Asmi Ananda Molina. Euskal LGTBI+ Behatokiko presidentea

«Hemen ablazioak egiten dizkiete haur intersexualei, medikuek aginduta»

Pertsona intersexuala da Molina. Medikuak erabakita, ordea, andre gisa hezi zuten. 16 urterekin, gonadak erauzi zizkioten.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Elkarrizketatuak bota du lehen galdera: «Zer da emakume bat?». Eta erantzun zalantzakorrak bide eman dio bere «borroka» xehatzeko Asmi Ananda Molinari,Euskal LGTBI+ Behatokiko presidenteari (Portugalete, Bizkaia, 1960). «Andrea definitzean, beti da zuria, heteroa eta gaztea, ernaldu daitekeena. Baina gorputzari, hormonei eta desirari dagokienez, ez da berdina haurra, nerabea, gaztea, klimaterioan dagoena edo zaharra. Bitasuna arau zurruna da, baina, oinarrian, ez da zuzena». Molina pertsona intersexuala da: ez da arra, ez emea. Ez da bazterreko kasua. Dioenez, EAEn «10.000 pertsona intersexual daude, gutxienez; eta 30.000 baino gehiago, seguruenik».

Emakume moduan erregistratu zintuzten soldadutza ez egiteko.

Bai. Jaiotzean, egiten duten lehen gauza da hankak banatzea, jakiteko ea mutila edo neska zaren. Nire kasuan, medikuak esan zuen: «Mutila da. Baina soldadutzara joan behar ez izateko, neska dela jarriko dugu». Une horrek bizitza osoa baldintzatu dit, eta oraindik ere egiten du: erregistroan sexua aldatu nahi dut, eta arazo asko izaten ari naiz.

Sexu ez-binariora aldatu nahi duzu?

Estrabinariora. Bitasunetik kanpo dagoen pertsona bat naiz. Ez-binario kontzeptua asko erabiltzen da nire kolektiboan, baina tranpa psikologiko bat dauka: esaten duzunean zerbait ez egiteko, esaten ari zara hori egiteko. Bitasunari indarra ematen dio.

Nola baldintzatu zintuen medikuaren erabakiak?

Hezkuntza osoa baldintzatu zidan. Neska bat izan behar nuen XX. mendeko Euskadin: gona jantzi behar nuen; ezin nintzen jolastu ez baloiarekin, ez zibarekin, ez puxtarriekin, ezta frontoian ere; jolastu behar nuen andrakilekin, hankak gurutzatuta jesarri, eta ezin nuen biraorik bota. Ezin nintzen agresiboa izan, ezin nuen neure burua defendatu, mutilek azpiratu behar ninduten.

Zer gertatu zen pubertaroan?

Nik ez nuen pubertarorik eduki: pubertaroa lotzen baita hilekoarekin, aldaketa hormonalekin... Androgenoekiko sorgortasun partzialarekin jaio nintzen. EHUk genoma osoa aztertu dit, eta jakin dute zergatik dudan itxura hau. Nire kromosomak XY dira, baina inoiz ez naute gizon gisa irakurriko: ez daukat bizarrik, ez intxaurrik; txirula ahotsa daukat, femeninotzat jotzen dena; bularrak ditut... Haurdunaldian, nire gorputza maskulinizatu ordez, feminizatu egin zen. Nire gorputzeko hormona maskulinizatzaile guztiek oso gutxi funtzionatzen dute, errezeptore batzuek ez dituztelako errekonozitzen.

Intersexualitateak aldaera gehiago ditu, ordea.

Sexua gonadala izan liteke: testikuluak eta obarioak daude, baina baita obotestisak ere, zeinek obuluak eta espermatozoideak ekoitzi ditzaketen —nahiz eta ez duten heldutasun nahikorik edukitzen, normalean—. Eta badaude gonadarik ez duten pertsonak. Sexua izan daiteke genotipikoa: ezagutzen ditugu XX eta XY, baina badaude XXX, XXY, X bat baino ez dutenak, lau X dituztenak... Aniztasun handia dago. Eta izan zaitezke XX, obario funtzionalak eduki, baina, adibidez, obario polikistikoak badituzu, ile asko edukiko duzu, haurdun geratzeko arazoak, gantzaren distribuzio berezi bat... Eta sexu zerebrala ere badago...

Baina gorputzak bi kategorietako batean sartu behar du beti, ezta? Presio hori sentitzen duzue intersexualok?

Beti izan da horrela. Joan den hilabetean, bost egunez egon nintzen Parisen, OII Nazioarteko Intersexualen Erakundeko Europako taldearen batzar batean. 130 pertsona intersexual bildu ginen: Europako ia herrialde guztietakoak zeuden, Japoniako bat zegoen, Turkiako bizpahiru, Nigeriakoak... Sinesmenak gorabehera, leku horietan guztietan egiten dizkiete mutilazio genitalak ezaugarri intersexualekin jaiotzen diren haurrei. «Ezin dut esan mutila edo neska den. Zer gertatuko da?». Bada, itxaron beharko da.

Baina ez da itxaroten, ezta?

Ez. Eta, gainera, estigmatizatu egiten da, sindrome baten izena jartzen zaio, eta gaixo bihurtzen da pertsona, maila askotan interbenitu beharrekoa. Beti jotzen dute aukerarik errazenera: pertsona intersexual ia guztiak feminizatzen gaituzte, errazagoa baita bagina egitea zakila baino. Eta, espiritu patriarkalarentzat, zakil batek tamaina jakin bat izan behar du, eta tentetu behar du. Badago bariazio bat intersexualitateetan: hipospadiasa. Uretra, glandean bukatu beharrean, zakilaren erdian bukatzen da, oinarrian, edo pubisean. Lehen, medikuntzarentzat gizona zen txiza zutik egiten zuena. Orain, askok jesarrita egiten dute, prostatarentzat hobea delakoan [barre].

Haurra zinela ebakuntzarik egin zizuten?

Ez. Nire genitalak andrakila batenak baitziren: ez zeuden. Hipospadiasarekin jaio nintzen: mikrozakil bat neukan, eta, horren oinarrian, uretraren zuloa. Txiza egin nezakeen; garrantzitsua da, zeren, bestela, noski esku hartu behar dela, ez hiltzeko. Ez nuen kanpoko testikulurik, ez bulbarik, ez ezpainik, ez baginarik. Pentsatzen dut garai hartan baginoplastiak ez zirela ohikoak.

Gaur egun, kasu horietan esku hartzen da? Baginoplastiak egiten dira sistematikoki?

Bai. Haurrei, gainera. Urte eta erdi edo 2 urteko ume bati bere tamainako bagina bat egiten zaio, txikia. Ez da naturala; beraz, ez da haziko. Hiru edo sei hilabetean behin, dilatatzaileak sartuko dizkiote bagina handitzen joateko. Anestesiarekin egingo dute, baina efektua joaten denean, zer? Eta ebakuntza gelan hamar-hamabost lagun egongo dira, morboagatik. Gauza hutsa bihurtzen zaituzte, aztertzeko zerbait, izateari uzten diozu. Progesterona ematen dizute, feminizatzeko. Europako Batasunak hainbat isun jarri dizkio Espainiako Estatuari haurren genitalak mutilatzen eta hormonatzen uzteagatik. [Espainiako] lege berrian esaten da debekatuta dagoela haurrei genitalak mutilatzea, salbu medikuak beharrezkotzat jotzen badu.

Ez da beti hala izan? Medikuak erabaki izan du beti, ez?

Bai, baina orain legeak justifikatu egiten ditu, eta ukiezinak bilakatu ditu.

Osasunagatik dira ebakuntzok?

Esaten dute haurra bulbarekin hazten bada emakume sentituko dela. Pentsamendua hori da: bulba berdin emakumea, zakila berdin gizona. Pertsona intersexual batzuen klitoriak zentimetro bat baino gehiago du. Esaten dute: «Afrikan ablazioak egiten dituzte. Ikaragarriak dira». Hemen ere egiten dira, medikuak aginduta. Baten batek esango du ez dutela ablaziorik egiten, baizik eta klitoriaren zati bat sartu egiten dutela. Baina klitoriak 10.000 nerbio bukaera inguru ditu. Eta haren gorputz leizetsuak dilatatu egiten dira: ebakiondo bat egiten bada, ez da elastikoa izango; beraz, bariazioak egongo dira.

Ezarrita dago zenbat neurtu behar duen haur baten klitoriak?

Bai. Baita zakilak ere. Hauek dira gutxi gorabeherako neurriak: klitoriak zentimetro bat baino gehiago badu, ebakiko dute; zakilak 1,5 zentimetro baino gutxiago badu, ebakiko dute, eta emakume egingo dute. Eta gonadak ere kentzen dituzte, jakin gabe obarioak, testikuluak edo obotestak diren, minbizia gara dezaketelakoan. Bartzelonako Grapsia intersexualen erakundearen kongresu batean, mediku batek esan zuen intersexualen kasuan %13-15ekoa zela gonaden gaiztotzea. Okurritu zitzaidan galdetzea ea zenbatekoa zen pertsona endosexualengan—intersexualak ez direnak—: %17, erantzun zidan.

Kentzen dituzte, baina badute funtziorik, ezta?

Jakin da jaitsi gabeko gonadek lortu izan dutela espermatozoideak ekoiztea, hormona tratamendu egokiarekin; eta erabili ahal izan direla espermatozoideok bikotekidea ernaltzeko, eta ume biologiko bat edukitzeko.

Zuri 16 urterekin erauzi zizkizuten. Hilabete batez egon ziren ospitalean.

Ikertzeko eraman ninduten Basurtuko ospitalera [Bilbo]: gelan bakarrik jarri ninduten, nirekin gauzak egin ahal izateko; bisitak nituen goizez eta arratsaldez, jende pila batenak... Laparoskopia bat egin zidaten, aitari esan zioten proba bat baino ez zela, ez ebakuntza bat. Orratz lodi bat sartu zidaten sabelaldean, eta gorputza airez bete zidaten; kokotetik behera ezin nintzen mugitu. Kirofanoan sartu ninduten, loarazi ninduten, ez nintzen ezertaz enteratu. Bukatzean, amari esan zioten testikuluak kendu zizkidatela, minbizirik ez edukitzeko. Progesterona hartzen hasteko esan zidaten.

Desirak are gehiago aldrebestu zuen dena?

Mutil laguna nuen, baina neskak erakartzen ninduten sexualki. Banekien arraroa nintzela, baina, gainera, lesbiana izatea... Baina lesbiana nintzen, edo heteroa? Hori duela hamar urte ulertu dut. Oro har, zergatik jartzen dizkidate etiketak? Gonadek testosterona botatzen zuten, eta nire gorputzaren zati batzuek testosterona horrekin funtzionatzen zuten. Nire buruak maskulinora jotzen zuen batzuetan, femeninora besteetan, eta hormonazioaren ondoren aldatu zen hori. Baina amore eman nuen: medikua EHUko katedraduna zen, Basurtuko Ginekologiako burua... 16 urtetik 50era emakume trans bezala funtzionatu dut. Areago, 18 urterekin harengana itzuli nintzen, baginoplastia baterako.

Zergatik?

Garai hartan sexu oro zelako koitozentrista. Eta ez: sexua irudimena da, azala, baginaz harago doa. Baina nik zorro bat jarri nahi nion bikotekidearen sableari. Orain ez nuke egingo; baina beldurragatik, baldintzatuta, men egin nion galbahe zisheteronormatibo koitozentrikoari.

Noiz aldatu zen egoera?

35 urte nituenean. Konturatu nintzen ordura artekoak ez ninduela asebetetzen. 50 urterekin, Gabonetako bazkarian —familia izorratzeko momenturik onena izaten da—, esan nien izen neutro bat jarri nahi nuela. Nire familian ez zen hitz egiten gaiaz. Osaba Vicenterekin ere ez nuen hitz egin inoiz, tabua baitzen.

Osabak ere androgenoekiko sorgortasuna zuen?

Bai. Errioxako [Espainia] herri batean bizi izan zen. Imajinatu zer izango zen 14 urterekin titiak hasi zitzaizkionean. Atzera begira, jabetu naiz ez zuela kuadrillarik, herriko bitxia zelako; ez zuen neska lagunik eduki, ezta mutil lagunik ere... 1953an, nire anaia Jose jaio zen, eta sorgortasuna zuen hark ere; hiru hilabeterekin hil zen. Baina nire familian ez da hitz egiten horretaz, zigorra dela uste baitute.

Zer harreman izan duzu medikuekin?

Baginoplastia porrot hutsa izan zen: bi urtez egon nintzen gaixoaldian, protesi bat erabili behar nuen; ospitaletik egotzi ninduten, inork ez baininduen artatu nahi katedradunarekin arazorik ez edukitzeko. Madrilen artatu ninduten. Nire dokumentazioa galdu zuten Basurtun, eta berriro egin zizkidaten probak. Han, bagina bat egin zidaten azkenik, eta hormona feminizatzaileak hartzeari utzi nion. Ez nintzen itzuli medikuengana. Baina orain itzuli naiz: Gurutzetako Genero Identitatearen unitatean nago, osteoporosia baitut. 50 urterekin esan zidaten berriro hormonak hartzeko, hiru menopausia eduki ditut...

Bitasunak nola eragiten du?

Emakume bezala erregistratuta nagoenez, mamografiak egiten dizkidate bizpahiru urtean behin, bularreko minbizia prebenitzeko. Baina ez dakit prostatarik dudan. Odol analisian, medikuak PSA neurtzeko eskatu zuen [prostatako minbiziaren adierazle bat da], eta ez zuten egin, nahiz eta tematu ginen. Kexa bat bidali nuen Osakidetzara, eta hamabost egun ondoren erantzun zidaten: ohartu zirela akatsaz, neurtu zutela, eta PSA normala zela «emakume batentzat». PSA tarteak al zeuden andreentzat? Harritu ninduen. Bada, eiakulazio femeninoa likido prostatikoa da; emakume zis endosualexek prostataren arrasto bat dute: anarcha glandula gisa izendatzen dituzte feministek, emakume esklaboen omenez. Osakidetzak protokoloa aldatu du, eta orain PSA neurtzen diote eskatzen duen andre orori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.