Katalina Foixkoaren historia ez da ezaguna Euskal Herrian; hala dio Angel Rekalde soziologoak (Tolosa, Gipuzkoa, 1957). Hortaz, Joseba Asiron historialariak kontatutako erreginaren pasadizo «ezezagun» bat hartu dute abiapuntutzat, eta hortik bideratu dute publiko zabalari zuzenduta dagoen kontakizuna. Elkarlanean osatutako lana da: Rekalde gidoiaz arduratu da, eta Ainara Azpiazu Axpi, berriz, marrazteaz. Nabarraldek argitaratu du.
Katalina Foixkoa nahita ahaztutako pertsonaia dela esan izan da. Zergatik?
Lehendabiziko arrazoia historikoa da: gerrako galtzailea izan zelako. Zoritxarrez, historia horrelakoa da: galtzaileak desagertu egiten dira, eta irabazleek beraien garaipena kontatzen dute. Hau da, memorian gordeta geratzen badira ere, historiatik desagertu egiten dira. Bigarren arrazoia, berriz, emakumea zela.
Emakumea izanda, are ahaztuago egon da?
Neurri batean, baietz esan daiteke. Beti esan izan da Juan III.a —Katalinaren senarra— zela erregea, baina hori ez da horrela. Katalinak eragin handia izan zuen: Nafarroako erresuma modernizatu zuen, eta Errenazimentua hari esker gertatu zen; oso figura indartsua izan zen.
Katalinaren papera erabakigarria izan zen Nafarroan. Zer helburu zuen?
Katalinak erresuma zaharkitua jaso zuen, izurriteak pasatakoa, gerran zegoena... Hala ere, oso administratzaile ona izan zen, eta erreforma sakonak egin zituen. Hortaz, oso erresuma txikia zuen, baina, aldi berean, oparoa eta aurrerakoia.
Zergatik erabaki duzue pertsonaia komiki bidez ezagutaraztea?
Arrazoi nagusia sozializatzea izan da, haren pertsonaia jendartean ezagutaraztea. Horretarako, haren bizitzan oso mingarria izan zen gertaera familiar bat hartu dugu abiapuntutzat. Izan ere, halako sinbolismo bat dago galtzen ari den semearen eta erreinuaren artean, eta, horri esker, haren bizitza pertsonala eta haren figura uztartu ditugu.
Zer lortu nahi duzue komikiaren bitartez?
Sarritan, halako irakurketa epikoak egitean, alde bakarra goraipatzen da, eta alderdi pertsonala ezkutuan edo bigarren mailan geratzen da. Hortaz, guk epikoa den hori baztertu dugu, eta haren sentimenduen azaleratze hori nabarmendu nahi izan dugu. Horrez gain, gure historiaren berri izatea, baloratzea eta kontzientzia hartzea lortu nahi da. Izan ere, herri gisa, kohesio soziala oso garrantzitsua da nor garen jakiteko, gure lurraldea ezagutzeko...
Gaur egun, jendeak ezagutzen al du Euskal Herriko historia?
Nik ezetz esango nuke; jendearen ezjakintasuna handia da, eta, orokorrean, akulturazio handia dagoela iruditzen zait. Funtsezkoa da bertako historia ezagutzea, historiarik gabe ez dagoelako memoriarik, eta memoriarik gabe ez dakigulako nor garen, nondik gatozen...
ATZEKOZ AURRERA. Angel Rekalde. Nabarraldeko zuzendaria
«Herri gisa, kohesio soziala behar dugu nor garen jakiteko»
'Foixeko Katalina' komikia argitaratu dute elkarlanean Angel Rekaldek eta Ainara Azpiazuk. Nafarroako erregin horren figura aldarrikatu, eta haren pertsonaia ezagutarazi nahi du Nabarraldek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu