Zortzikote bat, zilarrezko kapelak eta zilarrezko ezkatekin egindako txalekoak soinean. Izterrean emandako kolpeekin, txaloekin eta ahoarekin egindako soinu txistukariekin txupinazoak botatzen. Oihu bat: «Gora Euskararen Maratoia!». Erantzuna, txaloak. Horrela hasi zen Euskararen Maratoialdia atzo, 08:00etan, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) udaletxearen aurrean. Maratoia, euskarazko ekintzen 40 orduko segida delako. Aurten Maratoialdia, lehen aldiz maratoia eta Euskaraldia uztartu dituztelako. Txupinazoak bota zituen herritarren zortzikotea da maratoiaren dinamizatzailea.
Herri oso bat 40 orduz, etenik gabe, Okendo plazako oholtza gainean edo plaza publikoan euskaraz egiten eta euskaraz gozatzen: musikariak, aktoreak, idazleak, baserritarrak, ikastetxeetako ikasleak, irakasleak eta gurasoak, euskaltegietako ikasleak, musika ikasleak, dantzariak, bertsolariak, pailazoak, kirolariak, herriko elkarteetako ordezkariak... Urte osoan egiten duten lanaren erakusleiho kontzentratua. Lasartear ezezagunak eta ezagunak: Harkaitz Cano idazlea, Joseba Tapia musikaria, Ane Labaka bertsolaria...
Jendetzaren artean, kamiseta horiak zituzten zenbait lagun, nabarmentzeko moduan. Antolakuntza idatzita bizkarrean. Kamiseta hori horietako bat aurrera eta atzera zebilen Okendo plazan, denetarik egiten: orain paella prestatzen ari zirenekin hitz egin, gero telefonoz paella egiteko gasa eraman behar zuenarekin, gero txosnakoekin... Tarteka animoren bat jasotzen ere bai.
Mari Karmen Ormazabal Ansarena zen kamiseta horia. Ttakun kultur elkarteko presidentea da. Ttakunek eta udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen dute maratoia. Hamargarrena da aurtengoa. 1986an egin zuten lehena, 1988an bigarrena, eta lau urtetik behin hurrengoak, 2020koa COVID-19ak eten zuen arte.
«Hasieran, asmoa zen erakustea eta ikusaraztea Lasarte-Orian bazela euskaldunen komunitatea», gogoratu zuen Ormazabalek. «Azken urteetan, berriz, ezagutza asko zabaldu da, gazteek euskara badakite, baina erabilera landu behar da». Euskararen kale erabileraren datuak, oro har, ez dira onak. «Gezurra dirudi, baina maratoia behar da oraindik».
Lasarte-Orian sortutako eta garatutako egitasmoa da Euskararen Maratoia. Euskal Herrian ez hain ezaguna. Baina maratoi horretan sortu ziren, 2016an, gerora Euskal Herrira zabaldu diren ahobizi eta belarriprest rolak, eta Euskaraldia bera.
Egurrezko markagailu bat zegoen oholtzaren gainean, orduak zenbatzeko. Haurrek emanaldiak bukatu zituztenean, hiru zenbakia zeukan. Gauerdian iritsiko da 40ra. Gero ere, ordea, jarraituko du euskararen maratoiak.
ATZEKOZ AURRERA
Herri oso baten maratoia
Euskararen Maratoialdia egiten ari dira Lasarte-Orian: herriko eragileak 40 orduz, etenik gabe, euskaraz aritzeko saioa. Euskaraldiarekin lotu dute aurtengo ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu