Heriotza jaio, bizitza hil Ukrainan

Errusiak Ukrainako Mariupolen egindako eraso baten osteko argazkiak irabazi du World Press Photoko sari nagusia. Epaimahaiaren esanetan, «2022ko gairik garrantzitsuenak eta larrienak» erakutsi dituzte irabazleek

EVGENIY MALOLETKA / WORLD PRESS PHOTO.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Urteko argazkia.
Evgeniy Maloletka, 'Setioa Mariupolen'

Errusiak Ukraina inbaditu eta geroko errealitatea erakusten du Maloletkak, epaimahaiak azaldu duenez. Epaimahaiari deigarria iruditu zaio argazkilariak zer lan egin duen «munduari argazki hauek erakusteko». Irudian Iryna Kalinina ageri da, haurdun dagoen 32 urteko emakumea. Errusiak Mariupoli egindako erasoetako batean zauritu zen, eta ospitalera zeramatelarik atera zion argazkia Maloletkak. Haurraren izena Miron zen (bakea, ukraineraz), eta jaio bezain laster hil zen. Jaio berritan hil zen, Kalinina hartaz erditu eta ordubetera.

Urteko erreportaje grafikoa.
Mads Nissen, 'Bakearen prezioa Afganistanen'

Bederatzi argazkiz osatuta dago Nissen-en erreportajea. Argazki horietan, oraindik ere talibanen menpe bizi den Afganistango biztanleen errealitatea erakutsi nahi izan du. Epaimahaiak esan du egileak lan «itzela» egin duela estatubatuarrek herrialdean izandako «abenturaren porrotak» jendearengan zer eragin izan duen erakusten. Familiarentzat janaria erosteko dirurik ez, eta Khalil Ahmaden—argazkian ageri da— gurasoek haurraren giltzurrunetako bat saltzea erabaki zuten. Ebakuntzaz geroztik, Khalilek min kronikoa du.

Luzera begirako proiektua.
Anush Babajanyan, 'Ur kolpatuak'

Anush Babajanyan Alemaniako argazkilariaren proiektuak Asia erdialdean ur eskasiak ekarri dituen arazoak islatu ditu, eta herritarrak zer-nola ahalegintzen diren horiei aurre egiten. Itsasertzeko lau herrialde mugakidek ur hornidurak partekatzen dituzte, eta egoera okerrera joan da klima aldaketaren ondorioz. Sonunbek Kadyrov da argazkian ageri den gizona, uretako taxia gidatzen. Kyzyl-Beyit herrira egiten ditu joan-etorriak, haraino joateko bide bakarra baita. Uholdeengatik, herrirako errepide nagusia oztopatuta geratu zen.

Formatu irekiko proiektua.
Mohamed Mahdy, 'Hemen ateek ez naute ezagutzen'

Alexandriako (Egipto) Al Max auzoko biztanleekin egindako proiektu parte hartzailea da Hemen ateek ez naute ezagutzen. Mahdyk, desagertzen ari den arrantzale herriaren memoria mantentzeko asmoz, webgune batean bildu nahi izan ditu komunitate horren inguruko lanak. Testuak, audioak eta marrazkiak gehitu nahi izan dizkie argazkiei. Egiptoko ezkutuko komunitateak erakusteko egiten du lan, herrialdearen testuinguru kulturala zein sozialaahaztu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.