ATZEKOZ AURRERA. Maddi Texeiro eta Ane Abarrategi. Ttipi Studioko kideak

«Hemen, geurezkoa da elkarrekin banatzea»

Laneko esparruak antolatzen adituak dira, eta elkarlanean dihardute zenbait eragilerekin, diseinuari aparteko garrantzia eman diezaioten. Lantokiak lan egiteko «molde berrietara» egokitu behar direla diote.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2015eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Hainbat enpresak partekatzen dituzten eraikinak, ekintzaileez osatutako bulegoak edota bezeroei begira diseinatutako lan eremu hibridoak. Fordismoa nagusi zen sasoiaz geroztik zeharo aldatu dira lan egiteko moduak; ez horrenbeste espazioak. Hortik abiatuta, gero eta ozenagoak dira lantokietako diseinuak lan egiteko moduetara egokitu behar direla dioten hotsak. Paradigma berriei so jarri dira, hain justu, Ane Abarrategi (Getxo, Bizkaia, 1983) eta Maddi Texeiro (Getxo, Bizkaia, 1983): gizarte arloan aditua bata; arkitektoa bestea. Herritarren eta instituzioen arteko parte hartzearekin mamitutako jardunean dihardute: eremuen aldagaiak aztertu, eta lankidetzan garatutako diseinuak bultzatzen dituzte. Ttipi Studio gunea sortua dute Bilbon, enpresei esparru berriak eta diseinuak uztartzen laguntzeko. Filosofia hori muturreraino eramatean sinesten dute biek, unean uneko beharrak asetzeko. «Berrikuntza» dute ahotan.

Coworking, co-habit, hope house, living lab... Geroz eta ugariagoak dira kontzeptuok, eta Euskal Herrian ere maizago partekatzen dira lan eremuak. Zein neurritan errotu dira inguruan halako egitasmoak?

ANE ABARRATEGI: Ezin daiteke uka gero eta ezagunagoak direla halako proiektuak, eta orain arte urratu gabeko bideak ireki zaizkigula parez pare. Oraindik, kontu nahiko berria da; terminologia horrekin, behintzat. Hori bai, uste dugu espazioak elkarrekin banatzeko joera hori betidanik egon dela Euskal Herrian. Zentzu askotan: txokoetatik hasita, gaztetxe eta lokaletaraino. Hemen historikoki existitu dira gisa horretako espazio partekatuak.

MADDI TEXEIRO: Enpresagintzan, ostera, ezezaguna da oraindik ere, hirietan, batik bat, eusko working-ak ohikoagoak diren arren.

Bizirik irauteko, egungo enpresek lanerako espazio eta elkarlan eredu berriak premiazko dauzkatela diozue. Zergatik? Etengabe berritzen ibiltzeak ba al dakar fruiturik?

A. A.: Lan egiteko moduak dezente aldatu dira: lehen, masa produkzioa zen nagusi; bereziki, katean egiten zen lan gehiena. Gaur-gaurkoz, zerbitzuen sektorea nabarmenagoa da, eta industria ere bestelakoa.

M. T.: Horrez gain, enpresa batean zure eginkizuna amaitutzat emateko, beti besteekin partekatu behar duzu: ezinbestean. Talde lana berebiziko indarra hartzen ari da...

A. A.: Eta horrek isla izan behar du eguneroko praktiketan: lantokietako espazioaren diseinuan irudikatu behar da lan egiteko modua. Ez da ulergarria enpresa baten bulego batek duela 30 urteko diseinu berdintsua edukitzea eta lan egiteko modua erabat ezberdina izatea.

Talde batetik bestera ezberdinak izango dira egokitzapenak, ezta?

M. T.: Azken finean, lantokien espazioaren diseinua arian-arian moldatu behar da lan egiteko molde berrietara. Horretarako, aintzat hartu behar dira eragile eta erakunde bakoitzaren kultura eta beharrak.

A. A.: Alderdi funtzionalak bakarrik ez, estetikoak ere aldatu beharko lirateke bulego frankotan. Identitateak, izan ere, badu zer esana: espazio guztiak ezin daitezke berdinak izan, han dauden pertsonen kultura eta identitateak ezberdinak badira.

Diseinatzailearen rola adituarena izan da tradizionalki; nolabait, gizarteari irtenbideak proposatzen dizkion aditu profesionalarena.

M. T.: Arreta erabiltzailearengan jartzen duen diseinuan sinesten dugu guk. Zergatik? Batetik, diseinatzaileak ez direlako neutroak. Eta, bestetik, norbanakook ederki ezagutzen ditugulako geure beharrak eta desioak, beste inorengana jo gabe. Pausoak behar dira diseinuan pertsonen nahiak aintzat hartzeko.

A. A.: Goitik beherako diseinu prozedurak ezartzen dira normalean; adituaren ikuspuntuak du pisu handien. Pertsonen beharrak erdigunean jartzen dituen behetik gorako ereduaren alde gaude, eta harago goaz; haientzat soilik ez, espazioak haiekin batera, auzolanean, eraiki daitezkeela deritzogu. Denon artean egiteak balio erantsia du, eta errotik eraldatzen da espazioarekiko erlazioa, gure bihurtzen baitugu. Onurak dakartza autoeraketak.

Biltzar bidezko kudeaketa ontzatjotzen duzue. Halakoetan sortutako sinergiek lehiakortasuna txikitu dezakete? Arrisku bat al da?

A. A.: Ez, kontrakoa. Coworking-ak lehia elkarlan bihurtzen du. Txikien artean sortzen diren sinergia horiek aberasgarriak dira merkatuarentzat, berrikuntza bizkortzen dutelako. Ezagutza partekatzean ezagutza gehiago sortzen da, eta positiboa da: desberdinen arteko hartu-emanek emaitza sakonagoak dakartzate.

Kanpotik datorren eredu bat izanda, joerei kasu egiten al zaie?

M. T.: Atzerriko terminologiez harago, partekatzeko eta gauzak elkarrekin egiteko kultura daukagu hemen. Komunitate bakoitzak bere modura eginagatik, geurezkoa dugu elkarrekin banatzea: kooperatibismotik hasi, eta gaztetxeetaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.