Henrike III.aren burua

Frantziako Iraultzan desagertu zen Nafarroako Henrike III.a erregearen burua. Duela bi urte herritar batek aditu talde bati eman, eta erregearena dela baieztatu dute.

Iruñea
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Frantziako herritar batek bere etxeko armairu batean gordetako buru baltsamatua Nafarroako errege Henrike III.arena da (1553-1610). Hala ziurtatu du aditu talde batek. Philippe Charlier hileta historikoetan aditua den mediku espezialistak zuzendutako hemeretzi laguneko taldeak egin du aurkikuntza. Burua erretiroa hartua zuen gizon batek gordea zeukan etxeko armairu batean. Adituen esanetan, «egoera onean dago» hura gordetzeko emaitza onak ematen zituen baltsamatzeko teknika italiar bat erabili zelako.

Momifikatutako buruari goiko ezpainaren ezkerraldean ebaki bat antzematen zaio. Adituen arabera, 1594an Jean Chatelek erregea erailtzen saiatzean emandako labankadaren zauria litzateke. Baltsamatutako buruak badu ere belarrian zulo bat. Horrek adierazi ei du Henrike III.ak garaiko gortean belarritakoak eramateko moda jarraitzen zuela. Buruak begiak erdi itxiak ditu, eta ahoa erdi zabalik, eta oraindik baditu ile eta bibote hondarrak.

Philippe Chartierrek gidatutako aditu taldearen ikerketa British Medical Journal aldizkariak argitaratu zuen ostegunean. Ikerketaren arabera, hil zen unean erregeak kataratak zituen, arazo asko haginetan eta artrosia nozitzen zuen.

Henrike III.a erregea Parisko Saint Denis basilikan lurperatu zuten 1610ean, baina 1793an Frantziako Iraultzaileek haren hilobia arpilatu egin zuten. Besoak eta burua moztu zizkioten, eta gorpuzkinak nonahi barreiatu. Frantziako Iraultzaren ostean erregearen atalak hainbat herritarren etxeetan agertu ziren: hezurrak, behatz bat, ileak... Baina burua ez. 1919an Dinard izeneko zaharki erosle batek erosi zuen burua enkante batean, hiru liberaren truke. Henrike III.aren burua zela zioen arren, inork ez zion sinetsi. Parisko Louvre museoak ere ez zion onartu nahi izan. Zaharki eroslea hiltzean, 1940an, desagertu egin zen berriro ere burua, duela bi urte erretiroa hartua zuen gizon baten etxean berriro agertu zen arte. 1955etik etxean gordea zuen, eta etxekoek ere ez zuten horren berri. Gizonak Charlierren esku utzi zuen burua, eta gaurko teknika aurreratuei esker jakin izan da norena den.

Nafarren erregea

Henrike III.a, nafarren erregea lehenik eta ondoren frantziarren erregea izan zena, Pauen jaio zen 1553an, eta Parisen hil zuen Francois Ravaillac katoliko sutsuak, labankadaz, 1610ean. Nafarroako errege-erreginen dinastian, Henrike III.a zuen izena, eta Antonio Borboikoaren eta Albreteko Joanaren semea zen. 1972tik 1610 arte izan zen Nafarroako Erresumako errege. 1584an, berriz, Frantziako Erresumako errege ere bihurtu zen Henrike IV.a izena hartuta. Errege zintzoa goitizenarekin ezagutzen zuten garaikideek, egoera tamalgarrian bizi ziren herritarren bizitza hobetzen saiatu zelako. Errege horrek esana omen da «laborari guztiek oilasko bat izan behar dute igandero lapikoan».

Hala ere, askoz ezagunagoa izan da Frantziako koroa hartzeko unean egin zuen aitorpena: «Parisek meza bat balio du». Henrike III.a, protestantismoan hazitako erregea izan baitzen, Frantziako liskar erlijioso-politikoetan guztiz murgilduta egon zen; horregatik, bere bizitzan behin baino gehiagotan egin zioten eraso. Eta, halako batean, hil egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.