Maroko izan daiteke soinu, zarata, ahots eta hizkuntza; baina Maroko izan daiteke kolore, usain eta lore. Zarataren beharrik ez dute izan Jose Enrike Zeberiok (Tolosa, Gipuzkoa, 1964) eta Itziar Agirrebarrenak (Tolosa, 1964); astebeteko egonaldia egin dute Marokon, eta Isiltasunetik dokumentalean bildu dituzte hango bizipenak.
Zer da odol gorra izatea?
JOSE ENRIKE ZEBERIO: Marokoko zeinu hizkuntza eta Euskal Herrikoa ez dira berdinak, baina odol gorrarena ez da hizkuntzarengatik bakarrik. Itziarrek hobeto ulertzen zien Marokoko gorrei, nahiz eta elkar ikusten genuen lehen aldia izan. Odol gorrak esan nahi du anaia bat bezala sentitzen duzula parean duzuna, odol berekoak izango bagina bezala.
ITZIAR AGIRREBARRENA: Kalean zoazela gor bat ikusten baduzu sekulako ilusioa egiten du. Berehala hasi ohi gara elkarri galdetzen nondik datorren, zer egiten duen… Eta harengana joan aurretik ondokoari esaten diogu: ‘Hori odol gorra da’. Gure artean deitzeko modu bat da, sentimendu bat. Uste dut gaur egun gutxiago erabiltzen dela lehen baino, orain ohikoagoa delako sare sozialen edo Interneten bidez elkar topatzea aurrez aurre baino. Lehen gor batekin topo egitea oso garrantzitsua zen, bestela ez geneukan-eta haien berri. Sare sozialei esker, dena dela, harremanak askoz ere sakonagoak eta errazagoak dira. Lehen zaila zen gor batekin elkartzea eta, beraz, ilusio handia egiten zuen. Baina poza eragiten digu oraindik ere. Marokon horixe gertatu zitzaigun, iraganera bidea egitea bezala izan zela: ‘Hara, zu gorra zara, ezta? Ni bezala’.
Espresuki geldituak zineten gorren komunitate batekin?
ZEBERIO: Plana ez zen haiekin geratzea, ez genuen hori pentsatua eta ez gindoazen horretara. Baina buruan genuen ederra litzatekeela hango gorren batekin elkartzea. Ikastetxe baten bila genbiltzan, eta marokoar batekin jarri ginen harremanetan aurretik, baino askoz ere errazagoa izan zen hara joan eta hango jendeari galdetzea.
AGIRREBARRENA: Marrakexeko plazan oso erraza izan zen gorrak aurkitzea, sorpresa izan zen. Gu zeinu hizkuntzan hitz egiten ari ginen, eta pertsona bat hurbildu zitzaigun hitz egitera. Hark abisua eman zion ezagun bati, eta hantxe ezagutu genuen lehen pertsona gorra Marokon. Baina ez zen espresuki haren bila ari ginelako; nahi genuen, bai, baina ez zen bilatua eta zuzena izan.
Hizkuntza desberdina izan arren, ongi komunikatu zineten.
ZEBERIO: Bai, sarri lan handiagoa izaten zuten gurekin furgonetan zetozenek guk geuk baino.
AGIRREBARRENA: Zeinu asko desberdin egiten ditugu, baina ulertzen genion elkarri, eta asmatu genuen nola komunikatu.
Nola deskribatuko zenukete Maroko?
ZEBERIO: Nik dokumentazio lana egina nuen lehendik, irakurria nuen eta banekien nora nindoan. Baina musikaz eta hango soinuaz ez dakit ezer. Hara joan eta sekulako kontrasteak ikusi genituen hango kulturaren eta hemengoaren artean; 50 urte atzera egitea bezala izan zen, neurri batean.
AGIRREBARRENA: Nik banuen plazako trafikoaren eta soinuaren afera horren guztiaren berri, hau da, ez dakit zer den, baina badakit egon badagoela. Azkenerako, nik ere irudikatu nuen. Soinurik ez genuen entzun, baina mugimenduak eta kaosak adierazten ziguten han zarata handia zegoela: etengabe deitzen ziguten, edo ukitu, edo besoa altxatu. Sumatzen genuen entzuleak hor zeudela, eta haiek kontatzen ziguten zer gertatzen zen. Auto batek klaxona jotzen zuenean guk ez genuen entzuten, baina kontatu egiten ziguten. Gure furgonetan ere ‘Kontuz!’ oihukatzen zutenean gu ez ginen ohartzen.
ZEBERIO: Egun batean motor bat pasatu zitzaigun ia-ia hanka gainetik, eta sekulako sustoa hartu genuen. Ez genuen ikusten, eta bat-batean gainean genuen.
Oztoporik izan duzue bidean?
ZEBERIO: Eskola batean bai, adibidez. Informazio bila joan ginen. Saiatu ginen eskolan sartzen eta haiekin hitz egiten, baina baldintzak eta mugak jarri zizkiguten. Ezin izan genuen eskola osoa ikusi, ezta kamerarekin grabatu ere, baina behintzat sartu ginen eta lortu genuen hango umeekin zeinu hizkuntzan egitea. Umeek sekulako poza hartu zuten gu ere gorrak ginelako; momentu oso berezia izan zen, baina hori ezin izan genuen grabatu.
Inprobisatu ere egin duzue, beraz.
AGIRREBARENA: Oztopoak izan ditugunetan beti aurkitu dugu irtenbidea. Pertsona batekin ez bazen beste batekin saiatzen ginen, eta hark laguntzen gintuen. Mugitzea zen kontua eta behin eta berriz ahalegintzea.
Zein dira dokumentalaren eta bidaiaren helburuak?
AGIRREBARRENA: Hemen gaudela erakutsi nahi dugu, gure errealitatea zein den azalduz eta kontzientzia garatuz. Batzuetan ez gaituzte kontuan hartzen, eta dokumentalak erakusten du baietz, guk ere egin dezakegula.
Lehen aldia zenuten kamerekin; ongi sentitu zarete?
AGIRREBARRENA: Lan handia egin behar izan dugu, oso urduri geunden eta. Gero, azkenerako, ohitu egin ginen, eta batzuetan ahaztu egiten zitzaigun bidaia grabatzen ari zirela ere. Beste batzuetan astuna egiten zen: orain grabatu, orain mugitu, orain hitz egin… Egun osoan aritzen ginen grabatzen.
ZEBERIO: Nik ez daukat ohiturarik kameraren aurrean egoteko eta oso-oso urduri nintzen hasieran; deseroso sentitzen naiz horrelakoetan. Baina ni ere ohitu egin nintzen eta lasai nintzen azkenerako.
Narratzailerik egonen da dokumentalean?
AGIRREBARRENA: Ez, ez dago narratzailerik. Musika, gu, eta interpreteak. Ez dago besterik.
lotsabako
Bertze bidaia bat eginen zenukete?
BIEK: Bai, dudarik gabe.Estreinaldirako zer aurreikuspen duzue?
ZEBERIO: Uste dut jendeari asko gustatuko zaiola. AGIRREBARRENA: Espero dut jende asko etortzea eta gure helburuak betetzea.