Heldutasuna eskarmentu

Medikuek argi diote: 40 urtetik gora, guraso izateko aukera murrizten da, eta arriskuak areagotzen. Zailtasunak zailtasun, guraso izatea erabakitzen dute askok: Marian Zubiaurrek, Marijo Zabalak eta Zorion Insaustik, kasurako.

Nagore Etxeberria.
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Asko aldatu dira garaiak eta bizimoduak. Garai batean, 30 urte izaterako, hainbat umeren guraso izatea erabat arrunta zen. Egun, baina, oso ohiko bihurtu da 40 urtetik gora guraso izatea. Mediku guztiek diote arriskuak areagotzen eta gauzak zailtzen direla behin 40 urteko langa pasatuta. Hala ere, eta, arriskuak arrisku, asko eta asko dira guraso izateko ametsa gauzatzen dutenak 40 urtetik gora.

Marian Zubiaurre da haietako bat. 49 urterekin izan zen ama; bere bikoteak 45 urte zituen, «oparia» jaso zutenean: Carla. «Oso berandu» ezagutu zuten elkar, eta guraso izateko nahia gauzatzen hasi zirenerako, 44 urte zituen Zubiaurrek, eta bere bikoteak 40. Hala ere, Zubiaurrek aitortu du «oso-oso argi» zutela umea izan nahi zutela, eta «haurra izateko prestatzen» hasi zirela.

Ginekologoak esan zien haurdun geratzeko «inolako arazorik» ez zutela. Itxaropen izpiak piztu ziren bikotean, baina laster zapuztu ziren, urtebetetik gora igaro arren, ez baitzen haurdun geratzen. Bigarren kontsulta batean arazoaren muina topatu zuten: Zubiarrek mioma pila zituen, eta horrek eragozten zion haurdun geratzea. «Haurdun geratzeko, operatu behar izan nuen. Ebakuntza egitean ez zidaten ziurtatzen umetokia mantendu ahal izango nuenik. Hala ere, arriskua hartzea erabaki nuen. Azkenean, umetokia mantendu nuen», dio Zubiaurrek.

Bi urte itxaron behar izan zuen, zauriak orbaintzeko. «47 urterekin haurdun geratzeko moduan nintzen». Eta geratu zen, eta Carla izan zuen, 49 urterekin. «Arriskutsua izan zitekeela eta haurdun geratzea oso zaila zela jakin arren, argi genuen saiatu nahi genuela. Prozesua luzea eta zaila izango zela bagenekien, baina saiatzea erabaki genuen, eta zortea izan genuen: dena bikain joan zen».

«Bilatutako» haurra izan da Carla, eta «zorte itzela» izan dutela aitortu du haurraren amak.

Alain ere desiraturiko haurra izan zen. Marijo Zabala eta Zorion Insausti dira haurraren gurasoak, eta haiek ere 40 urteko muga gainditu berria zuten haurra mundura etorri zenean. Berandu ezagutu zuten elkar —39 urte zituen Zabalak, eta 40 Insaustik—, eta, halabeharrez, 40 urtetik gora izan ziren guraso. «Adin horretan ez duzu denbora gauzak geldo egiteko. Oso argi genuen haurra izan nahi genuela, oso ongi konektatu genuen, eta haurraren bila joatea erabaki genuen».

Ahal zela, modu naturalean eduki nahi zuten haurra, baina Zabala 41 urte betetzear zela eta haurdun geratzen ez zela ikusita, beste aukera batzuetan pentsatzen jarri ziren: adopzioa, intseminazioa... Baina, orduan, hainbeste desira zutena gertatu zen: haurdun geratu zen Zabala.

Arriskuen jakitun

Adinarengatik hainbat arrisku izan zitzaketela ohartarazi zieten Zubiaurreri zein Zabalari eta Insaustiri, baina, hala ere, aurrera egitea erabaki zuten bi bikoteek.

Zubiaurrek argitu duenez, «printzipioz, adin horretan arrisku gehiago dituzu. Beraz, nuen adinarekin, oso haurdunaldi kontrolatua izan zen nirea. Haurdunaldi batean edozein emakumek izan ditzakeen ondoezak izan nituen —bihotzerreak eta beste—, baina, gainerakoan, ez nuen inolako arazorik izan. Zorte izugarria izan genuen, beraz».

Zabalaren haurdunaldia ere «arriskutsu» gisa izendatu zuten, adinarengatik. Eta, beraz, jarraipen zehatza egin zioten. Baina ez zuen arazorik izan. «Lehen sei hilabeteak oso onak izan ziren. Izugarrizko energia nuen, eta ilusio handia. Azkenean, guretzat mirari bat zen», aitortu du Zabalak. «Azken hilabeteetan dermatitis gogor bat izan zuen. Azkenean, belar batzuekin sendatu zitzaion. Ama ingresatua zuen, eta oso urduri zegoen. Horrek ere izango zuen bere eragina», zehaztu du bere senarrak.

Oro har, haurdunaldi ona izan zuen Zabalak, eta erditzea ere, primerakoa: «Puntu bakarra eman zidaten, eta hurrengo egunerako etxean ginen».

Erditzea zertxobait gehiago konplikatu zitzaion Zubiaurreri: «Hasieran ez zidaten zesarearik egin behar, baina, azken unean, Carlak buelta eman zuen, eta zesaria egin zidaten. Hala ere, dena oso ongi joan zen. Eta, gero, bularra eman ahal izan nion».

Errekuperazioa luze samarra izan zuen Zubiaurrek: «Bi urte lehenago, beste ebakuntza bat egin zidaten leku berean, miomak kentzeko. Errekuperazio, beraz, ohi baino gogorragoa izan zen».

Gainerakoan, ez duela inolako nekerik sumatu aitortu du Zubiaurrek: «50 urte dituzunean ez duzu 30 urterekin duzun energia. Hori ere hala da. Baina nik ere aukera izan dut haurra hezten egoteko soilik; nire denbora guztia hari eskaintzeko, alegia. Gainera, dena oso erraz jarri digu Carlak: oso neska ona da, osasun aldetik ez du arazo handirik izan... Baldintza horiek guztiek asko erraztu dute egoera».

Zabala eta Insausti ere bat datoz esatean testuinguruak asko baldintzatzen duela egoera. «Guretzat gogorra izan da: bost hilabete eta erdirekin hasi nintzen lanean, Astigarragaraino [Gipuzkoa] joaten naiz lanera, bularra eman diot 3 urte izan dituen arte, laguntza gabe, ama gaixorik dut... Agian, ama ongi egongo balitz, laguntza gehiago izango nuen, eta errazagoa izango zen».

Insaustik onartu du fisikoki ez duela igarri neke berezirik, baina «sakrifizio handiagoa» izan dela. Dena den, eurak hala nahi izan dutelako izan da: «Ahalik eta egokiena hezi nahi genuen haurra, eta hari eman diogu lehentasuna». Zabalak gehitu du: «Guretzat gogorragoa izan da, baina haurrarenganako errespetuz etaeta haren erritmoa jarraituz egin dugu dena. Gogorrena da esperientzia berria zela. Horretan, ordea, adinak ez du zerikusirik».

Adinaren abantailak

Bikotearen ustez, adinak beste arlo batzuetan uzten du arrastoa. Insaustiren ustez zerikusi handia dute urteek: «Asko nabari da adina. Urte horiekin, beste heldutasun bat duzu, beste pentsatzeko modu bat. Adinak irakaspen bat eta esperientzia bat ematen dizu, eta, urteekin, badakizu bizitzan zer egin eta zer ez egin».

Eta gaineratu du bere bikoteak: «Adin horrekin beste heldutasun bat duzu, kontzienteagoa zara. Informazio gehiago duzu, eta erabakiak beste modu batera hartzen dituzu. Neure burua hobeto ezagutzen dut, eta, beraz, haurrarekin hobeto moldatzen naiz. Niretzat hori oso garrantzitsua da. Esperientzia hau oso bestelakoa izango zen 30 urterekin».

Eta kontzientzia eta heldutasun horrek haurraren heziketan zuzenean eragiten duela uste dute biek. Zabalak dio: «30 urterekin egingo ez genukeen modu batera hezten ari gara haurra. Argiagoak ditugu ideiak: zer-nolako bizimodua eraman nahi dugun, zer egin nahi dugun... Gauzak kapritxo handiagoarekin egiten ari gara». «Jatekoa ere asko zaintzen dugu», gehitu du Insaustik.

Hirurak beste batzuk baino nagusiago izan dira guraso, baina ez dira damu, heldutasunak eskarmentua eta esperientzia ematen baititu, haurraren onerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.