Duela zazpi urte sei herri mugakide herri bakarrean bildu ziren, elkarren artean joko batzuk egiteko eta harremanak indartzeko. Sara, Ainhoa (Lapurdi), Zugarramurdi, Etxalar, Urdazubi eta Bera (Nafarroa) ziren herriak, eta Herri Haitada ekinaldian bilduko dira aurten ere, hirugarren aldiz. Zugarramurdin elkartuko dira, eta eguna antolatzen ari diren kideetako bi dira Maialen Txantre Irazoki (Zugarramurdi, 1991) eta Leiane Madariaga Mutular (Senpere, Lapurdi, 1999).
Herrien arteko lehia bat da Herri Haitada?
LEIANE MADARIAGA: Ez, noski. Herri Haitadaren helburua senidetzea da, inposatutako mugak gainditzea; euskara ardatz hartuta eta gainerako guztia ahantzita. Helburu sakona da, baina hagitz beharrezkoa.
Zer harreman duzue mugakideekin?
MAIALEN TXANTRE: Harreman naturala dugu, mugarik gabekoa nonbait. Nahiz eta, noski, halabeharrez sumatzen den muga hori tarteka. Sararekin, Ainhoarekin eta Urdazubirekin harreman estua dugu, pixka bat gutxixeago Etxalarrekin eta Berarekin, baina harreman ona dugu denok.
MADARIAGA: Horrelako ekintzekin, gainera, estutu egiten da harremana, eta anitzez ere jende gehiago ezagutzeko aukera izaten da.
TXANTRE: Herri Haitadaren hirugarren aldia izanen da aurtengoa, eta dagoeneko eginak dauzkagu harreman batzuk. Gainera, pastoralek eta antzeko ekintzek ere laguntzen dute horretan.
Hasieratik hartu duzue parte?
MADARIAGA: Lehendabizikoan ez ginen egon, baina bigarrenetik aitzinera, bai.
TXANTRE: 2019an egin genuen lehendabizikoa, Ainhoan.
Herrian izateak abantaila emanen dizue, akaso.
MADARIAGA: Aurten, Zugarramurdin izanen denez, ardura desberdina daukagu, noski, aurten guk erabaki ahal izan dugu zeren arabera edo zer irizpide jarraituta banatuko ditugun taldeak. Arreta berezia eman diogu, adibidez, talde mistoak izateari, eta aurten taldeek betebeharra izanen dute partaideen erdiak gizonezkoak eta bertze erdiak emakumezkoak izatea.
Erraz bildu dituzue partaideak?
TXANTRE: Gurea herri txikia da, eta ez zaigu gertatu jendea sobera edukitzea, jokoren batean salbu. Gehiengoetan alderantziz gertatu da, jendea falta genuela.
Zenbat lagun behar zenituzten, bada?
TXANTRE: Proba bakoitzak partaide kopuru jakin bat du, eta beti ez da kopuru bera behar izaten. Adibidez, bizikletan, lasterka eta horrelako probetan herri bakoitzeko zortzi jokalari behar dira. Dantzan, ordea, nahi diren guztiak.
MADARIAGA: Joko berdinak izaten dira urtero, nahiz eta herriak berak modu batera edo bertzera antolatuko dituen.
Nolakoa izanen da maiatzaren 24a?
MADARIAGA: Egun osoko egitaraua izanen du, luzea da hagitz. 08:00etan iritsiko dira bertze herrietakoak, eta hor kafea eta bizkotxoa banatuko ditugu. Jarraian, jokoak hasiko dira, 09:00etan. Bote luzeko pilota, bizikleta, lasterka, bertsolaritza, dantza, egur pilaketa….
Eta bazkaria?
TXANTRE: Ez, bazkaltzeko ez dugu tarterik izanen. Egun osoan ogitartekoak eta taloak hartzeko aukera izanen da, baina ez dugu espresuki bazkaltzeko deskantsurik eginen.
Afaltzeko bai?
MADARIAGA: Bai, joko guztiak finitzean herri afaria eginen dugu, hogei euroan. Emaitzak ezagutarazteko orduan aperitifa izanen da, gero musika... eta, gero, afaria. Arratsean, azkenik, DJ bat jarriko dugu.
Herri batzuk hasiak izanen dira entrenatzen.
TXANTRE: Bai, eta gu ere hasiak gara, astez beti izaten da norbait dantza saioak-edo egiten. Gainera, hemen tokatzen denez, asteburuero izaten dugu bilkuraren bat edo entrenamendurako ordu bat. Sumatzen da saltsa eta antolakuntza herrian.
Hori da Haitada: auzolana.
TXANTRE: Bai, herrien arteko auzolana da indartu eta garatu nahi duguna, eta horretan ari gara.
Irabazleak eta galtzaileak egonen dira?
MADARIAGA: Bai, batek irabazi egiten du, eta bertze herri batek galdu. Lehia pixka bat izaten da, noski, baina denentzat daude sariak.
TXANTRE: Azkenengo bi urteetan antolatu duen herriak irabazi du, eta esperantza hori daukagu aurten. Baina, bai, hein batean, lehiaketa baten moduan funtzionatzen du egunak.
Zein da etsairik gogorrena?
TXANTRE: Sara, erranen nuke. Uste dut etxalartarrak ere gogor ari direla entrenatzen...
LOTSABAKO
Proba bat?
MADARIAGA: Lasterka. TXANTRE: Egur pilaketa.Herri aliatu bat?
MADARIAGA: Etxalar. TXANTRE: Urdazubi.Herri Haitadara joateko ezinbertzeko bat?
MADARIAGA: Euskara. TXANTRE: Umorea.