Etxerat ezin joan ilundu artean,
egoten ohi dira zozoen elean
Jean Martin Hiribarren
[Berak ekin dio, jarri garen orduko, galderarik egin baino lehen ere]
Zer nahi duzu, bada?... Nire bizitza kontatzea?
Esate baterako.
Kontuak kontatzeko garaia ere bada, Eguberrietan garenez gero...
Horixe, Eguberrietan garenez gero…
Ea, bada... Hasteko, ez zait gustatzen neure buruaz hitz egitea. Aukeran, ikastolak irekitzen ibili nintzela kontatuko dizut. Juanito Zelaiarekin lan egin nuen, horixe da egia berdaderoa. Poliki-poliki hasi ginen, goxo-goxo, Agurainen, indarka ibili gabe. Kartzelatik irten eta gero hasi nintzen. Arraroa da, baina horrelaxe dira beti gauzak. Orain dela 50 urteko kontuak dituzu. Kartzelatik irten eta ondoko urtean ezkondu ginen Junkal [Olaondo] eta biok, eta garaitsuan hasi nintzen ni Agurainen ikastola irekitzeko lanean.
Zer dela-eta zure kartzelaldia?
San Sebastian bezpera batean atxilotu ninduten [1973], Agurainen bertan. 1967an-edo etorri nintzen Zumarragatik hona, lan bila. Soldadutza egin orduko, amak esan zidana: «Bahoake lan bila!». Eta lan bila, trena hartu eta Agurainera heldu nintzen. Enpresa bat muntatu zuten, eta hantxe sartu nintzen, bulegoan. Hementxe ezkondu, eta jarri ginen bizitzen andrea eta biok enpresak utzitako apartamentu batean. Harremanetan nintzen Antton Jakarekin. Hura zumarragarra, eta ni ere bai, batak bestea ezagutzen genuen. Zenbait mintzaldi izaten genituen, eta ohartuta zegoen abertzale sutsua nintzela, kulturaren aldeko gartsua. Prest nintzen propaganda banatzeko, baina ez pistola hartzeko. Pistolak kollondu egiten ninduen. Horregatik ez naiz sekula ETAkoa izan, pistolak kollondu egiten nauelako. Ez dut adorerik.
Antton Jaka...
Kontua da behin etxean ezkutatua eduki genuela. Hark bai, pistola zuen. Ni lanean eta hara eta hona, eta andreak esan zidan. «Honek pistola dauka burukoaren azpian!». Halaxe jakin nuen haren pistolarena. Kontua da garai hartan ETAk Felipe Huarte bahitu zuela [1973ko urtarrilak 16], eta poliziak sarekada egin, eta atxilotu ninduela. Inondik ere, nire izena agertu zen baten baten oharretan-edo. Eta San Sebastian bezpean, fabrikan ari nintzela, polizia goizeko 09:30ak aldera: «Gurekin etorri behar duk! Eta herritik irten baino lehen, nork osatzen duzuen komandoa esan behar diguk! Non dira komandokoak?», zakar eta lakats polizia, ni estutu nahirik. Ni, guztiz alderantziz, lasai: «Nora hoa? Komandoa? Zer komando, gero? Zertaz ari zarete, ordea?». Baina haiek: «Hobeko duk oraintxe esan!»...
Eta?
Gasteiza eraman ninduten, Olagibel kaleko polizia-etxera. Gobernu zibileko sotoetan eduki ninduten. Han pare bat egun, eta Iruñeko kartzelara, «erakundekoa» nintzelako. Omen. Galdeketan ere horixe esaten nien: «Zer erakunde eta zer erakundeondo, gero?!». Ez bainintzen! Haiek jakin nahi, ordea! Ez ninduten torturatu, estu hartu bai, jan gabe eduki ere bai, mehatxuka beti, andreari halako eta halako egingo zizkiotela. Hau eta hori eta hura. Ez ninduten jo, baina guztiz kollonduta eduki ninduten.
Zer jakin nahi zuten?
Galderak beti-betikoak ziren. Ea nor eta nor ezagutzen nituen Elizan. Eta nik: «Lehenengo, gure aita!, Zumarragako parrokiako sakristaua!». «Ez, ez, hori ez. Besteren bat!». Itsasondoko Txikiaren atzetik zebiltzan. Urte hartako apirilean hil zuten, Algortan. Nik ez nuen Txikiaren berririk. Ez nuen ezagutzen, baina haren atzetik zebiltzan, gero ohartu nintzenez. Hogeiren bat egun eduki ninduten kartzelan. Enpresak nire alde egin zuen, batarekin eta bestearekin hitz egin zuen, baita hemengo komandantziako kapitain nagusiarekin ere —Burgosen!—, eta, azkenean, libre irten nintzen, egiaz ez bainuen ezer egin. Santanderren epaitu ninduten, baina kasua largetsi zuten.
Haatik, barruan gelditu zitzaizun harra.
Bai, bada! Gezurra da kartzelak inor erridimitzen duela, sendotu egiten zaitu zure uste eta sinesteetan. Dozena erdi izango ginen gu kartzelan, ni hogeiren bat egun egon nintzen han, ez genuen eskolarik, ez hitzaldirik, ez gisakorik antolatu, baina barruko zaletasunak heltzera egin zuen. Handik irten eta hasi ginen andrea eta biok ikastola muntatzen Agurainen. Patxi Zabaleta legazpiarra zegoen hemen apaiz orduan. Harekin hitz egin nuen aurreko urteetan zenbat ume jaio ziren jakiteko, ume horiek zein ziren, eta abar. Guk derrigorrezko eskolaratzea baino lehen hartzen genituen umeak. Artean, Haur Hezkuntza ez zen derrigorrezkoa, eta gu hiru-lau urteko haurrak biltzen hasi ginen. Bataioen erregistrora sarbidea ireki ziguten apaizek —Patxi Zabaleta, Pablo Korres, Narbaizako On Antonino... jende egokia, denak—, eta haietxen bidez heldu ginen gurasoetara: gutuna bidali, bilerara agindu, eta holaxe. Agurainen hasi ginen, eta ondoko Araiara eta Dulantzira jo genuen gero. Jokamolde bera erabili genuen beti.
Araia eta Dulantzi Aguraindik bertara ditugu, baina Arabako Errioxara ere heldu zinen zu…
Ez dakit nola, Juanito Zelaiaren txoferra nirekin harremanetan jarri zen: «Juanitok hirekin hitz egin nahi dik. Marieta-Larrintzarren, adibidez». Eta haraxe ni, Juanitorenera. Zer ari nintzen galdetu zidan euskarazko gelak-eta irekitzen, eta nik xehetasunak eman nizkion, eskasia eta gabezien berri eta hau eta hura. Sarri antzean biltzen ginen; hamabostean behin, hor nonbait. Eta, beti, dirua ematen zidan gastuei aurre egiteko, andereñoei ordaintzeko nahiz materiala erosteko. Behin, nik: «Langraitzen ere ireki nahiko nuke gela». Eta Juanitok baietz. Eta hurrena: «Arabako Errioxara ere joan behar dut», eta berak: «Arabako Errioxara? Eta zertan hago hor geldirik? Utzi denak eta segiok! Jarri gauza martxan!». Horrelaxe.
Bakarrik ari zinen?
Bai. Garai batean, hasieran, bakarrik, baina Juanito Zelaiaren sostengu osoarekin. Inoiz, gobernu zibilean ere izan nintzen Gasteizen, Carlos Caballerorekin batera, ikastolek aurrera egin ahal izateko diru eske. Gure argudioa: «Euskararen alde ari gara, ez dadin gure hizkuntza zaharra betiko galdu». Horrela. Eta dirua eman zigun orduko gobernadore zibilak. 12.000 pezeta-edo. Baina lokalak behar genituen, andereñoak, nominak egin, gizarte segurantza ordaindu... eta, hor, Juanito Zelaia izan nuen beti ondoan. Herri honek oraindik ez dio egin zion guztia behar bezala eskertu Juanitori. Juanito Zelaia, beti.
Nola hasi zinen ikastolak irekitzen Arabako Errioxan?
Lehenengo, Guardiara joan nintzen. Eta huraxe izango da gehien saiatu nintzen herria, eta porrotik handiena jaso nuen tokia. Eginahalak eta bi egin nituen, BBKren laguntza ere izan nuen, Briñasko udalekua uzteko prest zen, baina Guardiako jendeari hura urruti zegoela iruditu zitzaion. Nik energiarik handiena utzitako tokia, eta fruitu gutxiena jasotakoa, Guardia. Bastidan ere nekezian ibili ginen, baina lortu genuen ikastolako gela abiaraztea. Lapuebla de Labarcan, berriz, haize alde jardun nuen, bertako bi pertsonari esker: Alvaro Medrano eta Antonio Muro. Erabat emanak ikastolari. Hilak dira biak. Handik Oionera egin genuen, eta Lantziegora, eta Eltziegora, eta Mañuetara... Ordurako Arabako Ikastolen Elkartea abiarazia genuen, eta errazago izan zen dena.
Zein heinetan baliatu zen EAJ zure lanaz, uri buru batzarrak Arabako Errioxan antolatzeko?
Nik hango uri buru batzarrak antolatzen lagundu nion EAJri, jendearekin kontaktatzen udal hauteskundeak prestatzeko... EAJn eman nuen izena, bestela ez baineukan nire asmoari segitzerik. Hark ematen zuen dirua, Jose Maria Gerenabarrenaren bitartez, esaterako. Gastuak gero eta handiagoak ziren eta EAJrako pausoa eman behar izan nuen. EAJn bazkidetu nintzela jakin zuenean, Juanitok [Zelaia] kargu hartu zidan, baina berak ematen ziguna baino askoz gehiago behar genuen, eta halaxe esan nion. Bestalde, Manuel Lejarretak ere —Arabako diputatu nagusi zenak—, egoera legeztatzeko bidea egin zigun, eta, poliki-poliki Arabako ikastolen proiektuak sendotu egin ziren. Hasieran, bakarrik jardun nuen lanean. Sasoi batez gero, Ramon Basarasekin. Hark ere badu informaziorik franko.
Nola inguratu zenituzten andereñoak?
Lehenengoa Felixa Zabaleta izan zen, Nuarbekoa. Baina ez dakit nola inguratu genuen! Nire andrea, berriz, Aguraingo ikastolako lehen andereñoa izan zen. Hasieran, batzuek ez zuten titulaziorik, ikastaroren bat besterik ez. Lehenengo tituluduna, Arantxa Oiarbide beasaindarra izan genuen. Agurainen bertan erretiratu da. Ez zuten kontraturik, ez nominarik. Zenbait andereño gurean bizi izan ziren aldi batean Agurainen, Apategi kalean: gu andre-gizonok eta hiruzpalau andereño. Gero, gauza behar bezala bideratu genuen, Jabier Pagaldairekin kontaktatu genuenean. Lankide Aurrezkian lan egiten zuen, ikastolen atalean. Pagaldai ezinbestekoa izan nuen irakasleen lan-egoera normalizatzeko garaian... Nik kontatu dizut nire partea. Besterik zer esan behar dizut, bada!
Zozoen Elean. Jose Mari Rekarte Fernandez de Lezea. Eragilea
«Herri honek ez dio egin zion guztia behar bezala eskertu Juanito Zelaiari»
Nerbio hutsa zen sasoiko zenean. Trumoia. Berari zor zaio Arabako ikastola askoren sorrera urduria. Lautadan eta Arabako Errioxan saiatu zen gehiena, bururik altxa gabe. Jose Mari Rekarte Fernandez de Lezearen (Zumarraga, 1943) izena ez da urrezko letretan joa ageri, baina herrialdeko ikastolez ari, noiznahi eta beti dira haren aipamenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu