Alaiak, eguzkitsuak eta koloretsuak, edo grisak, euritsuak eta tristeak. Baita bien arteko nahasketa bat izan dezaketenak ere: horrelakoak izan daitezke egunak. Norberaren bizipenen arabera aldatu daitezke, bai onera, eta baita txarrera ere. Egun tristeen inguruan hausnartzen du Markeliñe antzerki konpainiaren Euria antzezlanak; zehazki, doluak gidatzen dituen egun horien inguruan.
Haurrentzako antzezlan bat da. Protagonistak (Fernando Barado) emaztea galdu du, eta haren dolua pasatzen ari da; minari lotuta. Haren emaztea gogorarazten dion aterki bat du etxean, eta ez du hura burutik kentzerik. Behin, zinemara joan, eta puskatutako aterki bat aurkitu du. Aterki hori konponduz, falta zaion poztasuna berreskuratzea lortuko du. Bi aktorek laguntzen dute protagonista: tristura irudikatzen duen emaztea (Nekane Martinez), eta, aterkia konpondu ondoren, poztasuna irudikatzen duena (Itziar Fragua). Aktoreek ez dute hitzik egiten.
Uztailaren 22tik 30era Asian egon da Euria, Seulgo (Hego Korea) eta Okinawako (Japonia) antzerki jaialdietan. Jon Koldo Vazquezek, Markeliñeko kideak, duela hiru urte hasi zituen lanak Asiara joateko. Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Nazioarteko Elkarteak kongresu bat egin behar zuen Tokion, eta taldeak antzezlan hori aurkeztu zuen bertan antzezteko. Aukeratuak izan ziren, baina, pandemiaren ondorioz, ezin izan zuten joan.
Azkenean, baina, lortu zuten joatea, eta asteartean itzuli zen bost laguneko taldea. «Primeran egon gara, harrera izugarri ona izan dugu», aipatu du Vazquezek. Seulen bi emanaldi egin dituzte egunean, bata goizean eta bestea arratsaldean; guztira, sei. Okinawan, berriz, hiru emanaldi izan dituzte. Horri esker Japonian denbora libre gehiago izan dutela adierazi du Markeliñeko kideak, hiria bistatzeko. Hala ere, tifoi denboraldia denez, nahi baino gutxiago ikusi ahal izan dute.
Publikoaren errespetua izan da deigarria Vazquezentzat: «Ez zen ezer ere ez entzuten, antzezlanarekin konektatu egiten zuten». Gainera, saio bakoitza baino lehen, aretoko langile guztiekin biltzen zen taldea, elkarren artean ezagutzeko: «Hori oso arraroa izango litzateke hemen».
Publikoa konektatua zegoen eran, antzezlanaren mezua iristea errazagoa egin zaie ikusleei. Konpainiako kideak kontatu du «oso polita» dela ikustea bai Euskal Herrian, bai Japonian eta baita Hego Korean ere mezua modu berean iristen dela eta dolua modu berean eramaten dela.
Ikerketa
Ez baita lan erraza doluaren moduko gai bat lantzea, eta are gutxiago haurrekin. «Ez ditugu gai konplikatuak eztitu behar haurrentzako direlako bakarrik. Egia esan behar zaie», gehitu du Vazquezek.
Hitzik esan gabe sentimenduen inguruan lan egitea zaila izan daiteke, baina Markeliñeko kideak ohituta daude horretara. Antzezlan bat sortzeko orduan, denbora asko ematen dute ikertzen: «Orokorrean, hilabete bat inguru behar izaten da; gu urtebete edo gehiago egon gaitezke». Euria-ren kasuan, urte eta erdi eman zuten hura sortzen. Vazquezentzat eta haren kideentzat, garrantzitsua da esanahi aldetik «indartsuak» diren irudiak sortzea; bai estetikari, eta baita mezuari dagokionez ere.
Abuztuan, taldeak ez du geldirik egoteko asmorik. Izan ere, abuztuaren 19an, 20an, 25ean eta 26an Euskalduna jauregian, Bilboko Aste Nagusiaren egitarauko ekitaldietako barruan egongo da Carbon Club antzezlana. Duela hemezortzi urte sortutako kalerako antzerki bat da, eta ikuskizuna egokitu egin behar izan dute Euskaldunan egin ahal izateko. Meatzariei egindako omenaldi bat dela aipatu du Vazquezek. Meatzariak joaten diren kabaret bat da Carbon Club, eta haien bizitza nolakoa den kontatzen du antzezlanak.
Asiara egindako bidaiaren ostean, Markeliñek helmuga berriak ditu: «Han geundela, Shanghaira [Txina] joateko gonbidapena jaso dugu, baita Txinako beste hiri batzuetara ere». Gainera, Euria-rekin Ziprera bidaiatzeko aukera suertatu zaie.
Heriotzaren bueltan
Markeliñe antzerki konpainia Seulen eta Okinawan izan da uztailean, 'Euria' antzezlanarekin. «Oso publiko eskertua» dela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu