Gaia elkarteko langilea

Fabien Mendiburu: «Herri kirolak gure manerara eraman nahi ditugu plazarat, ez erakustaldi moduan»

35 urte bete ditu Angeluko Gaia herri joko eta pilota elkarteak. Hardoi auzoan lortu duten lokal berria estreinatuko dute bihar.

(ID_14450038) Fabien Mendiburu
Fabien Mendiburu, ostegunean, Angeluko Hardoi auzoko pilota plazan. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Angelu
2024ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Jokoaren bidez Euskal Herriko kirolak eta kultura ezagutaraztea eta transmititzea du helburu Angeluko (Lapurdi) Gaia elkarteak, herri kirolek duten irudi folklorikoa hautsiz. 35 urte bete ditu aurten elkarteak. Fabien Mendiburu elkarteko kide eta langileak (Baiona, 1981) elkartearen historiaz eta bilakaeraz hitz egin du, beren helburuak gogoraraziz: «Gaztea nintzelarik, herri jokoak udan baizik ez ziren ikusten, eta turistei zuzenduak ziren». 

35 urte. Erraz erraten da. Denetik bizi izango zenuten bidean...

Gaia elkartea 1989an sortu zen; beraz, orain dela 35 urte. Familiako historia bat da: ottok zuen elkartea sortu. Hastapenean, elkarteak mendiko ekintzak proposatzen zituen: espeleologia, bizikleta ibilaldiak... Eta herri jokoak pixka bat. Pixkanaka, herri jokoek dute lehentasuna hartu. Hasi ziren animazioak egiten herri jokoak proposatuz, kirol horiek zuten kutsu folklorikotik ateratzeko. Badu hamabost urte elkartean sartu nintzela, STAPS kirol diploma pasatu eta gero. Eta ni pilotaria bainaiz, pilota ere sartu nahi nuen elkartean.

Hasieratik zehaztuko zenituzten helburuak...

Lehenik eta behin, herri jokoak denei proposatzea da gure helburua, haurrei, helduei, zaharrei... Elbarriei ere animazioak proposatzen dizkiegu; zinez, denei. Gure leloa da ez dela mugarik jostatzeko. Horrez gain, aipatu bezala, herri jokoek edo indar jokoek duten irudi folklorikotik urrundu nahi dugu. Gaztea nintzelarik, herri jokoak udan baizik ez ziren ikusten, eta turistei zuzenduak ziren; indar jokoak baizik ez ziren ikusten. Beraz, herri kirolak gure manerara eraman nahi ditugu plazarat, eta ez erakustaldi moduan. Erakutsi nahi dugu joko horiek historia eta zentzu bat dutela, eta interesgarriak direla, eta ez direla udan baizik egiten! Gure kultura berreskuratu nahi dugu, eta irudi folklorikoa hautsi, eskoletatik eta erakunde desberdinetatik pasatuz. Hori guztia egiten dugu euskara erdigunean atxikiz.

Jostatzeak zer ekartzen du?

Guk proposatzen ditugun jokoen bidez, Euskal Herriko historia, kultura eta hizkuntza ezagutarazten saiatzen gara. Horrez gain, jokoek momentu on eta goxoak pasatzea ahalbidetzen dute; beste kiroletan ez bezala, herri jokoetan ez da lehiarik; badira helburuak, baina kontua ez da nor den azkarrena edo bizkorrena. Bakoitzak bere helburua du, eta helburua ahal den maneran bururaino eraman behar da. Beste kirolekin diferentea da. Jostatzea momentu on eta goxo bat pasatzea da, hori da garrantzitsuena. Haur zein zaharrentzat, ikusten da deskonektatze bat badela; jostatzean, laxatzen gara, irri egiten dugu, harremanak sortzen ditugu, partekatzen dugu...

Euskara erdigunean dela erran duzu. Euskaldunak ez direnei ere egiten diezue gonbita?

Hasieran erran dudan bezala: mugarik gabe. Bistan da euskara erdigunean dela, baina, bai frantsesez eta batzuetan baita ingelesez ere egiten ditugu animazioak; eta parada dugu euskarazko hitzak sartzeko, kultura aipatzeko, eta abar. Hori hastapenetik izan da gure leloa, bai bertako herritarrentzat eta baita Euskal Herritik kanpo etortzen direnentzat ere. Haientzat garrantzitsua da ikus dezaten Euskal Herria ez dela karta postal bat.

Zuk zer harreman duzu euskararekin?

Anitzek bezala, aita-amak eta orokorrean familia guztia euskalduna dut. Baina eskolara sartu bezain laster, euskara utzi nuen. Lizeora sartu nintzelarik ohartu nintzen ni bezala anitzez gehiago baginela, euskararekin dudan historia bera zutela haiek ere. Ikasketen ondotik, euskara berreskuratu behar nuela sentitu nuen; beraz, zazpi hilabetez Gernikara [Bizkaia] joan nintzen, AEK-ko barnetegira, euskara ikastera. Han euskara baino gehiago ikasi nuen. Ondotik, lau urtez AEKren euskara kurtsoak hartu nituen.

Euskara baino gehiago ikasi zenuela erran duzu. Zer zehazki?

Euskal Herria ezagutu nuen, garai hartan ez bainuen hainbeste ezagutzen. Euskal Herriko beste gazte batzuk ere ezagutu nituen. Xoko desberdinetako gazteak. Nor bere historiarekin, bere kezkekin. Eta ohartu nintzen, azkenean, berdinak garela edozein xokotatik etorririk ere. Historia, kultura eta herria ezagutzea... Horri guziari esker, beste mundu bat ireki zait, harrigarria da. Gertakari desberdinak ere izan dira, atxiloketak, adibidez.

Duela guti, Angelun lokal berri bat lortu duzue. 

Bai, lokala Angeluko Hardoi auzoan izanen dugu. Hardoi auzoak badu historia handi bat Angeluko euskal elkarteekin. Bertatik abiatu dira hainbat elkarte, Ibaialde, Angeluarrak, lehen gaztetxea, Hardoitarrak pilota batasuna... Zentzua badu gure elkartea han izateak, historia eta dinamika aldetik. Berrogei bat urtez, Hardoitarrak pilota elkarteak zuen bulegoa berreskuratu dugu, eta dena berritu dugu. Biziki pozik gara; auzo horrek duen historia segitzen ahalko dugu.

Bihar lokal berriaren estreinaldia ospatuko duzue. Zer antolatu duzue?

Egun aski sinplea eginen dugu: goizean jokoak eta pilota jokoak proposatuko ditugu, oren bat eta erdiz; denei irekia izanen da, hori dena euskaraz. Eguerdi eta erdietan aizkora desafio nagusia izanen da; Angeluko Ibai Teletxea eta Patxi Igoia arituko dira, Zubieta eta Arantzako [Nafarroa] Antonio Jaunarena eta Donato Larretxearen aurka. Nafarroako jokalariak deitu ditugu, hori baita gure beste helburu bat, jokoaren bidez beste probintziekin harremanak sortzea, berriz ere erakusteko ez dela mugarik. Eguerdian estreinaldi ofiziala izanen da. Angeluarrak dantza taldea gurekin ukanen dugu: bizpahiru dantza eskainiko dizkigute. Alfaro anaiak etorriko dira bertsoak ematera, Eñaut eta Ellande. Eta arratsaldea gure artean eginen dugu, goxoki. Angelun horrelako gune bat lortzea aski magikoa da guretzat: hiri erdian da, lasaia da. Oso kontent gara.

LOTSABAKO

Pilota plaza bat?
Biriatukoa [Lapurdi], politena baita.

Kirola egiteko eguraldi bat?
Hodeitsua.

 

Erreferente bat? Nire otto.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.