Ezjakintasunak egin du ausart, eta intuizio jakintsu batek bultzatu du egin eta egin eta egitera. Maria Jesus Berrotaran Etxeberria Emeki emakume elkarteko kidearen (Hondarribia, Gipuzkoa, 1949) azken lubakian izan da ia etenik gabeko hitz-aspertua, kabi duen tutoretzapeko etxean: «Eroa naizela esaten dute, baina oso pozik nago hemen».
Feminista zara, eta lehenengo emakumezko aguazila izana, Hondarribian. Zein da bizirik irauteko sekretua: burugogorra izatea, ala positiboa?
Biak. Alardearen gaia zela eta, herra handiarekin nenbilen; lan bat egin nuen neure buruarekin, eta, orain, norbaitek ttipitzen baldin banau, herra hori modu positiboan bideratzen dut, zerbait sortzeko. Eta beti emakumearen alde, ze beti sentiarazi naute gutxiago.
Horrek piztu zizun kontzientzia feminista?
Nik ez nekien feminista nintzenik. Gero enteratu nintzen: Emekirekin hasi ginenean. Eta, alardearekin, bueno! Ttipitasun horiek sentitzen hasten zaren araberan, esaten duzu: «Nola egingo dut nire momentu txarrak konpentsatzeko?».
Eta, nola?
Niretzat mendia da... kristorena! Larhunetik jaisteko pasatzen dudana pasatu egin behar da nire belaunarekin, baina etxera etorri eta botatzen dudan irrintziak indarra ematen dit bi hilabetez besteentzat gauzak egiten aritzeko.
«Nik ez nekien feminista nintzenik. Gero enteratu nintzen: Emekirekin hasi ginenean. Eta, alardearekin, bueno!»
Zuri «hau ezin duzu egin» erranez gero, akabo.
Izorratuko zara! Hasiko naiz pentsatzen nola: zuzenki edo azpijokoarekin; baina lortu arte ez naiz geldituko. Edozein gaitan.
Haurretan ere horrelakoa zinen?
5 urterekin sartu ninduten eskola batean, urrian, eta Gabonak arte ez ziren bisitan ere etorri. Ez nekien erdaraz! Argazki bat daukat [erakutsi du, sakelakoan]: begira ze muturra! Hor indartu nintzen.
Etxekoek ere izanen zuten zerikusirik.
Aitona oso inportantea da niretzat. Anaiak nik baino lau urte gehiago zituen; borrokan hasten ginen, eta anaiak irabazten zuen, noski. Baina aitonak esaten zidan: «Utzi orain borroka egiteari, eta gero emaiozu ostiko bat. Zu ez zara bera baino gutxiago».
Etxeko lanen banaketa ere nahiko parekidea zenuten baserrian, ez?
Bai. Aitonak etxeko lan guziak eta janariak egiten zituen, eta platerak denek garbitzen genituen: anaiak ere bai. Ezkondu eta kalera etorri nintzenean hartu nuen kolperik handiena. Lanik egin behar ez baserrian, eta zera uste nuen: «Orain askatasuna izango da!». Eta kartzela izan zen.
Zergatik?
Senarra goizeko seietan joaten zen kamioiarekin lanera, eta haren zain egon behar nuen arratsaldeko zortziak arte. Esaten nuen: «Gizon baten zain?».
Ez zinen luze egon...
Lehenengo haurra izan baino lehenago senarraren familiako jatetxera joaten hasi nintzen, lanera. Han janaria eta arropa neuzkan, baina dirurik ez; senarrak ekartzen zuen, baina nik nire dirua nahi nuen. Orduan hasi nintzen, esan gabe, lanetik aparte Tupperwareko bilerak egiten, eta harekin xox bat lortzen nuen.
«Senarrak ekartzen zuen, baina nik nire dirua nahi nuen. Orduan hasi nintzen, esan gabe, lanetik aparte Tupperwareko bilerak egiten»
Teodoro Hernandorenaren etxean sukaldari, ondotik.
Astebete edo neramala lanean, etxekoandreak, Mercedesek [Albea], esan zidan: «Ez dizut uniformerik erosiko, ze zuk nire etxekoek baino gehiago balio duzu, eta noiznahi utziko nauzu». Sekula ez nuen entzuna horrelako balioa neukala nik, pertsona gisa.
Nolakoa zen Hernandorena?
Nahi zuena egiten ohitua. Hark atera zuen [Fernando Aire] Xalbador plazara, [Mattin Treku] Mattin plazara... Nafarroako Txapelketa hasi zenean berriro, bertso saio guzietara joaten ginen.
Zu zinen haren taxilaria, ez?
Bai! [Aurpegia piztu zaio] Laxoa ere berreskuratu zuen beste gizon batzuekin, eta hara ere eramaten nuen.
Bertsolari aldizkarian kontatu duzuenez, Emeki elkarteak antolatu zuen lehenengo bertso saio parekidea, 1992ko martxoaren 8an. Maialen Lujanbioren lehen plaza inportantea izan zen [15 urte zituen].
Nik banekien Maialenek irabazi zuela gazteen txapelketa. Deitu nion, eta erantzungo zuela esan zuen. Osteguna, eta erantzuten ez. Ni ja sutan! Deitu nion, eta esan zidan igual ez zela etorriko. «Aizu, hitzeko pertsona behar duzu izan: etorri!». Beti esaten dit: «Zuregatik nago plazan, behartu egin ninduzun!» [irriz].
Beharrik deitu zenion!
Maialenek irauten jakin du, eta hori ez da erraza. Nik hori egiten dut: «Iraun, aterako zara eta». Eta ateratzen zara.
«Maialenek [Lujanbio] irauten jakin du, eta hori ez da erraza. Nik hori egiten dut: 'Iraun, aterako zara eta'. Eta ateratzen zara»
Hernandorenatarren etxea utzita, sukaldari uniformea kendu, eta udaltzainarena jarri zenuen, 1980an.
Ikusi nuen udarako udaltzain laguntzaileak behar zituztela. Joan nintzen udalera, eta esan zidaten: «Emakumeek ezin dute izena eman». Irunera [Gipuzkoa] joaten hasi nintzen, eta zer lan egiten zuten ikusten. Kolon pasealekutik pasatzen ziren fronterako kamioi guziak: banku batean eserita jarri, eta begiratzen nuen nola bideratzen zuten trafikoa. Esaten nuen: «Nik hori egin behar dut!».
Bigarren aldian ere ezetz erran zizuten; eta, azkenean, hirugarrenean.
Ibili nintzen begiratzen udaltzain izateko zer ikasi behar zen. Liburutegira joaten nintzen libre nituen tarteetan: liburua hartu, eta laburpenak egiten. Eta, derrepente, 1980an: udaltzain postuak, Hondarribian. Izena eman nuen, eta deitu gintuzten. Egin genuen etsamina, eta baita proba fisikoak ere! Korrika mila metro egin behar ziren, hesi saltoak, eta, gero, burdinazko bola handi bat bota. Emakumeentzako neurrikorik ez zen: bi kilo gehiago pisatzen ditu gizonenak!
Hartu zintuzten, azkenean. Emakume bat lan horretan ikustea bitxia izanen zen, ala?
Lehenengo egunean zapatak erostera joan nintzen betiko zapata dendara; joan, eta udaltzainen buruak esan zidan: «Hortik aukeratu». «Nola hortik?». «Alkateak esan dit takoidun zapatak hartzeko». Eta nik: «Ni lanera nator!». Udaltzainburua estutu zen, eta esan: «Alkatearengana joan zaitez». Orduan ez zegoen ertzainik ere, e! Nik gauzak pentsatu gabe egiten ditut, ze, ea: lantegi batetik deitzen dizute, han arau batzuk daude, eta zu ari zara beste arau batzuk jartzen. Hori egin behar da, e!
Erretiratu arte aritu zara aguazil. Zer moduz?
Lan soziala ikaragarri egiten da. Etxe batean giltzak barruan utzi bazituzten, joaten ginen: eskailera batekin igo, kristal bat hautsi, eta sartu. Orain gauza horiek denak aseguruaren bitartez egiten dira.
Zailak izanen dira halakoak...
Niretzat lanik gogorrena familien edo auzoen arteko gatazkak dira. Biek dute arrazoia, baina biek dituzte arazoak; biak ezagutzen dituzu, eta gainera nahi dute zuk juezarena egitea. Bikoteetan ere izaten dira arazo asko. Lehen, separatzeko, eraso egin behar zizuten, baina ez hitzez. Andrea ospitalera eraman behar zenuen.
Orain nahi dute udaltzainek pistola eramatea.
Gu ez ginen horren alde; hurbilago ginen herritarrengandik. Orain akademiara joaten dira, eta polizia izaten ikasten dute. Lege aldetik ere dena aldatu da. Gaurko egunean borondate onarekin ezin duzu ezer egin: lehen, elkar laguntzen genuen, eta, orain, salaketak jarri.
«Gaurko egunean borondate onarekin ezin duzu ezer egin: lehen, elkar laguntzen genuen, eta, orain, salaketak jarri»
Emeki 1991n sortu zenuten, bazenituzten berrehun bat bazkide, mugimendu handia, eta alardearen auzia hortik lauzpabortz urtera lehertu zen.
Bost gizon elkartzen ziren alardea antolatzeko, eta 1994an, 1995ean eta 1996an ere —atera baino lehen— hainbat bilera egin genituen horiekin. Gelditu ginen 1995ean haietako bat etorriko zela guri txilibitua jotzen erakustera. Gero ez zen etorri.
Zerk piztu zizuen parte hartzeko gogoa?
Nik 1981etik neraman irailaren 8an Jaitzubiko elkartera etorri, eta hango konpainia trafikoarekin eramaten. Haiekin hartzen genituen angelitak-eta. Nik esaten nien jubilatzen nintzenean gustatuko litzaidakeela ateratzea, eta: «Bai, nahi duzunean!». Ez dakit udaltzain arropak egiten zuen efektua edo: ni haien arteko beste bat nintzen. Baina gero hasi ginenean alardean parte hartu nahian, ja etsaiak ginen: sorginak bihurtu ginen.
Zergatik uste duzu ez zutela nahi?
Ez zutelako boterea galdu nahi. Nahi dituzten kantinerak eramaten dituzte, baten alaba eta bestearena. Eta, gero, beste gauza bat, oso garrantzitsua: kirol kaia egin nahi zuten.
Zer zerikusi du horrek?
Hondarribian dirudun jendea bizi da: kanpotik etorri diren euskaldunak, enpresak dituztenak. Kirol kai ttipi bat genuen, eta handiago bat nahi zuten, baina herrian gehiengoak ez zuen nahi. Alkateak tratu bat egin zuen: alardea batzuentzat, kirol kaia besteentzat. Hori ez da zabaldu.
Gauza gogor anitz pasatuko zenituen. Nabarmenduko zenuke baten bat?
Gorriak eta bi pasatu ditugu batzuek, baina niretzat positiboa izan da: nik gaur egun mundu guziari egiten diot kasu, pozik nago, eta ez dakit noiz, baina badakit lortuko dela.
Balio izan du?
Bai. Orain foro bat sortzen ari da mina sendatzeko; ni ez naiz sartuko, nik minak sendatuak ditut. Familiak puskatu dira? Bazuten lehendik zerbait! Gauza bat esango dizut: erakunde guziek (diputazioak, Emakundek, euskal gobernuak) hau antolatu nahi izan balute ere —EAJ egon da 1979tik udalean—, hau antolatuta zegoen. Ez da antolatu Emakundek behar duelako foku bat nonbait, zerbait egiten duela erakusteko. Eta besteek ere bai. Zerbait egiten dute? Deus ez.
Emekik ekintza pila bat antolatzen du.
Bai, orain emango dizkizut memoriak [espresuki inprimatutako koaderno bat erakutsi du, ekintza guziak dokumentatuak dituena].
Zer ematen dizu Emekin parte hartzeak?
Bizirik egotea. Ni ez naiz ari niretzat bakarrik lanean, eta ez da harrokeria. Nik egunero hondar ale bat jartzen dut emakumeen eskubideen alde, ahal dudan bezala.
«Ni ez naiz ari niretzat bakarrik lanean, eta ez da harrokeria. Nik egunero hondar ale bat jartzen dut emakumeen eskubideen alde, ahal dudan bezala»
Nola ikusten duzu gaur egun emakumeen egoera?
Emakumea ari da pixka bat esnatzen, bere burua gehixeago baloratzen. Baina niri iruditzen zait oso poliki doala, ze emakumeei beldurra sartua digute.
Emakumeek berek gutxiesten dute beren burua?
Nik uste dut baietz. Eta, ni, berriz, erdi eroa nagoenez, ba banoa.
Nola bizi duzu erotzat hartzea?
Grazia egiten dit. Badakit ez dela eroa, baizik desberdina: nik sentitzen dudana egitea. Baina eskerrak eroa naizela! Bestela ez nintzateke hemen.
Zure adineko emakume anitzek bilobak zaintzen dituzte. Nola ikusten duzu hori?
Emakumeek alabari edo semeari ezetz ez esateagatik egiten dute lan hori: ez dute egin nahi. Baina ez da esaten. Nik uste dut %80k ez dutela plazerez egiten. Nik egin dut, baina minez zirenean: ez ditut egunero zaindu. Eta maite naute... izugarri! [biloben argazkiak erakutsi ditu].
Elkarrizketa hemen egitea nahi zenuen: zure azkeneko borroka lekuan. Esplika dezakezu zer den?
Tutoretzapeko etxebizitzak dira: adineko jendea, elkarrekin, bakoitza independente bizitzeko. Badira leku komun batzuk nahi baduzu hara joateko bazkaltzera, eta nahi baduzu etxea garbitzen dizute, edo zuk egiten duzu. Eta nahi duzun bezala sartu eta ateratzen zara. Oso pozik nago. Asko biltzen naiz jendearekin-eta, eta gero hona etortzen naiz, eta esaten dut: «Ze bakea». Hemen egoten naiz irakurtzen, edo telebista ikusten, edo musika entzuten... Ihesbide bat bezala da.