Heriotzaren korridorean

Movistar+ek Pablo Ibarren auziaren inguruko telesail bat estreinatuko du datorren astean

Ramon Agirrek Kandido Ibarrena egiten du, eta Miguel Angel Silvestrek, Pablo Ibarrena. DIEGO LOPEZ CALVIN-MOVISTAR+.
urtzi urkizu
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
«Hunkigarria izango da», iragarri du Ramon Agirrek. Kandido Ibarren pertsonaia jokatzen du aktore donostiarrak En el corredor de la muerte telesailean. Movistar+ ordainpeko plataformak osorik estreinatuko du hilaren 13an. Gasteizko FesTVal jaialdian aurkeztu zuten atzo ekoizpena, eta bertan izan ziren gidoilari eta aktore nagusiak. Pablo Ibarren auziarekin lotutako istorioa 50 minutuko lau ataletan jaso dute.

Nacho Carreteroren liburu batean oinarritu dira fikzioa egiteko, errealitateari oso atxikita. Ramon Campos da ekoizle eragilea, eta Carlos Marquet Marcet zuzendaria. Pablo Ibarren rola, berriz, Miguel Angel Sivestrek jokatzen du. «Errealitateari fidelak izaten saiatu gara», esan du Camposek. Bambu Producciones ekoiztetxearena da telesaila.

Panaman egin zituzten grabazio gehienak. Eta barneko sekuentzia gutxi batzuk, Madrilen. Marquet Marcet zuzendariak argi ikusi zuen Agirrek hezurmamitu behar zuela Kandido Ibar. «Zuzendariari esan nion ez naizela oso indartsua, ez altua, Kandido modukoa. Baina hark esan zidan energia berezia ematen niola, pertsonaiarekiko egokia. Egia da telebistan ez dela zaila altuera disimulatzea».

Agirrek aitortu du berezia dela interpretatu behar izan dituzten pertsonaiak benetakoak izatea eta bizirik egotea. «Errealitatea eta fikzioa elkarren ondoan joaten direnean, errespetua ematen dizu, eta lana serio egiteko gogoa ere bai. Lantaldeko guztiak hunkituta geunden istorioarekin». Aktoreak nabarmendu du «inplikazio handia» sortu zela lantaldeko profesional guztien artean. «Benetako familia bat bezala aritu ginen. Jabetzen ginen zerbait berezia egiten ari ginela».

Telesaila grabatzen ari ziren bitartean, Pablo Ibarren azkeneko epaiketa gertatu zen. «Horren ondorioz, azkeneko atalerako bi gidoi desberdin genituen. Epaiketan gertatzen zenaren arabera, amaiera aldatzen baitzen. Hotzikara ematen zuen kontuak».

Telesailean lanean «oso hunkituta» aritu dela aitortu du Agirrek. «Nahiz eta ez dakizun ehuneko ehunean zer gertatu zen, Ibar familiaren alde jartzen zara. Enpatizatu egin nuen Kandidorekin. Kartzelako istorioak ezagutzen ditugu, eta Euskal Herrian badakigu zer den aita batentzat semea espetxean izatea».

Pilotari ohiarekin aurrez aurre egoteko aukerarik ez du izan aktoreak. «Nacho Carretero gidoilaria familiarekin harremanetan egoten da, eta, agian, aukera iritsiko da. Gustura hitz egingo nuke Kandidorekin», azaldu du Agirrek.

Agirre Gasteizera itzuliko da etzi, FesTVal jaialdiko amaiera galan EITB saria emango baitiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.