Komunikazioa

Herri kirolen ahotsa itzali da

Ziriako Ortiz de Zarate etxe askotan sartu zen, Arrate Irratiko uhinen bidez. Herri kirolak zituen gustuko, eta haiei buruzko jakituria partekatzea zaletasun. Herenegun zendu zen, 84 urte zituela.

Orain urtebete utzi zion Arrate Irratiko esatari lanari Ziriako Ortiz de Zaratek. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Lanetik itzultzerakoan mikrofonoa hartu eta herri kirolei ahotsa jartzen zien Ziriako Ortiz de Zaratek (Eibar, Gipuzkoa, 1928-2013). Afizio gisa hasi zituen esatari lanak Arrate Irratian, eta urteen poderiozherri kirolen erreferente bilakatu zen. Irratiko esatari lanez gaindi beste hainbatetan ere mikrofonoa hartutakoa zen: Euskal Herriko herri eta auzo gehienetan aurkeztu zituen jaialdiak. Herenegun hil zen. 84 urte zituen.

Betidanik izan da ezaguna herrian, baina herri kirolean egindako lanagatik egin zen ospetsu Euskal Herri osoan. Kazetari berezia zen: zuzeneko iturriak erabiltzen zituen soilik. «Ematen zuen informazioa berak lantzen zuen. Egun berean hiru edo lau tokitara joaten zen. Ez zuen beste komunikabideek zabaldutakoa erabiltzen, iturri zuzenak baizik». Horrelaxe gogoratzen du Bernardo Ibarra Arrate Irratiko zuzendariak Ortiz de Zarateren lan egiteko modua. Irratian hasi zenean ezagutu zuten elkar, 1982an.

30 urtez aritu zen irratian. Denbora horretan, herri kirolari mordoa ezagutu zuen, baita Euskal Herriko herri eta auzo ugari ere. «Egun batzuetan, autoa hartu eta300 kilometro egiten zituen. Bere ekimenez egiten zuen dena, guk ez genion sekula ezer esan», dio Ibarrak.

Arrate irratia 1982an ireki zuten hirugarren aldiz —bi aldiz itxi zuten lehenago—. Irratira azaldu zen orduan Ortiz de Zarate, eta bere burua proposatu zuen gehien gustatzen zitzaionari buruz hitz egiteko.

Hasiera horietan egunero aritzen zen irratian, lan egiten zuentailerretik bueltan. Iluntzean hartzen zuen hitza, eta ordu erdiz bere jakituria entzuleekin partekatzen zuen. Larunbatean ere irratira agertzen zen, eguerdiko saioa egitera.«Herri kirola bere mundua zen».

Entzuleek estimatua

Adinean gora egitean saioak murriztu, eta astean hiru bider aritzen zen, harik eta iragan urteko martxoan, San Jose egunez,azken saioa egin zuen arte.

Entzuleek asko estimatzen zuten esataria. «Publiko handia eskuratu zuen. Entzule asko eta asko zituen, Ziriakoren ordua noiz iritsiko zain».

Izugarrizko memoria ona zuela dio Ibarrak, herri kirolei buruzko entziklopedia biziduna egiten zuena. «Gure artean komentatzen genuen. Unibertsitatera joan ez zelako, bestela...». 60 urteetako kirol proben emaitzak eta gorabeherak guztiak ongi baino hobeto gogoratzen zituen.

Gainera, hitz egitea oso gustuko zuen. Hizlari trebea izaki, saioa betetzeko inongo arazorik ez zuen izaten. «'Ziriako, gaur hogei minutu', esaten genion. Baina batzuetan ordu erdira joaten zen».

Irratian soilik ez, makina bat herri kirol jaialditan ere ibili zen aurkezle lanetan. Erretiroaren harira, Eta kitto aldizkariak eginiko elkarrizketan halaxe zioen: «Euskal Herrian ez da herririk egongo nik han aurkezpenik egin ez dudanik». Euskal Herritik kanpo ere aritu zen jaialdiak aurkezten, Bartzelonan eta Espainian.

Jose Luis Gorostegik hainbat elkarrizketa egin zizkion Eta kitto aldizkarian. «Jendearekin segituan egiten zituen harremanak, eta behin hitz egiten hastean kosta egiten zitzaion isiltzea», azaldu du Gorostegik.

Herri kirolak haren espezialitatea ziren, baina gainontzeko euskal kirolak ere ongi ezagutzen zituen, pilota batez ere. «Kontatzeko asko zuen, eta ez zuen inongo aitzakiarik jartzen zekienari buruz hitz egiteko».

Ziriako Ortiz de Zarateri eginiko azken elkarrizketa hartan irratia uzteak pena ematen ziola aitortu zuen. «Kalean behin baino gehiagotan gelditu zuten zoriontzeko, baita telefonoz deitu ere. Erreferentzia bat galdu dugu», dio Gorostegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.