Herdoilean gotortuta

Aire zabalean, Corten altzairuak ugerrezko geruza bat garatzen du, barruko materiala babesten duena. Industrian erabiltzen da asko, baina baita artean ere: eskulturek kolore eta testura bereziak bereganatzen dituzte urteekin.

1. Richard Serra. Denboraren materia eskultura multzoa Bilboko Guggenheim museoan, 2005ean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
2023ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Hamarkadak igaro dira, eta jada ez dira lehengo berak: aldatu da eraikineko fatxadaren kolorea, zubiko habeen testura, ilundu da eskultura laranja haren tonua. Aire zabalean, moldatuz joan dira elementuok, heldu ditu atmosferak, hezetasunak eta gazitasunak, edertu ditu giroak. Corten altzairuzkoak dira denak, eta horrek ematen die berezitasuna, hain justu. «Material bizi-bizia da», Julene Aramendia EHUko Kimika Analitikoko eta Ingurumen Zientzietako ikerlariaren esanetan.

United States Steel korporazioak sortu eta patentatu zuen Corten altzairua, 1933an, eta munduko altzairutegi handiak berehala hasi ziren ekoizten osagai berria. «Gainontzeko altzairuetatik desberdintzen duen ezaugarri bat du Cortenak», Jose Antonio Reyerok azaldu duenez —Lloyd's Register of Shipping elkarteko Espainiako ikuskatzaile nagusi eta buru metalurgiko erretiratua da, eta Bilboko Itsasmuseumeko kolaboratzailea—. «Ingurugiroarekin kontaktuan, ugerrezko kanpo geruza bat sortzen du, eta geruza horrek galarazi egiten du oxidazioa barrura sar dadin». Hau da, altzairuak bere burua babesten du, eta, ondorioz, barruko materiala ez da hondatzen.

Hori horrela, ez du behar pinturazko edo bestelako estalkirik aire zabalean kokatzeko. «Sortzaileek ikusi zuten efektu hori lortzen zela kobre apur bat gehituta, konposizioaren %0,1etik %0,5era bitartean», Reyeroren arabera; gaur egun, kromoa (%1,25) eta nikela (%0,6-0,7) ere erabiltzen dituzte aleazioan, eta altzairuaren ezaugarri mekanikoak hobetu dituzte, baina jatorrizkoa jada bazen forja zitekeen material bat, eta, gainera, oso erresistentea zena.

Egiturazko elementuetarako erabiltzen hasi ziren, hala nola etxebizitzetan eta zubietan. Eta, Euskal Herrian, 36ko gerran hondatutako azpiegitura batzuk berriztatzeko ere jo zuten Cortenera, kasu baterako. Izan ere, garai hartan Bizkaian ekoizten zen jada: Bizkaiko Labe Garaiek bi motatakoak egiten zituzten, CT36A eta CT36B, bata bestea baino erresistenteagoa, Reyerok xehatu duenez. 1940an, Bizkaiko Zubiaren (Portugalete) bonbardaketaren ondorioz kaltetutako zatiak berregiteko, Labe Garaietako Cortena erabili zen. «Zubiaren goiko pasabidea eta Areetako dorretxoaren zati bat Corten altzairuz eginda daude, baina ez da ikusten, pintatu zutelako».

Artelanetarako lehengaia

Arkitektoek eta ingeniariek ez ezik, artistek ere laster jo zuten begiz Corten altzairua. Richard Serra AEBetako artista izan zen bide urratzaileetako bat, eskultura mardulak taxutzen hasi baitzen altzairuzko txapa erraldoiak erabilita. Bilboko Guggenheim museoan, areto oso bat hartzen du 2005etik Serraren Denboraren materia zazpi eskulturatako multzoak: laminak bihurritu eta kiribildu egiten dira labirinto antzeko formak osatuta, hutsuneak utziz bisitariak mugi daitezen horietatik barrena.

Luzeagoa da Corten altzairuak liluratutako artisten zerrenda, material oso aproposa baita aire zabalean erakutsiko diren artelanak ontzeko. Batetik, mantentzea ez delako batere nekeza, eta, bestetik, artistak jolas dezakeelako obraren kolorearekin eta testurarekin. Corten denak ez baitira berdinak, eta altzairua ez baita beti berdin garatzen, Aramendiak azaldu duenez. «Eskultura inguratzen duen atmosferaren arabera, kolorea eta testura ezberdinak izaten dira. Konposizioa, normalean, oso antzekoa izaten da, baina ezberdintasun txikiak egoten dira osagaien kontzentrazioetan, eta horrek eragina du itxuran».

Ikerlariaren arabera, batik bat giroko lau aldagaik baldintzatzen dute herdoiltze prozesua: hezetasunak, gas azidoek, tenperaturak eta gazitasunak. Hala, aire zabaleko Cortena izan liteke gorrixka, laranja edo marroi ilunagoa, eta izan dezake harea moduko testura edo konpaktuagoa. Bukaera horiekin esperimentatu izan dute artistek sarri, eskulturak kokatuta ingurugiro jakin batzuetan, edo eurek esku hartuta. «Normalean, hezetasuna erabiltzen dute: kanpoan jarri, eta euriarekin edo esprai batekin ureztatzen dute pieza, batzuek egunero, beste batzuek bi egunean behin, edo astean behin...». Edonola ere, urteak behar izaten dira prozesua burutzeko. «Materiala etengabe dago aldatzen. Eskultura batzuk aztertzean, ikusi genuen hamarkada bat igarota ere oraindik ez zeudela egonkortuak».

Euskal artistek miretsi izan dute Cortena, orobat. Jorge Oteizak hutsunea nabarmentzeko erabili zuen, eta Jesus Lizasok Bilboko itsasadarreko merkataritza ontziak oroitu zituen materialarekin, Ozeanoaren erroak piezan —2010ean egin zuen, eta 2021etik Bilboko Itsasmuseumen parean dago ikusgai—. Eta Eduardo Txillidarentzat, bereziki oparoa izan zen altzairua. 1960ko hamarkadaren bukaeran hasi zen erabiltzen, Haizearen orrazia multzoarekin. 1951n, Paristik itzuli berri, krisialdi artistiko betean zegoen eskultorea, Txillida Lekuko erakusketa arduradun Estela Solanak azaldu duenez: bere nortasuna artelanetan agertzea zuen helburu, eta, hortaz, burdinara jo zuen aurrena, Euskal Herriko osagaia izateagatik. Bide beretik, altzairua hautatu zuen hainbat urte beranduago, eskultura handiagoak egiteko eta aire zabalean erakusteko.

Material trinkoa da Cortena, pisutsua, patxadaz gobernatu beharrekoa. «Indar handia behar da; esan dezakegu artistaren eta materialaren arteko borroka bat dela hura lantzea», dio Solanak. Izan ere, Txillidak forja erabiltzen zuen piezak moldatzeko, edo zatiak uztartu egiten zituen; ez zuen materiala urtzen, ezta soldatzen ere. Reyeroren irudiko, arrazoietako bat izan daiteke Cortenak arazoak sortzen dituela soldatzerakoan. «Ez bada ondo egiten, hozkadak ager daitezke». Lokarrien ertzetako zulo txikiak dira hozkadak, eta soldatu nahi diren piezen junturetan botatzen den metala da lokarria. «Zulo horietan ura sar daiteke, eta, ez bada lurruntzen, gehiegizko urak kanpoko oxido geruza apur dezake».

Hori hala, Txillidaren eskulturen sortze prozesua «erronka tekniko» bat zen, Solanak esan duenez. Aurretik, artistak proiektu txiki bat egiten zuen, eta, ondoren, eskultura ontzen zuen, tamaina handiagoan, elkarlanean. «Proiektua burdinola industrialetara eramaten zuen, eta aurreneko ideia aurkezten zuen. Hango teknikariek eta lantaldeak arazoak azaltzen zizkioten, eta denen artean irtenbideak bilatzen zituzten. Ohiko lanetatik oso urrun zeuden proiektuak aurkezten zituen Txillidak, eta guztien parte hartzea sustatzen zuen».

Nekeak neke, lotuta geratu dira artistaren izena eta Corten altzairua, material horrekin egin baitzituen bere eskulturarik ezagunenetariko gehienak, Solanaren iritziz. Txillida Lekun, halako 30 bat artelan daude kokatuta aire zabalean, eta hortik kanpo ere badira: esaterako, Alemaniako Kantzilertzaren atarian, Berlin eskultura dago, 90 tonatakoa.

Kutsadurak erasanda

Artistak aldagaiak baliatu ditzake, baina ezin ditu guztiz kontrolatu. Cortenaren kasuan, giroa izan daiteke eraikitzaile, baina baita suntsitzaile ere. Hala ondorioztatu zuten EHUko Kimika Analitikoko Saileko kideek 2014an egindako ikerketa batean: Bilboko kaleetako hainbat eskultura behatu zituzten —tartean Txillidaren Besarkada XI eta Begirari IV—, eta ikusi zuten kutsadurak oztopatu egiten zuela babes geruza sortzea; horrenbestez, artelanek kalte txikiak zituzten, eta ez zeukaten eduki beharko zuketen kolorea.

Aramendiak ikerketa hartan parte hartu zuen. Azaldu duenez, ikusi zuten nagusiki gas azidoek erasaten zietela piezei. «Sufre oxidoek materialarekin erreakzionatzen dute, sulfatoak sortzen dira, eta geruzan geratzen dira. Sulfato horiek oso azidoak dira, burdinarekin erreakzionatzen dute —altzairuaren elementu nagusia—, disolbagarri bihurtzen dute, eta, euriarekin, burdina disolbatu egiten da, eta eskulturak materiala galtzen du». Trafikotik gertuago zeuden eskulturetan atzeman zuten kalterik handien, baita itsasadarreko gazitasunak erasandako haietan ere.

Artistak ezin ditu aldagaiak guztiz kontrolatu, baina batzuek nahiago dute horrela. Txillidak, esaterako. Bere artearen muina baitzen etengabeko transformazioa, Solanaren berbei erreparatuta. «Bere eskulturak naturan egotea nahi zuen Txillidak, artelanaren kontzeptuaren barruan baitago zahartze prozesua. [Donostiako Ondarreta hondartzako] Haizearen orrazia XV desagertu egingo da milaka urte barru: Txillidarentzat, hori zen artea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.