Biziak eman paradak zurrupatzen ditu Otxanda Louboutinek (Baiona, 1998), eta zirimola balitz bezala bizitzen du une bakoitza. Ongi pasatzaile eta pasarazlea da kirolez.
Noiz bildu zintuen Reunionek?
Badira kasik hiru urte hemen naizela, kirol fakultatean.
Zerk zintuen harritu heltzean?
Aroak, zinez; uste dugu bikaina dela, bakantzetan bezala, baina ez da sasoirik, eta neguan 25 gradu bero da. Ene gorputza pixka bat galdua zen.
Zer harreman duzu bertakoekin?
Arribatu nintzelarik, xantza ainitz ukan dut, zeren eta bertako familia batean bizitzeko aukera izan baitut. Dena erakatsi didate: nola jan (carry asko), nola edan (ron asko), eta pentsamoldeak. Bertako Corinne bigarren ama baten modukoa dut orain!
Uharte turistifikatua da hura ere.
Badute beren lurrarekiko maitasuna. Sustut herri eta hirien funtzionatzeko maneran bada antzekotasunik Euskal Herriarekin: adibidez, St Gilles les Bains pixka bat Biarritz bezalako burges-bohemio hiri turistikoa da; hegoaldean, berriz, bertako jendea da gehienik. Diru maila oso desberdina da leku batetik bestera. Hori bai, ezin gara surfean aritu, marrazoengatik.
Herri zapaldu gisa, elkar ulertzen duzue bertakoek eta zuk?
Arrotz oro bezala, ni ere zoreille nintzen, baina zoreille basque. Hala ere, bada desberdintasun handi bat: ez dira batere abertzaleak; frantsestzat dute lehenik beren burua, eta, gero, reuniondartzat. Euskal Herrian maite dugu gure desberdintasuna markatzea; han, berriz, ahal bezainbat moldean sartu behar da. Batzuetan ez zen erraz, Þte sartzen baitira estereotipoetan.
Nolako egunerokotasuna duzu?
Aste osoa Tampon unibertsitatean pasatzen dut, kirola egiten eta kurtsoetan. Asteburuetan, edo mendira joaten naiz, edo bestara. Baina azken hilabete hauetan ikastaldian nintzen surf ligaren marrazoen zaintzan, uretara joan gabe, marrazoengatik arrunt debekatu baita; hala, komunikazioan aritu naiz.
Zuri sentitu ote zara lehentze?
Gelan zurienetako bat naiz: gehienak mestizoak baitira, edo beltzak. Ez dira denak Reunionekoak: badira Madagaskarrekoak, Mayotte eta Maurizio uharteetakoak, txinatarrak, indiarrak... Nahasketak zakuka dira. Ororen buru, han ez da nehor nagusi, gure etxean zuriak diren bezala. Alimaleko tolerantzia bada. Badakite zer den elkarbizitza, eta arrazakeriarik ez da batere.
Kreolerarekin zer harreman duzu?
Ez dute kreolerazko ikastolarik guk bezala. Burasoek haurrei debekatu egiten diete etxean kreoleraz egitea, frantsesa ongi ikasteko. Badira batzuk frantsesez batere ongi ez dakitenak, ahoz nahiz idatziz. Duela bi urte ikasten ari naiz, baina uste dut ez dela bateragarria euskal azentuarekin, kur-kur.
Badea nazio mugimendurik?
Ez, batere, zero. Jendea saiatzen da ahal bezain frantses izaten.
Sentitzen duzu herriminik?
Bai, noski, baina hemen deskubritu dut, etxetik urrun, libertatea, bakarrik bizitzea, trankil, erabateko anonimotasunean: izan gabe baten alaba edo ez dakit nor. Hemengo zozokeriak hemen egoten dira.
Kontatu, otoi, anekdota bat.
Horien dantzatzeko manera! Euskal Herrian jendea aski herabea da; dantzatzen dugu, baina dantza kodifikatua. Denek twerking-a dantzatzen dute: ttanttak, amak, ottok... Hori dut biziki maitatu, zeren eta jendeak botatzen baitu daukan guzia.
Afrikan sentitzen zarea?
Ez arrunt, zeren eta aberatsagoa baita aise; ez baita etxola-auzorik. Egia da batzuetan mama batzuk gurutzatzen dituzula karrikan, bisaian buztin maska batzuekin. Dena den, ezin dut ongi erran, ez bainaiz sekula izan kontinentean.
Nola eraman duzu itxialdia?
Aski ongi: bost bizi gara etxe handi batean; beraz, ez gara aspertu. Hasi naiz Photoshop erabiltzen. Jendeakzinez ongi errespetatu ditu arauak. Ez da eri askorik izan, ez hilik ere.
TXAPELA BURUAN. Otxanda Louboutin. Reunion uhartean bizi den baionarra
«Hemengo zozokeriak hemen egoten dira»
Louboutinek uharte batean deskubritu ditu libertatea, anonimotasuna eta «trankil bizitzea». Baina ez da geldirik egoteko joan, kirol ikasketetan ari baita, 'twerking'-a dantzatzen eta kreolera ikasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu