Laster esango da zuengatic esaten dana gugatik ¡Il ziran! dioen idazkun bat ageri da Donostiako Polloe hilerrian. Latinezko memento mori adierari egiten dio erreferentzia: hilkorra zarela gogoratu zentzuan, jaiotzak heriotza zor baitu. Zenbat kultura, hainbat erritu daude munduan, baina ohiko bihurtzen ari da heriotzarekin loturiko bidaiak egitea: turismo beltza izena du. Lekuen garrantzia ez dago hainbeste lotuta sufrimenduarekin, baizik eta duten balio historikoarekin.
Begoña Guillen argazkilaria da, eta, hilerriak bisitatzea ez ezik, hilerrietan argazkiak ateratzea ere gogoko du. Iaz Bilboko Udalak antolatu zuen hilerrien argazki lehiaketa irabazi zuen. «Betidanik» aritu da argazkiak egiten, baina 2021. urtean Egiptora egin zuen bidaia izan zuen mugarri: «Reflex kamera bat erosi nuen,, eta piramideei zein bestelako monumentuei atera nizkien argazkiak. Bueltan, erabaki nuen argazkilaritza gogoko nuela, asko gozatu bainuen eta artxibo asko ekarri nituelako handik». Arkitektura ardatz duten argazkiak egin zale da, eta hori egin zuen Egipton ere. Aurretik ikasiak zituen hango historia eta dinastiak: «Bertatik bertara ikustera joatea falta zitzaidan bakarrik». Haren bidaia oso «fokalizatua» egon zen monumentu, tenplu eta estatuetan; paisaia gutxi erretratatu zituen. Heriotzarekin lotura duten eraikinak izan ziren gehienak:piramideak, esfingeak eta tenpluak.
Ildo horretan, hilerriak bisitatzea ere asko gustatzen zaio Guilleni: «Bidaiatzen dudanean, bizirik gaudenon hiriak eta espazioak ikusteaz gain, hilerriak bisitatzea ere gustatzen zait. Aproposak dira historia ezagutzeko». Hala ere, ez da zuzen joaten bertara; ezaguna zaio turismo beltza, baina ez du espresuki praktikatzen: «Bestelako turismoa egitera joaten naiz, baina gertu baldin badaude, aprobetxatu egiten dut joateko».
Ez zaio iruditzen morboarekin zerikusirik duenik turismo beltzak. Kultura da harentzat. Nabari du mugimendu bat izan dela azken urteetan «sustatu» egiten dituztelako zenbait hilerri: «Egun seinalatuetan bisita gidatuak antolatzen hasi dira, baita antzeztuak ere».
Turismo graduko irakaslea da Joseba Doistua Deustuko Unibertsitatean. Turismo beltzaren gakoa definizioan dagoela iradoki du berak: «Konplikatua da, hilerriek heriotzaren presentzia nabarmena dutelako, baina, nik hilerriak bisitatzea gehiago lotuko nuke ondarearekin». Gaur egungo hilerrien jatorria XVIII. mendean jarri du Doistuak, eta bi aldaera egon zirela azaldu du: «Europa iparraldean, lorategi, baso eta parkeen inguruan mantendu zituzten hilobiak; hegoaldean, berriz, monumentuak eraiki zituzten. Heriotzaren hutsunea betetzeko horror vacui erako keinu antzeko bat izan zen». Ondare turismoarekin lotura duela uste du, ez daudelako «monumentaltasunera» ohituak: «Gerta liteke, adibidez, herrialde protestanteetako jendea Euskal Herrira etortzea eta hilerriek atentzioa ematea, ez heriotzarekin lotura eginda, baina hiri txikiak direlako, arkitektura ezberdina dutelako, haien jatorrizko herrialdearekin konparatuz».
Kontzeptu ezberdina da, harentzat, edozein hondamendirekin lotura duen turismoa. Horrek badu turismo beltzetik: «Zenbait leku ankerkeriaren, basakeriaren eta ezbeharren testigu izan dira, eta badago heriotzaren presentzia: New Yorkeko zero gunea, Auschwitz, Hiroshima eta Txernobyl esaterako. Etxera etorrita, izan daiteke Gernika. Nahiz eta azken Gernikari dagokionez ez dagoen turismo beltzaren esplotaziorik, baizik eta bakearen bilaketa».
Leku horiek bisitatzeko ohitura duen jendeak heriotza kultur jarduera modura kontsumitzen duela dio Doistuak: «Gaur egungo kontsumo postmodernoak edozein esperientzia komertzializa dezake. Berdin dio zein den. Hor lanketa bat egitea beharrezkoa da, batez ere kontsiderazio etikoari dagokionez. Hala ere, zaila egiten zait sinestea Auschwitzera doan norbaitek irribarrez ageri den argazki edo selfie bat egingo duenik. Uste dut bertaratzen den edonork badakiela eta ulertzen duela zein den bisitatuko duen horren edukia».
Industriari egozten dio neurrigabeko esplotazioa: «Badago zenbaki handiak lortzeko grina handia, eta horrek eragina dauka turismo motarekin. Batzuek uste dute arrakasta bisita ugari izatean datzala, eta hori ahoz ahokoarekin sustatzea».
Edukiz hustu den turismoa
Deustuko Unibertsitateko irakasleak azpimarratu nahi izan du ez dela turismo beltzarekin bakarrik gertatzen: «Herriko jaietan ere gertatzen da. Esperientzia kulturala izan daitekeena parodia bihurtzen da azkenerako. Hutsaltze bat dago hor, esperientzia oro murriztuz gero selfie bat ateratzera, saturatu egiten da lekua. Iruñeko sanferminetan, esaterako, jada sare sozialetan jarritakoa da garrantzitsua, ez bizipena bera. Hori bera gertatzen da zenbait museotan; horregatik, askotan debekatu dute argazkiak ateratzea. Ilarak sortzen direlako denek argazkiak egin nahi dituztelako, erakusgai dagoen obra begi hutsez disfrutatu beharrean». , Haren ustez, edozein leku turistiko edukiz hustu egiten du horrek, jasangarritasunaren ordainetan.
David Brugos Osasunbideko psikologo klinikoa da. Hilerriak bisitatzeko bi arrazoi desberdintzen ditu: «Ezberdina da hilerriak ikustera joatea orokorrean, edo zuretzat pertsona esanguratsu bat eta lotura emozional bat dagoen hilerri bat bisitatzea. Adibidez, ni joan naiteke Parisen Jim Morrisen hilobia bisitatzera, baina ez dit sorraraziko familiaren hobia ikustean esnatzen zaidan memoria bera». Azpimarratu du azken horrek ez duela zertan hilerri bat izan. Norberak egindako erritualen araberakoa dela aipatu du: «Inguruko norbait hiltzen zaizunean, batzuek pentsatuko dute aldean daukatela, inguruan dagoela. Izan objektu baten bidez, argazki batekin, armairuan dagoen arroparekin edo leku fisikoa den hilerri batean».
Tabua da oraindik dolua, Brugosen hitzetan, baita heriotza ere: «Erreportaje baterako gaia da hilerriak edota heriotzarekin lotuta dauden lekuak bisitatzea, talka eragiten duelako. Higuina eragiten dionik ere izango da. Sorpresa, bestela. Nire ustez, hori gertatzen da hilerriak gure bizitzetatik erauzi ditugulako. Lehen, gure herrien parte ziren, baina, gaur egun, tabu kultural bat eraiki dugu haien inguruan. Gizarte askotan ez dago kanpoan, toki batzuetan urtero joan ohi dira hilerrietara, ateratzen dituzte gorpuak, eta gero berriro hilobiratu».
Brugosentzat, ezinbestekoa da ulertzea heriotzak denok batzen gaituela. Dolurik ez egitea inoiz ez da ona, aipatu duenez: «Ez da sanoa mingarria izan arren horri buruz ez hitz egitea, ihes egitea». Zenbait jende «planteamenduz aldatzen» ari dela ere gehitu du: «Bizi izan dugu garai bat ez zena batere modernoa fededuna izatea. Baina gero eta gazte gehiago ari da buelta ematen. Hau ulertzeko, garrantzitsua da ezberdintzea espiritualtasuna eta erlijioa. Jainkoa ez da kristauen jabetzakoa, helburu behinena transzenditzea da. Espirituala den jendea inozoa irudituko zaio hainbati, baina zoriontsuagoa da».
Minaren zentzua
Iruditeria berrizteko ariketa beharrezkoa dela aipatu du ondoren psikologoak: «Espirituala ere bada modan dagoen meditazioa egiten hasi den modernoa. Ez du zertan katolikoa izan edo gitarra jo. Kontua ez da hori, denok sufritzen dugu. Horri ematen diogun erantzunak ezberdintzen gaitu». Azaldu duenez, dolua askotan definitu izan da bide baten gisan. Hasieran, sinesgaiztasunak edo kolpeak lekua ematen dio onarpenari. Hori da, Brugosen ustez, zatirik eta gogorrena, behin landuta «bake» egoera batekin amaitzen dena.
Hilerriak bisitatzea, heriotzari begiratzea eta heriotza onartzea lagungarri izan daiteke, harentzat, sufrimenduari irteera topatzeko: «Terapiara datorren jende askok sintoma batzuengatik sufritzen du, izena duten gaitzak dira. Baina konbikzioa duen jendeak ere zentzua topatzen dio bereezinegonari. Badaki gainjartzen, erremintak topatu ditu horretarako. Sentitzen duen ondoeza kudeatzen ikasi duelako; minari inolako zentzurik topatzen ez dion jendeak txarrago darama beti».
Heriotza bisita gidatuen ardatz
Ohikoa bihurtzen ari den praktika da turismo beltza. Heriotzarekin lotutako guneak bisitatzea du helburu. Hilerriak eta basakeriak gertatu diren guneak dira askoren helmuga mundu osoan. Argazki baterako gai izan litezke horietako asko, historia irakasgai, edo heriotza erkatzeko gune bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu