Datorren asteko estreinaldiak

Heroi estatubatuarrak Frantzian

Clint Eastwoodek benetako protagonistekin egin du 'The 15:17 to Paris' filma. Zuzendari estatubatuarrak 2015ean Bruselatik Parisera zihoan tren laster batean gertatu zen atentatu saiakera kontatu nahi izan du

Ordu laurdeneko atentatu saiakera izan zen tren barruan, 2015eko abuztuan. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Azken urteotan Frantzian izan diren hainbat atentaturen artean, batek erakarri zuen Clint Eastwooden arreta. Huts egin zuen atentatu bat izan zen, eta egun horretan hiru pertsonak izan zuten jokabideak harritu zuen gehienbat zinemagile beteranoa. Hori dela eta, gertaera horien inguruko film bat egitea erabaki zuen.

Oraindik ez dira hiru urte pasatu, 2015eko abuztuaren 15ean gertatu baitzen dena. Frantzia alertan zegoen; armada karriketan zen, eta agintariek salbuespen egoera moduko bat ezarri zuten. Hala ere, atentatu saiakerek ez zuten etenik, eta psikosia herrialde osora zabaldua zen.

Egun hartan, Ayoub El Khazanni atentatu bat egiten saiatu zen Bruselatik Parisera zihoan tren laster batean. Nonbait, armaz beteriko poltsa bat igo zuen trenera. Haren asmoa honako hau omen zen: trena martxan zenean eserlekutik altxatu eta, asalto errifle bat eskutan zuela, bidaiarien kontra tiro egiten hastea. Baina ez zuen lortu helburua. Batetik, armak huts egin ziolako; bestetik, trenean zeuden hiru bidaiari estatubatuar oldartu zitzaizkiolako, eta, lurrera botata, geldiaraztea lortu zutelako. Bitartean, trenak martxan segitu zuen, horrelaxe, Arrasko geltokian gelditu arte; ordu laurden luzea pasatu zen.

Spencer Stone, Alex Skarlatos eta Anthony Sadler estatubatuarrek eragotzi zuten atentatua. Lagunak dira hirurak, eta bidaia bat egiten ari ziren Europan barna. Haietako bi AEBetako armadan izanak ziren, eta han ikasitako zenbait teknika baliatu zituzten gizon armatuaren kontra jotzeko.

Bidaiari gehiago

Stone zauritu egin zen borrokaldian; bi labankada jaso zituen eskuan eta lepoan. Ez ziren haiek izan ustezko terroristari aurre egin zioten bidaiari bakarrak; gehienak eserlekuen artean ezkutatu ziren, baina beste bi bidaiarik ere haren kontra jo zuten. Dena den, hiru lagun estatubatuarren jokabidea nabarmendu zen gehien. Besteak beste, François Hollande orduko Frantziako presidenteak Ohorezko Legioa ezarri zien Stone, Skarlatos eta Sadleri.

Heroi bakartiek edota antiheroiek beti eman diote arreta berezia Clint Eastwoodi. Leonerekin egindako westernetan hasita, bere ibilbide luzean horren adibide ugari daude. Hala ere, azken pelikuletan ematen du areagotu egin dela obsesio hori: American Sniper-en Irakeko gerran borrokatu zen frankotiratzaile bat pantailaratu zuen, eta horren ondotik Sully hegazkin pilotuaren txanda izan zen. Oraingoan bat ez, hiru heroi goraipatu nahi izan ditu Eastwoodek. Sorterriari begira, betiere, oso estatubatuarra baita haren begirada.

Nolanahi ere, The 15:17 to Paris horretan urrunago eraman nahi izan du hiru pertsonaia horiekiko lotura, eta, aktore profesionalekin lan egin beharrean, haiek egingo dituzte beren rolak. Zuzendariaren arabera, pelikularen errealismoa areagotu nahi izan du hautu horrekin.

'THE 15:17 TO PARIS'

Zuzendaria. Clint Eastwood.

Aktoreak. Spencer Stone, Anthony Sadler, Alek Skarlatos, Judy Greer, Jenna Fischer.

Herrialdea. AEB. Urtea. 2017.

Iraupena. 94 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.