Komunikazioa. Oskar Bañuelos. Euskal agentziaren sustatzailea

«Herri bereizi gisa bizitzeko, agenda propioa behar dugu»

Euskal hedabideek gai propioak lantzeko, Oskar Bañuelosek beharrezkotzat jotzen du euskal informazio agentzia bat sortzea.

ALKARTASUNA FUNDAZIOA.
Adrian Garcia.
2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Alkartasuna Fundazioak euskal informazio agentzia bat sortzeari buruzko jardunaldia antolatuko du bihar goizean, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. 09:15etik aurrera, unibertsitate, enpresa eta lanbide arloko hainbat adituk euskal komunikabide eta euskal informazio agentzia baten beharraren inguruan hitz egingo dute. Oskar Bañuelos kazetari eta dokumental ekoizlea (Barakaldo, Bizkaia, 1963) euskal agentzia proiektuaren sustatzaileetako bat da.

Zergatik du beharrezkoa Euskal Herriak albiste agentzia propioa?

Herrialde bat eta komunikazio esparru bat osatzen dute Euskal Herriko probintziek. Herrialde gehienek komunikazio egitura dute. Guk, ordea, betidanik hutsune bat izan dugu: ez dugu euskal albiste agentziarik. Bere garaian, euskarriak askoz ere finkatuagoak zeudenean, prentsa idatziko albiste agentzia izan behar zuelakoan geunden. 2013an gaude, eta euskarri askotarako agentzia izan behar duela uste dugu. Esperimentu asko egon dira iraganean, baina ez dute inoiz emaitzarik ekarri.

Zeintzuk lirateke agentzia horren helburu nagusiak?

Informazio propioa, berezkoa, benetakoa eta desberdindua sortzea. Euskal komunikazio esparruan ematen diren albisteek errealitatearekin bat egin behar dute. Beste estatuek ekoizten duten informazio bereizia sortzea da gure erronka, gure desberdintasun propioa eta gure informazioa ulertzeko era emango diguna. Gainera, komunikazioaren bidez herrialdea egituratuko luke. Azkenik, agentzia honek balioko du Euskal Herria marka esportatzeko, munduan euskaldunak marka baten pean ikus gaitzaten.

Eragin handia dute Efe eta France Presse agentziek euskal hedabideetan.

Herri bereizi gisa bizi behar dugu, eta, horretarako, gure agenda propioa finkatu behar dugu. Agenda hori, oraintxe bertan, ez dago euskal hedabideen esku, Eferen eta France Pressen esku baizik. Oraintxe bertan esfortzu handia egin behar da Eferen zurrunbilotik ateratzeko.

Zer toki izan behar du euskarak agentzia horretan?

Euskarazko euskal agentzia izango da. Hala ere, ez dugu agentzia defizitarioa izan nahi, eta bezeroen arabera ere mugitu beharko dugu; gure balizko bezeroek gazteleraz eta frantsesez ere egiten dute. Euskara izango da hizkuntza nagusia, baina eskaeraren arabera beste bi hizkuntzetan ere egin beharko dugu. Gainera, atzerrirako komunikazioa ingelesez egingo da, marka esportatzeko.

Euskara bultzatzeko tresna gisa baliagarria izango al da?

Hedabide askok ez dute euskaraz argitaratzen jatorrizko informazioa euskaraz ez dutelako. Guk euskaraz albisteak ekoitzi nahi ditugu, nahiz eta errentagarria izateko beste bi hizkuntzetan ere jardun behar izan.

Atzerriko albisteak ere jorratuko al lituzke agentziak?

Guk Euskal Herriko albisteak Euskal Herrirako ekoitzi nahi ditugu, hor hutsunea nabari baitugu. Atzerritik datorren eta gurean eragina duen informazioa ere landuko dugu. Diasporarekin zerikusia duten albisteak ere garrantzitsuak dira guretzat.

Zer aldaketa eragingo lituzke euskal agentziak hedabideetan?

Tokian tokiko albisteetan hutsune bat badagoela iruditzen zaigu. Aldizkari eta egunkari asko daude, baina errazagoa zaie kanpotik datorkien informazioa lantzea bertakoa baino. Tokian tokiko albiste gehiago emango lirateke euskal komunikabideetan, bertako gai gehiago jorratuko lirateke. Gainera, herrialdeko albiste propioen profila markatzeko balioko du. Gure konpetentzia ez dira euskal komunikabideak, Efe eta France Presse agentziak baizik.

Nola finantzatuko litzateke agentzia?

Lau enpresa egitura kontuan hartu ditugu. Lehenengoa kooperatiba bat sortzea litzateke; beste aukera bat EITBren barruan kokatzea litzateke; hirugarrena komunikazio taldeek enpresa gisa sortzea litzateke, eta, azkenik, enpresa bat sortzea, bazkide kapitalistekin. Errazena EITBko eredua litzateke, sinergia asko sortuko bailirateke.

Zein momentutan dago proiektua?

Ideien eztabaida egon da, eta proiektu bat badago, bihar Donostian aurkeztu behar duguna. Proiektua gauzatzeko irizpideak ezarri ditugu, eta aurrekontu posibleak aztertzen ari gara: bezeroak aurkitu, zenbat langile beharko liratekeen, zein lan mota egin beharko luketen... Azken pausoa falta zaigu, negozioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.