Txapa irratiko kideak

Lander Juaristi Lasa eta Andoni Larrañaga Olabarria: «Hemen daude betiko zoro horiek, irratia egiten jarraitzen duten horiek»

Juaristik eta Larrañagak Txapa irrati librearen 40. urteurrenaren berri eman dute, baita ospakizunen berri ere. Egitarau oparoa antolatu dute; martxoaren 29ko Txapa Egunarekin borobilduko dute.

Ezkerran, Lander Juaristi Lasa; eskuinean, Andoni Larrañaga Olabarria. Bergarako Txapa irratiko estudioan. GORKA RUBIO / FOKU
Ezkerran, Lander Juaristi Lasa; eskuinean, Andoni Larrañaga Olabarria. Bergarako Txapa irratiko estudioan. GORKA RUBIO / FOKU
unai etxenausia
2025eko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Txapa irratiak, Bergarako (Gipuzkoa) irrati libre eta euskaldunak, berrogei urte bete ditu aurten. Lander Juaristi Lasa (Bergara, 1979) eta Andoni Larrañaga Olabarria (Bergara, 1976) irratiko kideek irratia aurrera eramateko elkarlana nabarmendu dute: autogestionatua da, ez komertziala, eta zabalik dago herriko jendearentzat. Hainbat ekintza antolatu dituzte urteurrena ospatzeko eta irratiaren historiaren parte izan direnen ahotsen balioa aitortzeko.

Berrogei urte ez dira gutxi. Zer sentimendu eragiten dizue mugarri horretara iristeak?

LANDER JUARISTI LASA: Berrogei urte betetzea oso berezia da. Hasieratik, gure helburua herritarrei ahotsa ematea izan da, eta oso hunkigarria da gaur egun ere proiektuak irautea. Urte hauetan irratia aldatu egin da, herria ere bai, baita komunikabideen egoera ere… baina guk iraun egin dugu.

ANDONI LARRAÑAGA OLABARRIA: Nabarmentzekoa da parte hartzeko aukera ematen duela eta autogestionatua dela. Militantzia deitu ahal zaio, edo auzolana.

Hedabide handien artean leku hartzea ez da erraza izango…

LARRAÑAGA: Gizarteak kontsumitzeko modua aldatu du, eta gu ere ez gaude horretatik kanpo. Hala ere, guk FM bidez emititzen dugu oraindik ere.

JUARISTI: Normalean, ez da erraza izaten irrati libreek irautea, baina jendearen erritmoak errespetatzen jakiteak lagundu digu aurrera egiten.

Gaur egun, zenbat kide zarete?

LARRAÑAGA: Zuzeneko zazpi irratsaio dauzkagu. Hainbat profil daude, egitasmoaren eta momentuaren arabera. Zaila da neurtzea, komunitate handia da.

JUARISTI: Txapa irratia ez da soilik irratsaioak egiten dituztenena; zenbait geruza daude, eta komunitate zabala osatzen dugu.

LARRAÑAGA: Duela urte batzuk ia 30 irratsaio genituen. Sekulakoa da marka, baina hori aldatu egiten da, eta ez dugu uste garrantzitsuena denik.

Eta entzuten dizuete?

JUARISTI: Betiko galdera! Ez daukagu neurgailurik, ez dakigu ondo. Baina urte hauetan zenbat pertsona igaro dira irratsaiotik? Ehunka izan dira, oso profil ezberdinetakoak.

LARRAÑAGA: Sorpresak egoten dira. Jendeak esaten digu irratia entzuten duela. Ideia erromantikoa izango da, baina badago honelako pertzepzio bat: «Hemen daude betiko zoro horiek, irratia egiten jarraitzen duten horiek».

Hainbat lekutan egon izan da irratia…

JUARISTI: Hasierako kideak sindikatu batek utzitako lokalean hasi ziren emititzen; gehienak kazetaritza ikasleak ziren. Gero, udalarekin akordioa lortu ondoren, Zabalotegi dorre azpira pasatu ziren. Azken hogei urteotan, kartzela zaharretik emititu dugu.

Txapa Eguna da urteurreneko egunik garrantzitsuena?

LARRAÑAGA: Bai, eta ospatzeko izan dadila! Ez dugu egun hori antolatu irratsaio gehiago lortzeko; dagoen atxikimendua sendotu eta indartu nahi dugu. Hala ere, irratsaio berriak sortzen badira, primeran.

JUARISTI: Helburua da berrogei urte hauek ospatzea, gozamenez eta plazerez. Ea posible den urte hauetan irratitik pasatu den jendea berriz elkartzea.

LARRAÑAGA: Ez diogu alderdi kuantitatiboari garrantzirik ematen, baizik eta kualitatiboari. Egitaraua modu naturalean antolatu dugu, beti egiten dugun bezala, baina aurten urteurrenaren txapela jarri diogu.

Urteurreneko egitaraua. BERRIA
Urteurreneko egitaraua. BERRIA
Nola mantentzen duzue irratia?

JUARISTI: Txosnak, gaztetxea... Hainbat diru iturri izan ditugu urte hauetan guztietan.

LARRAÑAGA: Gorabehera askorekin, baina gure lanari esker egin dugu guztia. Sustorik ez badago, egunerokoak ez du gastu handirik, baina beti behar izaten da zerbait.

Zer da zuentzat mikrofono aurrean jarri eta esatari lanak egitea?

LARRAÑAGA: Sentsazio asko, eta aldatzen joan dira. Lehen, 16 urterekin, jolasteko aukera ematen zigun, nahi genuen musika jartzeko. Gero, konturatu gara ardura bat ere badugula, eta saiatu gara beste komunikabide batzuek lantzen ez dituzten gaiak lantzen.

JUARISTI: Urte askotan, bizitzako fase ezberdinetan bizi izan dugu irratia. Koherentzia mantentzen saiatu gara, hedabide handien eredutik aldenduz eta alternatiba bat eskainiz. Luxu bat da mahai baten bueltan jendearekin aritzea. Asko ikasten da.

Komunikabide libre batek aukera gehiago ematen du?

LARRAÑAGA: Askeagoa da, bai.

Egitarau zabala antolatu duzue aurten…

LARRAÑAGA: Urtero egiten dugu antzeko zerbait. Irratiari balioa emateaz gain, egitarau oparoa prestatu dugu. Bazkaria izango da ekitaldi nagusia, baina denetarik antolatu dugu.

JUARISTI: Egia esanda, beti antolatzen dugu zerbait. Aurten, urteurrenaren txapela jarri diogu, baina betiko filosofiaz, plazerez antolatuz.

Bide berean jarraitzea da zuen asmoa?

JUARISTI: Bizirik jarraitzea eta irratia egiten jarraitzea, garena mantenduz eta aurrera eginez.

LARRAÑAGA: FMa ez galtzea gustatuko litzaiguke.

LOTSABAKO

Beste irrati libre bat?
Urretxuko [Gipuzkoa] KKinzona.

Irratia da...
Aukera asko.

Irratia entzuteko momentu bat?
Guztiak dira onak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.