'Hermano Lobo' erakusketarekin hasi da Bilboko Barrea jaialdia

Basakeriak umorearen ikuspegitik landuko dituzte jaialdiko gonbidatuek, hitzaldi eta erakusketetan

Bisitari bat Hermano Lobo aldizkaria zenaren azal batzuk begiratzen, atzo, Bilboko BBK Aretoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Artea eta literatura. Eta umore bidez bada hobe. Horretan ahaleginduko da Bilboko Barrea jaialdiaren hirugarren aldia, gaurtik hilaren 7ra bitartean. Artea eta literatura umorearen bidez azaltzen. Sei egunez, mundu horretako hainbat pertsonaia famatu elkartuko dira Bizkaiko hiriburuan. Ofizialki jaialdia gaur hasiko den arren, atzo bertan estreinatu zuten aurtengo lehen erakusketa, Bilboko BBK Aretoan. Hermano Lobo 70eko hamarkadan izan zen umore aldizkari ezagunaren atzera begirakoa egin nahi izan dute antolatzaileek, besteak beste, astekariak argitaratu zituen 213 aleetatik 88 jendaurrera ekarriz. Jatorrizkoak dira guztiak, eta garai hartan zentsuratu zituztenak ere badaude tartean.

Fernando Garcia Garreta bildumagileari esker abiatu dute erakusketa.Hilaren 7ra bitarte egongo da zabalik, 11:00etatik 21:00etara, Bilboko BBK Aretoan. Azkenengo egunean, gainera, Garciak Hermano Lobori buruzko hitzaldia eskainiko du, 12:00etan, BBK Aretoan bertan.

El Roto gazteak diseinatu zuen lehen azala, eta gerora izen handiko beste artista famatu batzuek ere islatu zuten euren artea aldizkari mitikoaren azalean. Hala nola Forges, Jaume Perich, Miguel Gila, Cesc eta Manuel Summers aritu ziren marrazkilari lanetan, eta Francisco Umbral, Manuel Vazquez Montalban, Haro Tegglen eta Manuel Vicentek testuak idazten jardun zuten.

1972ko maiatzaren 11n sortu zuen aldizkaria Chumy Chumezek, eta 1976 urtean itxi zuten. Frantziako Charlie Hebdo astekarian oinarritu zen. Hasierako urteetan hamasei orrialde zituen, oro har testu gutxi eta tamaina handiko ilustrazio handiekin. Frankismoaren azken urteak izanda, berehala hartu zuen indarra Espainiako gizartean. La Codorniz, ordura arte umore aldizkari garrantzitsuena izan zenaren lekua bete zuen. Zentsuraren muga-mugan ibiltzen zen beti, bere goiburuak azaltzen zuen bezala: Umore astekaria, ahal den neurrian.

Egitaraua berrikuntzekin

Basakeria mota ezberdinen aurka egitea. Horrek duen garrantzian oinarrituko da aurtengo Bilboko Barrea jaialdia. Umorea krisiaren aurka, umorea ETAren indarkeriaren aurka, umorea sexuan, umorea matxismoaren aurka… Hainbat idazleren arteko solasaldien bidez saiatuko dira gai ezberdin horiek aztertzen. Gaurtik hasita, ia egunero egingo dira solasaldiak.

Gaur egingo den lehenengo saioa Jorge Martinez Reverte eta Lorenzo Silva idazleen eskutik joango da. 20:00etan hasiko da ekitaldia, eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena izango dute ardatz, Umorea bonben azpian izeneko saioan.

Fernando Savater eta Andres Trapielloren txanda izango da bihar. Umorea basakeriaren aurka izeneko saioa gidatuko dute ordubeteko solasaldian. Iluntzeko zortzietan hasiko da hitzaldi hori ere, BBK Aretoan. Etzi, aldiz, ordu eta leku berean, Jon Juaristi eta Bernardo Atxaga ariko dira egilearen konpromisoa basakeriaren aurrean zein den azaldu nahian.

Jaialdiaren hondarrean izen ezagun gehiago. Boris Izagirrek, Valerie Tassok eta Cristina Fallarasek Umorea sexuan izeneko hitzaldian parte hartuko dute, 22:30ean, Areatzan. Hor izango da aurtengo jaialdiko berrikuntzetako bat, aire librean egingo baita saioa.

Beste modu bateko lehiaketa eta erakusketetarako tartea ere izango da aste guztian. Lehen aldiz, 8 eta 16 urte bitarteko gazteentzako Literatura eta umore grafikoaren I. eskola lehiaketa jarriko dute abian antolatzaileek. Egunero-egunero, gainera, Asier etaJavier marrazkilariek egindako Umorea krisiaren aurka argazki erakusketa egongo da Areatzan (11:00etatik 21:00etara), eta Alondegian, berriz, Umorea ETAren aurka erakusketa izango da (11:00etatik 20:00etara).

2010ean jaialdia jaio zenetik nazioarteko pertsona famatuak gerturatu dira Bilbora, eta aurten Ismail Kedarek bereganatuko du denen ikusmina. III. Bilboko Barrea saria jasoko du larunbatean, 21:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.