Prozesu biologikoetan eragina duten jokoak dira joko biotikoak, hots, bizidunak, zehazki, mikroorganismoak erabiltzea da joko horien berezitasuna. Ricardo Mutuberriaeren (Getxo, Bizkaia, 1968) nahia zientzia jende gazteari hurbiltzea da, eta horretarako tresna ezin egokiagoak iruditzen zaizkio bideo jokoak. Asteburu honetan, Bilbon egin dute joko biotikoen lehen jardunaldia.
Nondik dator biologia eta bideo jokoak elkartzeko ideia?
Zientzia laborategi profesionaletatik irten etaeguneroko bizitzan sartzen ari da, eta horrek aukera ematen du jokoak esparru horietan ere erabiltzeko. Hala, Stanfordko Unibertsitateko [AEB] zientzialariek joko biotikoak sortu dituzte, biologia eta jokoak uztartuz.
Nola eratzen dira joko biotikoak?
Joko biotiko bat egiteko web kamera bat —objektiboari buelta emanda— egitura batean jartzen da, eta horren gainean mikroorganismoak jartzen dira porta batean. Paramezioak eta euglenak izaten dira mikroorganismorik ohikoenak. Horiek pultsu elektrikoen edo argiaren bidez mugitzen dira, eta mikroskopioa ordenagailura konektatzean, irudia pantailan ikusten da.
Zein da prozesua?
Mikroorganismoek argiarekin edo korronte elektrikoekin sortutako pultsuak norberak kontrolatzen ditu arduino batekin eta joystick batekin, eta hala erabakitzen da mikroorganismoa nola mugitu. Gero,ordenagailuan irudiaren gainean joko digital bat jartzen da. Adibidez, futbolera joka daiteke pantailan. Aldiz, joko biotikoak gure antzinako bideo jokoak erabiltzen hasi dira joko berriak sortzeko.
Zertarako erabiltzen dira joko biotikoak?
Oso aproposak dira hezkuntzarako,baita ikerkuntzarako ere. Adibidez, orain DNA molekulak kopiatzeko erabiltzen den PCR teknikaren baldintzak hobetu daitezkeela frogatzen ari dira. Horretarako, zaldi lasterketen eredua kopiatuz, PCR teknika hobetzeko joko bat sortu dute. Apustuak egiten dituzte baldintza hobeak nork lortzen dituen ikusteko. Azken finean, prozesu biologikoan joko egitura sartu dute, ikerkuntza joko bihurtu, eta hala, gazteak ere hurbiltzeko.
Gazteak zientziara gerturatzeko modu bat dira, hortaz?
Jokoak dibertigarriak eta serioak izan daitezke. Horiek eragin ona dute pertsonengan eta gizartean. Halaber, diziplina bat baino gehiago hartzen dute kontuan, eta gazteak kontuan hartzen dira. Muntatzeaz gain, jokoa diseinatu ere egin behar izaten da: baldintzak, egiturak, bizidunak alda daitezke. Azken finean, gazteei zientziaragerturatzeko erraztasunak ematen zaizkie jokoen bidez.
Zuk zeuk egin Biologia izeneko mugimenduaren parte dira joko biotikoak?
Mundu mailako mugimendua da,eta horren barnean munduan pertsona asko laborategi komunitarioetan mikroorganismoekin hasi dira jolasten, bideo jokoak landuz. Esan daiteke une berean zientzia amateurrak eta profesionalak egin dutela bat. Zientziaren demokratizazioa lortu nahi dute.
Zientziaren demokratizazioa?
Hasieran, ez zegoen profesionalik, denak amateurrak ziren, eta ekarpen handia egin zuten. Zientzia profesionalizatu eta gero, aldiz, garestitu eta biztanle arrunten eskutik kanpo geratu zen. Ondorioz, laborategi komunitarioak sortu zituzten, zientzia lantzeko toki irekiak eta publikoak, edonor gerturatzeko eginak. Egun, herri guztietan behar dira laborategi komunitarioak.
Etorkizunean, zertarako erabiliko dira joko biotikoak?
Orain laborategi profesionaletan egiten dena laster komunitarioetan egingo da, bertan sortuko dira joko biotikoak, eta osasungintzan eta hezkuntzan erabilera izango dute.
ATZEKOZ AURRERA. Ricardo Mutuberria. Biologoa eta zientzialaria
«Herri guztietan behar dira laborategi komunitarioak»
Mutuberriak beharrezko ikusten du zientzia jende amateurrarengana gerturatzea, eta argi du edozeinentzako esparrua dela. Hark dioenez, joko biotikoak tresna egokiak dira gazteak animatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu