Telesailak

Heriotzaren mamu eternala

Sei ataleko 'El Estado contra Pablo Ibar' dokusaila estreinatu du HBOk, Irusoin euskal ekoiztetxearekin lankidetzan

HBO.
Mikel Yarza Artola.
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Kazetariak, Polizia agenteak, Estatuko fiskaltza, abokatuak, senideak... denak entzun daitezke Pablo Ibarren inguruan hizketan. Denak, Ibar bera izan ezik. Istorioaren protagonista bazterrean utzi du Olmo Figueredo zinemagile sevillarrak, eta hori da, ziurrenik, haren lan berriaren ezaugarririk esanguratsuenetako bat.

Dokumental estiloko telesail bat da El Estado contra Pablo Ibar, eta sei ataletan hautu seinalatu hori egin du Figueredok: kondenatu ezaguna erdigunetik alboratu du, eta lehen lerrora ekarri auziaren testuingurua. Xehetasun handiz kontatu du Ibar heriotzaren korridorera eraman zuen gertakari eta erabaki katea. Baina, auzibidearen errepasoa egiteaz gain, inoizko lekukotzarik gordinenak ere bildu ditu, Nickelodeoneko biktimen senideetatik hasi eta Zestoako Ibar familiarenganaino.

Bide horretan, ohiko hurbiltze gizatiarretik ihes egin du Figueredok, eta dokumental generoa besarkatu du bete-betean. Erritmo biziko kontaketa da; garaiko eta egungo gertakariak inoiz argitaratu gabeko artxiboko irudi ikusgarriekin jantzi ditu, eta, batez ere, neutraltasuna mantendu du.

Ez ditu epaitu 25 urteren ostean oraindik argitu gabe dauden kontuak, ahalik eta modu inpartzialenean erakutsi baizik. Oso bestelakoa izan zen iazko En el corredor de la muerte. Movistar+ plataformak lau ataleko telesail batean eraman zuen fikziora Ibarren auzia. Kondenatuaren eta haren senideen begirada izan zen han landu zuten bakarra.

Ibarrek kolpe gogorra jaso zuen iaz, bigarren epaiketa galdu, eta, berriz ere, bizi osoko kartzela zigorra jasotzean. Testuinguru horretan, ez dirudi HBOren dokumentalak auziarekiko interesa berpiztu eta errealitatea baldintzatzeko gaitasunik izango duenik, Netflixen true crime estiloko hainbat kasutan gertatu izan den moduan.

Hala eta guztiz ere, Figueredorena da Ibarren auziaz inoiz egin den ikus-entzunezko azterlanik osatuena, eta ikuslea bultza lezake lerroburuak horrenbeste alditan bete dituen kasu honen bigarren irakurketa sakonago bat egitera. Sortzaile andaluziarrak atea irekita utzi die etorkizuneko galderei eta gertakariei, eta, akaso, horiek garatu ahala, bizi berri bat har lezake dokumentalak ere.

Olmo Figueredoren lanak badu bestelako interesgune bat ere. HBOren proiektu horren atzean dago Irusoin euskal ekoiztetxea, Garaño, Goenaga eta Arregiren ibilbide arrakastatsuko ohiko bidelaguna. Bada, hain justu, Figueredo da Oscarretarako bidean den La Trinchera Infinita filmeko ekoizleetako bat.

Norbanako biren artean gertaturiko hilketen misterioa alde batera utzita, El Estado contra Pablo Ibar dokusailak AEBetako sistema judizialaren pitzadurak ere azaleratu ditu. Telesaila Donostia Zinemaldian estreinatu ostean heldu da orain HBOra. Oraingoz, erreferentziazko plataformak Espainian eta Portugalen emango du soilik. Ikusteko dago dokumentalaren kalitatea nahikoa izango ote den auziak berriz ere AEBetako ikus-entzuleen arreta bereganatzeko.

'EL ESTADO CONTRA PABLO IBAR'
Sortzailea: Olmo Figueredo.
Pertsonak: Pablo Ibar, Kandido Ibar, Barbara Brush, Casey Sucharski, Deborah Bowie.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2020. Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Krimena. Dokumentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.