Jabi Onaindia. Bizkaia Irratiko zuzendaria

«Herri Irratian euskara sartuz joango gara»

Bilboko elizbarrutiko irratiak dira Bizkaia Irratia eta Bilboko Herri Irratia. Urteetan, bakoitza bere aldetik aritu da, baina bat egin dute, eta egoitza berean kokatuko dira laster. Plangintzan lanean ari da Onaindia.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Jabi Onaindia (Aulestia, Bizkaia, 1970) 1992an hasi zen Bizkaia Irratian. 2010etik da irratiko zuzendaria, eta martxoaren 1etik Bizkaia Irratiko eta Bilboko Herri Irratiko arduradun nagusia da.

Zeintzuk izan dira arrazoiak Bizkaia Irratiak eta Bilboko Herri Irratiak bat egiteko?

Bilboko elizbarrutiko irratiak dira biak; 1960an sortu zuten Herri Irratia, eta 1973an hasi zen Bizkaia Irratia euskarazko emisioekin. 1990ean lizentzia bat lortu zuen Bizkaia Irratiak, eta bere leku eta egoitza propioa eman zioten. Elkarlan gutxi izan ditugu azkeneko urteetan, bi toki diferentetan egonda. Bakoitzak bere izaera eta autonomia dauka. Horri eutsita, egon daiteke aukera elkar indartzeko, biak toki fisiko berean egonda. Aurten kokatuko dira biak Mazarredo etorbideko Herri Irratiaren egoitzan. Sinergia batzuk sor daitezke elkarrekin lan eginda. Batak bestea indartu dezakeela pentsatzen dugu. Zuzendaritza ere bateratzea erabaki dugu.

Langilerik ez da kaleratuko bat egitearen ondorioz?

Ez, bi lantaldeetako langileok berdin-berdin jarraituko dugu lanean.

Zertan eragingo die esatariei beren egunerokoan?

Ikusten ari gara ea zertan lan egin dezakegun elkarrekin eta elkarrentzat. Hizkuntza kontuak hor daude: Bizkaia Irratian euskara hutsean egiten dugu, eta Herri Irratian, gaztelaniaz; han kazetari denek ez dakite euskaraz. Aztertuko dugu prentsaurreko batera kazetari bat bidali eta bi irratientzako informazioa ekar dezakeen. Irratian gonbidatu garrantzitsuak daudenean, bi irratientzako baliagarri izan daitezke; esaterako, albistegietarako ahots tarteak ateratzeko. Horrelako elkarlanetan pentsatzen ari gara.

Bilboko Herri Irratian euskara gehiago sartuko duzue? Nola?

Bai, horretan pentsatzen ari gara. Apurka-apurka joango gara eduki laburrak sartuz. Irrati horren entzule gehienak euskaraz bizi ez diren herritarrak dira, baina badute euskararekiko jarrera ona. Gainera, Euskaraldiaren haritik, pixkanaka euskarazko tarte laburrak sartuko ditugu. Euskara praktikorako aholkuak ematea ere aukera bat izan daiteke.

Bizkaia Irratian zer beste erronka dituzue etorkizunari begira?

Erronka beti da ahalik eta entzule gehienengana iristea. Bizkaia da gure eremua; Bizkaiaren ispilu izatea nahi dugu. Hurbilekoak gara, bizkaieraz egiten dugu, eta horrek hurrekotasun puntua ematen du. Entzule gazteengana iritsi nahiko genuke, eta aztertzen ari gara gazteentzako nolako produktuak eskaini ditzakegun. Euskararen erabileran nola eragin ere aztertzen gabiltza. Proiektu bat badugu euskararen erabilera sustatzeko. Bizkaian jende asko dago euskara ikasteko saiakeran ari dena, baina euskaraz bizitzeko jauzia egitea falta zaiona. Guk, akaso, lagundu egin dezakegu horretan. Euskara ikasten ari diren eta ikasi baina erabiltzeko zailtasunak dituzten horiengana iritsi nahi dugu.

Duela astebete, Irakurrieran literatur irratsaioa itzuli zen Bizkaia Irratira. Euskal Herritik kanpo ere badu oihartzuna. Aukerarik egon daiteke gehiago zabaltzeko?

Bai, dagoeneko saioak bide bat egin du. Zaindu beharreko produktu bat da, literaturari buruzko ordubeteko saioa. Leire Palaciosek jarraituko du programan, eta harekin batera Ibai Atutxa arituko da, Gotzon Barandiaranen ordez. Irratsaioa Euskal Idazleen Elkarteak ere zabaltzen du bere bi webguneetan.

Bederatzi urte daramatzazu irratiko zuzendari. Indarrez sentitzen zara orain bi irrati zuzentzeko?

Bai, egia da erronka handia dela. Baina erronka polita ere bai. Zuzendaritza partekatua da, eta Manu Agirre kudeatzailea nirekin batera arituko da. Bien artean banatuko ditugu ardurak. Komunikazioaren mundua aldakor dabil, bertigoa ematen du, baina gogotsu nago.

Euskal Herriko beste irratiekin nolako harremana duzue?

Harreman ona. Korrikaren hasieran eta amaieran elkarlanean arituko gara euskarazko beste irrati batzuekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.