Herrestan azalberrituz

Gaur amaituko da hamazazpigarren Feministaldia. Kultura feminista zabaltzea izan du xede, eta egitarau zabalarekin itxiko dute, gaur, Donostian

Iazko Feministaldiaren hasiera. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Euskararen Egunean amaituko da Feministaldia. Aurrekarien arrastoak identifikatzen aritu dira, eta, gaur ere, hori izango dute ardatz, Donostian. 11:00etan hasiko da Plazandreok eta Feministaldia izeneko elkarrizketa. Bi taldeetako kideek orain arteko ibilbidea errepasatuko dute: jaialdiaren lehen koordinatzaile izandako Maider Zilbeti eta Irene Ormazabal batetik; Asun Urbieta eta Juana Aranguren Plazandreok-eko kideak, bestetik. Itzulpen zerbitzua izango da. Baita ondoren lekukoa hartuko dion solasaldian ere: Gran Soletik Petarera, gure arrastoak izenburupean mintzatuko dira Eneka Fernandez liburugile eta editorea, eta Leire Ibarguren idazle eta Emagin elkarteko kidea. Danele Sarriugarte arituko da aurkezle.

Arratsaldean, Bidearen alabak izeneko hitzaldia egingo dute, gazteleraz, 17:30ean. Z aretoan hitz egingo dute Anna Fux artista bisual eta idazleak eta Fatima Aspiritou gizarte integratzaile, aktibista antirrazista eta feminista dekolonialak. Leku berean, performance bat egingo du Elena Aitzkoa artistak: Haitz biberoia, 19:00etan.

Gero, afari kolektiboa egingo dute, eta, 21:00etan, Tripak kolektiboak antolatu duen ibilaldia. Astea festarekin itxiko du Feministaldiak. 22:00etan hasiko da Cabayo performancea. Eddi Circa, DJ Bihotza eta DJ kika1000 arituko dira. Maitasun aitorlekua ere izango da Continta Me Tienez argitaletxearekin egin duten lankidetzan. Gauean, Fabiola Espiga, Alazne Zubizarreta eta Ahuntzaren Eztula tatuatzen arituko dira.

Adierazpen feminista

2006. urtean hasi eta urtero egin dute Feministaldia jaialdia, abenduan. Alorraren esanahiak aldatzeko, edozein forma eta helburu zalantzan jartzeko, eta istorio berriak kontatzeko asmoarekin. Horretan diharduten emakume sortzaile eta aktibistak ikusarazteko nahiak bultzatuta.

Jardunaldiek adierazpen feministarako askatasun eremuak bultzatu izan dituzte, et,a aurten, hamazazpigarrenez, hainbat joera eta diziplinatako andreen elkargunea izan da. Erraztu egin ditu harremanak artisten eta ekintzaileen artean. Sorkuntza gune izan nahi baitu edozein planteamendu hegemoniko zalantzan jartzen duten emakumeentzat.

Dibulgazioa, praktika eta ludikotasuna ditu oinarri: aurten Ahoa narras izan du lelo. Arrastoei segika aritu dira aurreko hiru egunetan, antolatzaileek aipatu gisara, aurretik egindakoa identifikatzen baitute sarritan: «Hor zegoena jada ez da agertzen, baina hor egon zen». Marka horien inguruan hausnartzen jardun dira, «kolektiboan konpartituz, arrasto horiek sakonera eraman eta potentzia eraldatzailez gainezka dauden lekuetara eramateko».

Feministaldia

Gaur, egun osoan, DonostiakoTabakaleran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.