolaren arkitekturara», Arzubiagaren hitzetan. Lehengo egitura mugatuagoa zen, antzinako gelak ez ziren oso handiak, eta ez zuten malgutasunik, presidentearen arabera. Hainbat urte daramatzate hori aldatzen: lau solairu ditu ikastolak, eta dagoeneko esku hartzeak egin dituzte bitan —uda bakoitzean solairu bat—, hala nola material berriak eta beira erabilita, gune zabalak eta erabilera anitzekoak sortuta, eta egokitu daitezkeen altzariekin eta ikus-entzunezko baliabideekin hornituta. Ikaslea ardatz duen pedagogia bat garatzen ari dira, eta bide horri egokituko zaion egiturak sortu nahi dituzte. Erdibideko garai betean daude, Arzubiagak nabarmendu duenez. «Oraindik ez dira erabat baztertu lehen erabiltzen ziren ikasteko erak, eta ez dira guztiz ezarri konpetentziak eta halakoak lantzeko eredu aurreratuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.