Jon Abril Olaetxea

«Herri mugimendua deserosoa zaio botereari»

Nafarroako Bera herrian jaio zen Jon Abril, 1975ean. Komunikazioaren alorrean aritu da urtetan, eta Aralar alderdiko koordinatzaileordea da gaur egun.

Amaia Agirre Arrastoa.
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Euskaldunon Egunkarian lehen urratsak egin ondotik, Ttipi-Ttapa telebistan aritu zen. Pasio handiz bizi izan zuen kazetaritza. Oraingo lanbidean ere komunikazio alorreko ardura du.

Wikipedian, izenaren aldamenean, politikaria eta bertsolaria zarela jartzen du.

Wikipedian agertzen den guztia ez da egia! Hori ez dut nik idatzi. Politikariarena ederki kostata onartu dut, azkeneko zazpi urteetan nire eguneroko zeregin nagusia hori den arren. Bertsolari ez naiz behin ere izan. Bertsozalea banaiz, bertso epaile ere bai, baina bertsolari ez. Hori zuzentzen ahalegindu naiz, baina ez dut asmatu!

Ttipi-ttapa telebistari ere hegoak moztu zizkioten. Nafarroako Gobernuak itxi al zion mokoa?

Nafarroako Gobernuak moko anitz itxi ditu, eta ixten jarraitzen du! Tamalgarria da; ekonomikoki ito zuten, baina euskarazko telebista bakar bati ere ez dio lizentziarik eman, eta hori politikoki salatu beharrekoa da. Nire etxean berrogei kate baino gehiago ikus ditzaket, baina euskaraz bakar bat ere ez. Euskarak ez duela diskriminazio positiborik behar dioenak azal gogorra du!

Bertsolari txapelketetan epaile lanetan aritu izan zara. Epaitegietako epaileen moduan, zuen esku dago barruraedokanpora. Zergatik utzi zenuen lan hori?

Oraintsu utzi dut. Azken lau txapelketa nagusietan aritu naiz, eta Nafarroako Txapelketan hamasei urtez aritu ondotik, lanean dudan arduragatik utzi dut. Bertsolaritza bizitzeko modu berezia da epailearena. Ez dut sekula inor barrura edo kanpora bidali izanaren sentipen hori izan. Hala sentitzen al zarete bertsolariak? Pribilegiatua izan naiz epailetzan aritu ahal izateagatik.

Bertso saioetan politikari buruz ateratzen den gai orok ikuspegi eta helduleku bertsua duela uste al duzu?

Bai. Eta horretaz hitz egitea ez da beti erraza. Gai-jartzaileak eta bertsolariak errealitate jakin batean bizi dira, pentsamendu politiko propioa dute. Hausnartu egin behar da; zer hobetua badago; guztiok egin behar dugu ahalegin handiagoa heldulekuak zabaltzeko, baina zenbait ikuspegi falta direla kritikatzen dutenek ere gogoeta egin beharko lukete zergatik bizi diren pentsamendu horiek euskararengandik eta euskal kulturarengandik hain urrun.

Herri mugimenduan sinesten duzulako omen zabiltza politikagintzan. Herri mugimendua ere delitua dela dirudi.

Boterearentzat beti izan da deserosoa herri mugimendua. Herri honetako aberastasunik handiena da, eta hainbertze ematen du! Herri mugimenduan militatzeak ekarri nau politikara.

Berako alkateordea izan zinen, orain Aralar alderdiko koordinatzaileordea zara. Liderraren aldamenean hobeto ikusten al dira gauzak?

Lasaixeago bai bederen. Urte guti eman ditut politikan, eta, halere, hasieratik ardura handiko postuak izan ditut. Ez dut aspirazio handiegirik; politikan ez naiz postu baten bila ari. Lanaz arduratzen naiz, ez postuaz.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren kanpoan grabatzen ari zinelako auzitegia barrutik ezagutarazi zizuten. Zu ere errugabea zinen, ezta?

Epaileek zigortu ninduten, polizien kontrako indarkeriagatik! Nire delitua bideokamera piztu eta bi segundoz grabatzea izan zen. Anitz ikasi nuen prozesu hartan, eta anitz sufritu ere bai. Astakerien auzitegia da, frankismoaren oinordekoa. Desagertu egin behar du.

Kantu batek hala dio, «kartzelan erneko da gaztedi berria».

Ez dadila bete! Herri honen tragedia handienetakoa da. Sekulako oinazea sentitzen dut gazteak kartzelatzean. Askatasuna aldarrikatzea eta askatasunean bizitzea oinarrizkoa zaigu. Nola eginen dugu herri hau aske pertsonak ez badaude aske? Alde guztietatik sufrimendu gehiegi pairatzen duen gizartea da gurea. Sufrimendu hori bukatzea ezinbertzekoa zaigu.

Noiz jasotzen da esker hobea? Herriaren alde musu truk ari zarenean edo soldatapean ari zarenean?

Bietara jaso dut esker ona zein kritika latza, baina politikarientzat zein herri mugimenduetako langileentzat soldata duina eskatzea oraindik gaizki ikusia dago gizarte honetan.

Iaz Kurdistanera joan zinen Euskal Herriko gatazkaren inguruan hitzaldi bat ematera. Atzerriko adituen aholkuak ere ez dira falta gurean. ETAren erabateko su-etenak soilik ekarriko al du konponbidea?

Konponbidea ez da soilik ETAren erabateko etenetik etorriko, baina gauzak anitz erraztuko lituzke horrek. Herri honi zor dio etena ETAk, ez Espainiari, ez Frantziari. Estatuek ere eman behar digute su-etena.

Maiatzean alderdi guztien izenak aurkituko al ditugu zerrenda ofizialean?

Hala espero dut, eta hala nahi nuke. Denentzat onura.

Euskobarometroan Aintzane Ezenarro eta Patxi Zabaleta ageri dira punturik gorenetan. Hauteskundeetan jasoko dituzuen bozen aurrerapen bat ote da?

Gehien baloraturiko liderrak izateak ez du erran nahi boz gehien biltzea. Baina lanarekin gauza anitz lortzen da. Orain hamar urte inork ez zuen deus ematen Aralarrengatik. Ezker abertzaleak inoiz ez du hain lider sendo, nabarmen eta baloraturik izan. Tandem ederra osatzen dute. Hain dira diferenteak, baina hain dira osagarriak. Herri honetako lehendakari jarriko nituzke biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.