Yogurinha Borova beteranoa arduratuko da biharko jaialdia gidatzeaz. Harekin batera oholtza gainean izanen dira Albina Stardust, Axtra Tosfera, Celeste Poliester, Donatella Mani, Exia Vermut, Gata Al Kuadrado, Maruxak, Sussie Pussie eta Xtreya. Ikuskizuna 21:30ean hasiko da, eta bi ordu inguru iraunen du. Maruxak trabesti taldeak sustatu du jaialdia, eta Burlatako Udala da antolatzailea. Ikuskizun horren bidez «sexu askapena aldarrikatu» eta «pertsonen arteko eskubide berdintasuna galdegin» nahi duela azaldu du udalak. Asteartean izan zen LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna, eta data horren harira antolatu dute jaialdia.
Aimar Jimenez Maruxak taldeko kidea da antolatzaileetako bat. Azaldu duenez, Nafarroako trabesti guztiak elkartu nahi izan dituzte, elkarrekin aritzeko eta «indarra biltzeko». «Denak batuta zerbait handia egin nahi dugu, erakusteko zer indar dugun eta Nafarroan trabestiak badaudela». Izan ere, indarra hartzen ari dira ikuskizun horiek Nafarroan, eta geroz eta gehiago dira oholtza gainera igotzera animatzen diren drag queen-ak. Aurten auzoetako bestatan ohikoak izan dira trabestien ikuskizunak.
«Erraldoia» eta «berezia»
Ikuskizunaren nondik norakoak ere azaldu ditu Jimenezek: «Erraldoia izango da; jendeak ez du inolaz ere espero ikusiko duena. Berezia izango da, eta ezberdina». Oholtza gainean banaka ariko dira Nafarroako 11 trabesti horiek, beren burua eta lana jendaurrean aurkezteko parada izan dezaten. Baina ez hori bakarrik: taldean ere prestatu dituzte ikuskizuneko zenbait saio. «Trabesti mugimendu indartsu honek asko du eskaintzeko Nafarroan. Erakutsiko dugu hau zer den, bai alor artistikoan, baita politikoan ere», esan du Maruxak trabesti taldeko kideak.
Poliki-poliki zabaltzen ari da trabestien eskaintza Nafarroan. Jaialdiaren atzean lan handia dago, eta horrelako ikuskizun bat ez da ezerezetik sortzerik. «Iazko Harrotasunaren Egunean Nafarroako trabestiak elkartu ginen, eta laguntasuna estutzen hasi zen. Hasi ginen trabesti ikuskizunetatik kanpo ere elkarrekin geratzen, eta orain, jaialdi honekin, harremana askoz ere estuagoa da», kontatu du Jimenezek.
Oholtzara salto egin nahi dutenen erreferente ere izan nahiko lukete: «Gizartea aurrera doa, etazure sentipenak adierazteko askatasun handiagoa dago, nahiz eta oraindik asko falta den egiteko. Gainera, ikustean beste batzuk ere egiten dutela, geroz eta gehiago direla, errazago animatuko dira trabesti berriak».
Lumak trabesti festa
Bihar, 21:30ean, Burlatako udal parkean (Nafarroa).